Zergatik da arriskutsua prezioetan lehiatzea?

Zergatik da arriskutsua prezioetan lehiatzea?

Ekiteko zorian zaude eta ez dakizu zer prezio jarri behar diezun zeure produktu eta zerbitzuei? Hala bada, irakurtzen jarraitzea gomendatzen dizugu. Gaztenpresan badakigu zure negozioarentzat une erabakigarria dela hori: normalean, prezioak jaitsiz gehiago salduko dela pentsatzen da, baina benetako emaitzak oso bestelakoak izan daitezke. Gaur azalduko dizugu zergatik prezioak jaitsiz lehiatzea ez den zure produktuarekin garaitzeko erabakirik onena.

Guregana datozen ekintzaile asko ziur daude lehiakorrak izateko merkatuko preziorik txikienak eskaini behar dituztela. Nahiz eta formula horrek egoera jakin batzuetan ondo funtzionatu, arrisku handiak ere izaten ditu. Prezio merkean oinarritutako estrategiak egoera jakin batzuetan funtzionatzen du, baina estrategia horren arrakasta enpresaren negozio-ereduaren mende dago ia beti. Denok ezagutzen ditugu kostu txikiko –low cost– konpainien edo fabrikazio edo banaketa alorretako taldeen kasuak.  Oro har, enpresa horiek lehiakideengandik erabat bereiztearen aldeko apustua egin dute, eta bereizketa horretan hazteko espazioa aurkitu dute.

Halere, lehen aldiz ekitea erabakitzen duten pertsona askok ez dute konpainia horiek adina baliabiderik. Horregatik, prezioan lehiatzea erabakitzen badute, bi aukera hauetako bat hautatu behar dute: marjinak jaistea, askotan horiek txiki-txikiak izanik ere, edo kalitatea jaistea. Eta horrek alboko eraginak izan ditzake zure negozioarentzat. Lehen aukerak ekonomikoki ito zaitzake; gainera, baliteke zure produktua kalitate txikikotzat hartzea. Bigarren kasuan, kalitatea jaisteak zure negozioaren irudiari kaltea egin liezaioke.

Gauzak horrela, lehiakideekin prezio-gerra bat hastea aztertzen ari bazara, lehenbizi galdetu behar zenioke zeure buruari ea irabazteko aukerarik duzun. Zenbat denbora iraun zenezake marjina txikiekin? Ba al duzu lehiakideek baino ‘finantza-muskulu‘ handiagorik, irabazi-marjina txikiagoekin aurrera egiteko? Ez duzu ahaztu behar beti egongo dela zu baino merkeago saltzeko prest dagoen norbait, eta ezin zaiola prezio-gerra bati betiko eutsi.

 

Kalitatez ekitea

Ordezko aukerak dituzu. Dena ez da prezioan lehiatzea. Gaztenpresan beti esaten diegu ekintzaileei zein garrantzitsua den haien produktu eta zerbitzuak bereiztea. Gure bezeroei arreta ematen diegunean, arretarik handiena jarri ohi dugun gaietako bat da hori. Funtsezkoa da, eta kontuan izan behar dugu hori egiteko, prezioa ez ezik, beste bide asko ere baditugula. Adibidez: kalitate handiko produktua, tratu pertsonalizatua, saldu osteko zerbitzua eta abar eskain ditzakezu. Kalitatearen aldeko apustu egitea onuragarriagoa izan ohi da prezio-gerra batean sartzea baino.

Prezio txikien estrategiak funtzionatzen badu eta salmentak igoarazten baditu ere, beste puntu negatibo batzuk ditu. Hala, baliteke denbora gutxiago izatea zure bezeroentzat, zure lan-karga eta zure enplegatuena handitzea eta langile gehiago kontratatu behar izatea. Halere, horrek ez du esan nahi prezioetan lehiatzea beti hutsegitea denik, baizik eta zure produktuen prezioa finkatzea funtsezko urratsa dela, azterketa zorrotza egin ondoren eman beharrekoa.

Hortaz, gai hori buruan badabilkizu eta zalantzak badituzu, ez kezkatu. Hemen gaude zuri laguntzeko. Gaztenpresan milaka ekintzaileri eman diegu aholku. Telefonoz (900 101 143) edo posta elektroniko bidez (info@gaztenpresa.org) jar zaitezke gurekin harremanetan. Sare sozialetan ere bagaude –Facebook, Twitter eta Linkedin–. Lagunduko dizugu!

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?