Nola kalkulatu zure negozioaren errentagarritasun-atalasea? - Gaztenpresa

Nola kalkulatu zure negozioaren errentagarritasun-atalasea?

Zure negozioa martxan jartzeko orduan, kontuan hartu beharreko hainbat aldagai daude. Zure ideiak antolatu eta negozio-plan bat egin duzu ekiteko baldintzak hobeak izan daitezen. Badakizu zer egin nahi duzun, baita zure jarduera nola garatu ere. Hori guztia oso garrantzitsua da, baina lehen alderdi erabakigarria zure enpresak merkatuan aurrera jarraitzeko behar duen salmenta-zifra jakitea izango da.

Horri errentagarritasun-atalasea lortzea deitzen zaio. Hura kalkulatzeko, zenbait datu jaso behar dituzu. Zure ibilbidea abian jartzeko prest bazaude, etorkizuneko zure enpresak gainditu beharko dituen gastuen aurreikuspena egin behar duzu; eta zure negozioa dagoeneko abian bada, jardueraren ustiapen-kontua ezagutu behar duzu.

Negozio guztien helburua irabaziak lortzea da, noski, baina lehen fase honetan −jarduera abiarazten duzunean−, gastuei aurre egiteko nahikoa saltzea izango da zure lehen erronka, zure oreka-puntura edo errentagarritasun-atalasera iristea, alegia.  Buruan izan behar duzun planteamenduak garbia izan behar du:

            Emaitza (Irabaziak edo Galerak) = (Diru-sarrerak edo salmentak) – Gastuak

            Salmentak < gastuak badira——-Galera

            Salmentak  = gastuak badira——Oreka-egoeran egongo zinateke

             Salmentak > gastuak badira——Irabaziak

 

Errentagarritasun-atalasearen kasuan, oreka horretara iristeko egin behar ditugun salmentak kalkulatu nahi ditugunez, eskema honako hau izango litzateke:

                       Salmentak  =  Gastu Finkoa  + Gastu Aldakorra

Gastu finkoek zure negozioa irekitze hutsagatik ordaindu behar dituzun gastu guztiei egiten diete erreferentzia, baita ezer saltzen ez baduzu ere. Atal honetan sartzen dira, esaterako, lokalaren alokairua, gizarte-segurantzako ordainketak eta soldatak, eta, jakina, argia, telefonoa, aseguruak, aholkularitza-tasak eta abar.

Bestalde, gastu aldakorrak salmentarekin zuzenean lotuta dauden eta zure produktua merkaturatzen duzunean bakarrik sortzen diren gastuak dira, ezer saltzen ez baduzu, ez baituzu horrelako gasturik sortzen. Salmenten ehuneko baten gisa kalkulatzen dira beti, eta saltoki baten kasuan, salmentan jarriko dituzun produktuek zenbat balio duten hartu beharko litzateke kontuan: hura erosi, dendara eraman, eta abar.

Ez nahastu kostuaren eta gastuaren artean, baina hemen, gastua deituko diogu guztiari.

Horrela, gure formula honela geratuko litzateke:

Atalaseko salmentak = (Gastu Finkoa / Marjina Gordinaren %) Marjina Gordina = Salmentak – Gastu aldakorrak

 

Adibide erraz bat

Demagun arropa-denda bat duzula. Jantzi bakoitzak 10 € balio baditu, irabazi nahikoak lortzeko hura prezio altuagoan saldu beharko duzu, noski. Normalean, kostua 2,5ekin biderkatzen da, eta, beraz, 25 euroren truke salduko zenituzke jantziak.

Hurrengo urratsa gastu aldakorra kalkulatzea izango litzateke, eta, arestian esan dugun moduan, hura ehuneko baten arabera kalkulatuko da. Zifra hori lortzeko modurik errazena kostuaren prezioa (kasu honetan, 10 €) salmenta-prezioarekin (25 €) zatitzea da. Eragiketa horren emaitza 0,4 edo % 40 izango litzateke. Horrenbestez, gure produktuaren marjina gordina % 60koa izango litzateke.

Baikorrak garenez, lehenengo urtean 100.000 €-ko salmentak izan dituzula eta gainerako gastu finkoak 29.200 €-koak izan direla pentsatuko dugu; gero, zenbateko horiek ustiapen-kontu batera eraman beharko ditugu. Horrela, eta aurreko guztia kontuan hartuta, honela geratuko litzateke:

  • Orain, honako galdera hau egin behar diozu zure buruari: zenbat saldu behar dut gutxienez?

Atalaseko salmentak = Kostu Totala (29.200) / Marjina Gordina (% 60) = 48.667 €/urtean

 

  • Baina, zenbat saldu behar duzu hilean? Demagun denda 11 hilabetez irekitzen duzula eta beste bat oporretarako gordetzen duzula.

Hileko salmentak = 48.667/11 = 4.424 €/hilean

 

  • Eta zenbat saldu behar duzu egunean? Negozioa astelehenetik ostiralera irekitzen baduzu, kalkulatu hura hilean 22 egunetan egongo dela publikoarentzat irekita.

Eguneko salmentak = 4.424/22 = 201 €/egunean

 

  • Zenbat unitate dira, bakoitza 25 €-tan saltzen badut?

Saldutako unitateak = 8 jantzi

Horrela, zure negozioaren errentagarritasun-atalasea izango duzu. Jantzi bakoitza 25 €-tan merkaturatzen baduzu, 8 unitate saldu beharko dituzu egunean 200 euro lortzeko.

Hori bai, datu hori ezagutu ostean, oso garrantzitsua da zure buruari honako galdera hauek egitea: Zenbat saltzen du lehiak inguru horretan? Erraz sal ditzakezu 8 jantzi egunean? Zenbat bezero behar dituzu? Zenbat denbora beharko duzu hori lortu ahal izateko?

 

Egin zure kalkuluak

Zure datuekin lehen probak egin ahal izateko, eredu xehatu bat duzu hemen dagozkion kalkuluak egiteko. Urdinez dauden laukietan jasotako balioak bakarrik aldatu beharko dituzu aldaketek kostuetan nola eragiten duten ikusteko. Gainera, zerbitzuen negozio bat ireki baduzu, aplikazio hau erabil dezakezu zure lana errentagarria izateko zenbateko diru-sarrera behar duzun kalkulatzeko.

Edonola ere, zalantzaren bat izanez gero, gogoratu Gaztenpresan beti izango duzula aholkulari-talde bat laguntzeko prest. Irabaziak azkar lortzeko gaitasuna produktuaren edo zerbitzuaren araberakoa da, jakina. Zifrek ez dute iruzurrik egiten, baina ez ezazu presarik izan erabakiak hartzeko orduan. Ekitea iraupen-lasterketa bat da, ez esprint bat.

 

 

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?