Zer da eta zertan datza zerbitzuak emateko kontratu bat? - Gaztenpresa

Zer da eta zertan datza zerbitzuak emateko kontratu bat?

Zerbitzu profesionalak ematen dituen autonomoa bazara, zerbitzuak emateko kontratuaz hitz egiten entzungo zenuen. Baina zer da zehazki? Jakin nahi duzu nola funtzionatzen duen? Besteren konturako kontratuen aldean dituen desberdintasunei buruzko zalantzarik duzu? Ez arduratu, Gaztenpresan adituak gara enpresak sortzen laguntzen; besteak beste, negozio-ideia garatzen, finantziazioa lortzen eta negozioa finkatzen lagunduko dizugu. Beraz, zure galderei erantzuteko prest gaude.

 

Oinarrizkoa

Lehenik eta behin, pertsona edo enpresa batek beste batekin edo gehiagorekin akordio bat egiteko erabiltzen den dokumentua da kontratua. Zerbitzuak emateko kontratu baten kasuan, edozein arlotako profesional independente batek konpromisoa hartzen du bezero batentzat zenbait zerbitzu egiteko, ordainsari baten truke. Gainera, konpromiso horren baldintzak ere jasotzen dira.

 

Alde biko akordioa

Zerbitzuak emateko merkataritza-kontratuak oso ohikoak dira. Ohikoa da enpresek eta profesionalek beste profesional batzuk kontratatu behar izatea, eta kontratu horietan, emango diren zerbitzuen baldintzak zehazten dira.

Zerbitzuak emateko edo alokatzeko kontratua alde biko akordioa da. Guk, profesionalok, zerbitzu bat emateko betebeharra hartzen dugu, hornitzaile gisa, aldez aurretik adostutako baldintza batzuen arabera. Gure bezeroak, bere aldetik, adostutako diru-kopurua adostutako epean ordaintzeko konpromisoa hartzen du.

Gomendagarria da kontratu bat sinatzea; batik bat, proiektuak iraupen luze samarra badu, edo lankidetza jarraitua bada. Adibidez, ikasturte akademiko batean master batean klase batzuk ematen dituen irakasle baten kasuan, komeni da zerbitzuak emateko kontratu bat sinatzea erakundearekin, lankidetza hori arautzeko.

 

Ezaugarriak

  • Kontratuak bi aldeek itundutako helburu jakin bat lortzeko egingo den jarduera arautzen du.
  • Ematen den zerbitzua ez da ondasun ukigai bat.
  • Akordioan, kontratua sinatzen duten bezeroak eta profesionalak edo enpresak zenbait betebehar eta eskubide hartzen dituzte, erantzunkidetasunaren premisaren pean.
  • Dokumentua baliagarria izango da, baldin eta bi aldeak baldintza guztiekin ados badaude eta kontratua hala sinatzen badute.
  • Zerbitzuen truke, ordain ekonomiko bat jasoko da: dokumentuan jasotzen diren zerbitzuak ordainduak izango dira.

 

Zer elementu izan behar ditu?

Zerbitzuak emateko kontratu batek aurreko baldintzak jaso behar ditu, baita elementu hauek ere:

  • Aldeen identifikazioa: aldeen datuak, zertan jarduten duten eta enpresa ordezkatuz akordio sinatzen duen pertsonaren edo pertsonen datuak.
  • Zerbitzuaren deskribapena: zein den, zertan den eta zer helburu duen.
  • Iraupena: hasiera-data eta, izango balu, amaiera-data. Zerbitzu bat mugagabean eman behar bada, komeni da kontratua iraungitzeko kausak eta epeak adieraztea.
  • Ordaina: gomendatzen da zerbitzuaren truke ordainduko den zenbatekoa, ordainketa-baldintzak, zenbateko horretan zergak sartuta dauden eta abar zehaztea. Gaizki-ulerturik egon ez dadin, zerbitzuak iraupen jakin bat badu nahiz iraupen mugagabea badu, komenigarria da ordainketa-epeak adostea.
  • Baldintzak: gatazkarik ez sortzeko, komeni da bi aldeek kasu jakin batzuetan eta ustezko zenbait kasutan (esate baterako, entregak atzeratzen badira) zer betebehar dituzten idatziz jasotzea.
  • Ez betetzea: kontratuan ezarritako baldintzak ez betetzeak zer ondorio dituen adostu behar da.
  • Sinadurak: oso garrantzitsua, dokumentuak ez baditu beharrezko sinadurak ez baita baliagarria.

 

Desberdintasunak lan-kontratuarekin

Zerbitzuak emateko kontratu bat lan jakin baterako adosten da, eta, profesional independenteak garen aldetik, guk erabakitzen dugu kontratuan adierazitako lan hori nola egingo dugun (zer ordutegitan egingo dugun, zer baliabide erabiliko ditugun, entrega-epeak zein izango diren, kontratuan adostutakoaren arabera). Lan-kontratu batean, berriz, pertsona edo enpresa enplegatzaileak ezartzen ditu lana egiteko arauak eta, beraz, enpresaren behar eta komenientzien arabera aginduak emateko ahalmena du.

Gainera, zerbitzuak emateko kontratuan, Gizarte Segurantzan afiliatzea profesional independentearen ardura da. Lan-kontratuen kasuan, enplegu-emaileak egin behar du. Lan-kontratua amaitzean, lan-harremanak gizarte-prestazioak jasotzeko eskubidea ematen dio kontratatutako profesionalari. Zerbitzuak emateko kontratuen kasuan, ordea, profesionalak ez du eskubide hori.

 

Legedia

Zerbitzuak alokatzeko kontratuak ez du lan-harremanik ezartzen zerbitzu-emailearen eta bezeroaren artean; legedia zibilaren arabera arautzen da, eta ez lan-legediaren arabera. 1889an onartutako Kode Zibilaren 1252.-1314. artikuluek arautzen dute zerbitzu-kontratua, baina ez dute aintzat hartzen gaur egun lan-merkatuak zer garapen duen eta sistema ekonomiko eta soziala tertziarizatu egin dela.

 

 

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?