Neuromarketina edo nola saldu zerbait zure bezeroen garunari - Gaztenpresa

Neuromarketina edo nola saldu zerbait zure bezeroen garunari

Ekintzaileak garen heinean, gure publiko potentzialarengana nola iritsi edo hari zerbitzu hobea nola eskaini da gure kezka nagusia. Hori da, hain zuzen, sortzen laguntzen diegun enpresekin jorratzen dugun gaietako bat, beren negozioa finkatzen laguntzen diegunean. Tradizioz, gure senaren arabera gidatu edo inkesten emaitzez fidatu behar izaten genuen, horien erantzunak % 100 seguruak ez izan arren (inkestei jarraiki, telebistan dokumentalak izango lirateke eskaerarik handiena duten programak).  Gaur egun, gure adimenak kontsumitzeko orduan erabakiak benetan nola hartzen dituen aztertzeko aukera eskaintzen duen teknika bat dago: neuromarketina.

 

Subkontzientea aztertzea

Ustez, gure subkontzienteak erosketa-erabaki guztien % 80 eta 85 artean eragiten du, eta 3 segundo baino gutxiago behar izaten ditugu mota horretako erabakiak hartzeko. Marketin-enpresek ondo baino hobeto dakite hori eta, horregatik, buru-belarri aztertzen dute zer eta zergatik pentsatzen dugun pentsatzen duguna. Zientziak merkatuen ikerketarekin batera egin du aurrera eta, horren eraginez, diziplina berri bat sortu da erabiltzaile batek zerbait erosten duen momentuaren atzean zer dagoen jakiteko. Hori da, hain zuzen, neuromarketina.

Ale Smidts Nobel saridunak izendatu zuen horrela, 2002. urtean. Neuromarketinaren bitartez, adimena aztertzen duten zientzien (neurozientziak) ikerketa-teknikak aplikatzen zaizkio marketinari edo ohiko merkatutekniari. Kontsumitzailearen premietan eta haren sentimenduetan oinarritzen da, eta ez salmentan. Beste modu batera esanda, publizitateak garunean eragiten dituen ondorioak aztertzea eta, horrenbestez, gure premiak ezagutzea du helburu. Formula ezin hobea da produktu bat garatzeko, marka baten irudia aztertzeko, pertsonaia bat marka horretarako egokia den ala ez jakiteko, pelikulen aurrerakinak egin eta horiek nola funtzionatuko duten ikusteko, eta azterketa politikoak egiteko.

 

Gure garuna aztertzen duen publizitatea

Imajinatu merkaturatu nahi dugun produktu berri batean telebista-iragarki batek izango duen efektua jakin nahi dugula eta hura igorri aurretik bi pertsona kontratatzen ditugula beren inpresioak ezagutzeko. Neuromarketinak erabilitako neurozientziei esker, pertsona horien erantzunak “irakurri” ditzakegu, zuzenean, horien jarduera zerebralaren bitartez. Horrela, iragarkiari eskaintzen dioten arreta-maila ezagutuko dugu, planoz plano (eta errefusa edo atsekabea eragin dien plano jakin bat kendu dezakegu). Horrez gain, horien begirada uneoro nora bideratzen den jakin dezakegu, baita merkaturatu nahi dugun produktua pantailan ageri den momentuan zein emozio sentitzen duten ere.

Iraultza baten aurrean gaude, eta hark duela gutxira arte imajinatu ere egingo ez genukeen edo zientzia-fikzioko pelikuletan bakarrik ikusiko genukeen mugetara eraman du marketinaren mundua. Halere, eta gero eta gehiago erabili arren, hark ere baditu arazoak, gogoeta etikoekin lotutako arazoak, batik bat. Gainera, oso garestiak dira, kontsumitzailearen edo bezeroaren subkontzientera iristeko honako teknika neurozientifiko hauek erabili behar baitira, besteak beste: entzefalografia (EEG), Erresonantzia Magnetiko Funtzionala (fMRI), Magnetoentzefalografia (MEG) eta Positroi Igorpenezko Tomografia. Badira neurozientifikoak ez diren eta xede berarekin erabiltzen diren beste formula batzuk ere: Jarraipen Okularra (Eye Tracking), Larruazalaren Erantzun Galbanikoa, Bihotz Erritmoa edo Elektromiografia (EMG).

 

Zer ikas dezakegu neuromarketinaren ekintzaile gisa?

Bada neuromarketinaren inguruan inolako eztabaidarik sortzen ez duen zerbait: gizakiak ez du arrazoian oinarrituz jarduten, emozioak eraginda baizik. Eta ez da publizista batek adierazitako esaldi sinple bat, garuneko erreakzioen inguruko azterketa zientifikoek ere hala bermatzen baitute. Arrazoiarekin lotutako bulkaden ordez —“benetan behar al dut produktu hori? Erosi al dezaket?”—, gure etorkizuneko erosle edo bezeroek emozioetan oinarrituz jardungo dute —“niretzako nahi dut”—.

Horrenbestez, emozioetan oinarritutako estrategia bat oso prezio ekonomikoan oinarritutako beste bat baino eraginkorragoa izan daiteke. Gure ustezko bezeroen subkontziente horretan eragiten saiatu behar dugu, hala, kontsumitzailearen adimenak gure marka-esperientzia emozio positiboekin lotu dezan. Neuromarketinak are gehiago sakondu nahi du ahalegin mental positibo horretan, gure lotura emozionalak handitzeko, hain zuzen. Hainbat azterketa egin ostean, emaitza objektiboak zera dio, marka jakin batekin lotura emozionalen bat sentitzen duten pertsonek gehiago kontsumitzen dutela.

Gaztenpresan izugarri gustatuko litzaiguke esperientzia positibo hori sortzen laguntzea eta zure enpresaren sortze-prozesu osoan zehar laguntzea.

 

Negozio-ideia bat baduzu, Gaztenpresan orientazioa eskain diezazukegu. Deitu doako 900 101 143 telefono-zenbakira edo idatzi info@gaztenpresa.org helbidera.

 

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?