Ideia ona edo negozio ona? - Gaztenpresa

Ideia ona edo negozio ona?

Nola jakin negozio-ideia on baten aurrean gauden

1995ean, Nintendok Virtual Boy merkaturatu zuen, 3D errealitate birtualeko kontsola. Bideo-jokoen merkatua goitik behera aldatzeko baldintza guztiak betetzen zituen, baina, Japonian merkaturatu zutenean, huts egin zuten salmenta guztiek, eta konpainiak uko egin zion Europan merkaturatzeari. Ia 25 urte geroago, enpresa teknologiko handi batzuek, hala nola Googlek eta Sonyk, sekulako arrakasta izan dute beren EB betaurrekoekin, oso garestiak izan arren, eta teknologia hori erreferentzia bihurtu da bideo-jokoen merkatuan.

Zer gertatu zen Virtual Boy kontsolak bere ideia eraldatzailearekin arrakastarik ez izateko? Makinaren efektua oso ona zen, grafikoak ere egokiak ziren garai hartarako, eta kontsolak enpresa handi baten babesa zuen… Baina, berehala, zenbait arazo sortu ziren:

  • Batetik, marketin-arlokoak: betaurrekoak izanik, oso zaila zen horien jolasgarritasuna erakustea.
  • Gainera, oso joko gutxirekin merkaturatu zuten kontsola.
  • Eta, berehala, buruko mina sortzen zuelako zurrumurrua zabaldu zen.

Arrazoi horien eta beste batzuen eraginez, ideia on bat negozio onaren sinonimo ez dela erakusten duen adibide grafikoenetako bat da Virtual Boy kontsola.

Hori Nintendori gertatu bazitzaion, zer gerta dakioke ideia on bat duen pertsona ekintzaile bati? Porrotaren arriskua murrizteko, behar-beharrezkoak dira errealismo-dosi handiak eta gogor lan egitea; negozio-ideiaren azterketa objektibo bat egin behar da, honako urrats hauek oinarritzat hartuta:

Ideia on bat baino ez da edo dirua eman diezaguke?

Lehenik eta behin, zure ideia deskribatu behar duzu, ahalik eta zehaztasun handienarekin, ideia horren atzean negozio bat dagoen ala ez jakiteko.

  • Nola? Norbait produktu edo zerbitzu horrengatik ordaintzeko prest egongo litzatekeen edo, are garrantzitsuagoa, zenbat ordaintzeko prest egongo litzatekeen aztertu behar da. Monetizazioaz ari gara: ez da nahikoa erabiltzaileak izatea; horien ekintzak diru bihurtzen direla ziurtatu behar duzu. Gogora dezagun Arii “influencer”-aren kasua. Instagramen 2,6 milioi erabiltzaile zituen neska horrek pentsatu zuen bere arropa-diseinuarekin arrakasta izango zuela. Baina, salgai jarri zituenean… 36 kamiseta bakarrik saldu zituen.
  • Ezagutu ondo zure mugak eta prestatu abian jartzeko arrazoizko aurreikuspen batzuk. Egin deabruaren abokatuarena eta egin galdera hau zeure buruari: Zer atera daiteke gaizki? Zintzoa bazara, ez duzu sorpresa desatseginik izango.

Deskribatu proiektuaren helburuak eta horien garrantzia.

Oso ondo jakin behar duzu zer nahi duzun: ez duzu arrakastarik izango xehatzeko gai ez zaren zerbaitekin. Esaterako, jarri konfiantzazko pertsona baten aurrean eta azaldu iezaiozu zer egin nahi duzun:

  • Hasi produktutik edo zerbitzutik, eta jarraitu bezero potentzialekin, mugituko zaren merkatuarekin, zure balio-proposamenarekin eta estali nahi dituzun premiekin.

Izan kontuan negozio-ideia orok ezaugarri bat izan behar duela gutxienez: Produktu berri bat edo zerbitzu berritzaile bat eskaini behar dio merkatuari, edo erabilera-ezaugarri berriak eta baldintza hobeak dituen zerbait proposatu behar dio. Bi baldintza horietako bat betetzen ez badu, haren errentagarritasuna zalantzazkoa izango da.

Aztertu sektorea eta merkatua

Egin zure sektorearen AMIA azterketa (Ahuleziak, Mehatxuak, Indarrak eta Aukerak) indarguneak eta ahultasunak identifikatzeko, eta saiatu lehenengoak ahalik eta gehien ustiatzen eta bigarrenak zure enpresaren sendotasun bihurtzen.

Horren ondoren, pentsatu epe luzera: aztertu nola jokatu duen zure merkatuak iraganean, etorkizunean nola egingo duen jakiten saiatzeko. Horrela, merkatu aldakorra den, etorkizunik baduen edo multinazional handien bazka izango den jakingo duzu.

Aztertu zure produktua, lehia eta aurkitu haren abantailak

Zure produktua edo zerbitzua ahalik eta gehien zehazteko eta erabiltzaileek zergatik erosiko duten finkatzeko unea da. Horretarako, zure lehia aztertu behar duzu. Aukeratu zure sektoreko bi enpresa eta pentsatu horien bezeroek dituzten erosteko irizpide nagusiak.

Zure lehiatzeko abantailak ikusi behar dituzu, antzekoak izanez gero, gainerakoengandik bereiziko den produktu edo zerbitzu bat zehazteko eta haren sendotasunak ahalik eta gehien ustiatzeko.

Egin proba bat

Abian jartzeko unea iritsi da, baina, horren aurretik, merkatu-proba bat egitea komeni da, eskala txikiko ebaluazio bat, inbertsio handiak egin aurretik, ideiarekin asmatu duzun ala ez jakiteko. Erantzuna positiboa bada, prestatu proposamen komertzial on bat eta jar zaitez horretan lanean.

Gogoratu, Gaztenpresa Fundazioan, aholkularitza bilatu eta zure negozioa martxan jartzeko laguntza eskura dezakezula, ideia bera sortzetik finantzaketa bilatzeraino.

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Harpidetu blogean

Idatzi zure helbide elektronikoa, sarrera berrien jakinarazpenak jasotzeko.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?