Tamara Pinto: «lanpostu finkoa utzi nuen neure ametsa gauzatzeko: Mundo Idiomas» - Gaztenpresa

Tamara Pinto: «lanpostu finkoa utzi nuen neure ametsa gauzatzeko: Mundo Idiomas»

Duela ia lau urte, Tamara Pintok (Sosas de Laciana, Leon, 1987) erabaki garrantzitsu bat hartu zuen: lanpostu finkoaren segurtasuna utzi eta ekintzailetzaren abenturan abiatzea. Itzulpengintzako eta Interpretazioko lizentziaduna Soriako Fakultatean, Tamara alemanean espezializatu zen Alemanian bertan egindako Erasmus beka batean, baina azkenean maitasunak Bilbora ekarri zuen. Denbora batez enpresa batean jardun ondoren, hizkuntzekiko grina aprobetxatu eta Mundo Idiomas sortu zuen beste bazkide batekin batera, Erandion hizkuntza-zerbitzu integralak eskaintzeko. Gaur egun enpresaren jabe bakarra da eta hizkuntzekiko grina jorratzen eta bere «ametsean» lanean jarraitzen du.

Gaztenpresa Bloga. Zerk bultzatu zintuen Mundo Idiomas sortzera, negozio-ikuspegiak ala hizkuntzekiko grinak?

Tamara Pinto. Txiki-txikia nintzenetik dut hizkuntzekiko grina. Gogoan dut eskolako kideek esaten zutenean sendagile edo irakasle izan nahi zutela, nik beti esaten nuela interpretea izan nahi nuela. Eta beti esaten zidaten ea ospetsu egingo ote nintzen… Azkenean nekatu eta zeri buruz ari nintzen azaltzeari utzi nion, eta irribarre egitera mugatuJ. Nire bizitza profesionalean aurrera egiteko premiak bultzatu ninduen Mundo Idiomas  sortzera. Denboratxoa neraman hizkuntzen alorrean lanean eta banuen esperientzia nahikoa bilduta. Eta unea iritsi zen. Gauza asko egiteko gogoa nuen baina horretarako aukerarik ez, eta ibilbide profesionalean aurrera egiteko premia sentitzen nuen. Gainera, erronkak behar izaten ditut; ezin naiz lasai eserita egon. Uste dut irabazteko garrantzitsua dela arriskuak hartzea; horregatik, lanpostu finkoa utzi nuen, nire ametsari esker «irabazteko»; Mundo Idiomasi esker irabazteko.

G.B. Zein dira gehien eskatzen dizkizueten hizkuntzak? Zergatik eskatzen dizkizuete?

T.P. Ingelesa eskatzen digute gehien. Krisiaren eta zailtasun ekonomikoen ondoren, gurasoak jabetu dira etorkizunari begira oso garrantzitsua dela seme-alabek ingelesa jakitea. Horren kontzientzia hartzen hasita daude. Gainera, gaur egun askoz ere informazio eta metodo gehiago daude, eta ikus dezakegu umeek ezin hobeto pasatzen dutela ingelesa ikasten duten bitartean. Nerabeekin eta helduekin antzeko zerbait gertatzen zaigu. Batzuk beste leku batzuetatik haserre heltzen zaizkigu, oso oinarri ahula dutelako eta konturatzen direlako etorkizunerako oso garrantzitsua dela eta badirela ikasteko modu praktikoagoak eta atseginagoak. Alabaina, beste hizkuntza batzuk ere ematen ditugu: frantsesa, alemana… eta koreera ere bai! J. Hizkuntza horiek eskatzen dituztenek ingeleseko maila ona dute eta euren ibilbide profesionalerako positibotzat ikusten dute atzerriko beste hizkuntza bat ezagutzea. Alabaina, norbaitek suediera ikasi nahi badu, irakaslea aurkitu eta ikastaroa antolatzeko behar den guztia egingo dugu.

G.B. Ikuspegi profesionaletik, zein dira etorkizun oparoena duten hizkuntzak?

T.P. Argi dago ingelesa dela txapelduna. Prestakuntzak gero eta garrantzi handiagoa duen garai honetan, oso garrantzitsua da beste hizkuntzetan lasai aritzea, eta ingelesa oinarrizkoa da. Espainian, ordea, hizkuntzen alorrean atzetik gabiltza. Gurasoak ingelesa jakitearen garrantziaz jabetu badira ere, oraindik ez diote garrantzi nahikoa aitortzen atzerriko bigarren hizkuntza (adibidez alemana) ikasteari. Ikuspegi profesionaletik oso garrantzitsua da, ordea, Alemania Europako potentzia eta ingeniaritzaren sehaska delako. Nire ikasleei beti gomendatzen diet bigarren hizkuntza hori. Nabarmendu nahi badute, alemana hitz egin behar dute. Izan ere, duela 10 urte hizkuntza-alorrean lehen lan egonkorra aurkitu nuenean, arrazoi nagusia ez zen nire kalifikazio akademikoa izan, alemana hitz egitea baizik.

G.B. Zerk bereizten du Mundo Idiomas gainerakoetatik?

T.P. Hizkuntza-zerbitzu integralak eskaintzen dituen enpresa gara. Horrek esan nahi du hizkuntzei lotutako esparru osoa hartzen dugula: hizkuntza guztien irakaskuntza, maila guztietan, gure egoitzan nahiz ikastetxeetan. Hala, eskolaz kanpoko ikastaroak antolatzeaz gain, enpresetan eta instituzioetan ere ematen ditugu eskolak. Tailerrak, ludotekak eta udalekuak antolatzen ditugu ikasturtetik kanpo, ingelesez nahiz euskaraz; atzerriko egonaldiak antolatzen ditugu; itzulpen- eta interpretazio-zerbitzuak, soilak nahiz zinpekoak, eskaintzen ditugu partikular eta enpresentzat; zuzenketa-lana egiten dugu; audioak transkribatzen ditugu hainbat hizkuntzatan; maketazioa egiten dugu… Ingeleseko liburutegi-zerbitzua eskaintzen dugu doan, 50 liburu baino gehiago eskuragarri, eta gure ikasleentzako eskulan-tailerrak ere antolatzen ditugu, doan, hilean bi aldiz. Hizkuntzen mundua gara eta hortik dator, hain zuzen, gure izena.

G.B. Itzulpenaren eta interpretazioaren esparruan, zein dira gehien eskatzen diren hizkuntzak? Zein sektoretan?

T.P. Sektore honek badu abantaila handi bat: teknologia berriei esker, edozein bezerori eskain diezaiokezu zerbitzua, munduko edozein lekutan. Txarrena, herrialde batzuetan eskaintzen dituzten tarifa lotsagarriak… Mundo Idiomasen kalitatea eskaintzen dugu lan-harremanaren bi norabideetan: bezeroaren gogobetetasuna euren proiektuak itzultzean eta interpretatzean; eta itzultzaileen gogobetetasuna lan-baldintzetan. Gaztelaniarekin batera, ingelesa, frantsesa, alemana, italiera, portugesa eta holandesa dira gehien eskatzen dizkiguten hizkuntzak. Eta, sektoreei dagokienez, makina-erremintaren sektorea eta industria handia dira gehien eskatzen dituztenak. Itzultzaile profesionalaren (pertsonaren!) zerbitzuak ezin dira alderatu itzultzaile automatiko batek eman ditzakeenekin, ezta NASAk garatu dituenekin ere (eta, agerikoa denez, azken horiek ez daude edonoren esku). Atzerrian lan egiten duten enpresa handiek badakite zer garrantzitsua den dokumentazioa ondo itzulita egotea. Horregatik, ondo barneratuta dute aurrekontuaren zati bat gorde behar dutela zerbitzu horretarako.

G.B. Zaila da edozein hizkuntzatarako interpreteak eta itzultzaileak aurkitzea? Adibidez: finlandierako interprete bat behar badut bideokonferentzia bidezko enpresa-negoziazioa egiteko, zenbat denbora behar izango duzue halakorik aurkitzeko?

T.P. Bai eta ez. Nola begiratzen duzun, erantzuna desberdina izango da. Bi hizkuntzak dakizkien norbait bilatzen baduzu, «estualdia pasatzen» laguntzeko soilik, hori erraza da. Besterik da zuk nahi duzun emaitza lortuko ote duzun. Mundo Idiomasen, ordea, itzultzaile tituludunekin eta trebatuekin baino ez dugu lan egiten. Itzultzaile freelanceen taldea dugu hizkuntzarik ohikoenetarako. Alabaina, zuk nahi duzun egoerarako finlandierako itzultzailea nahi baduzu, egun batean baino lehenago aurkituko dizugu, akaso ordu gutxitan. Eta beti Mundo Idiomasek bere laguntzaileei eskatzen dizkien kalitate-estandarrak beteta. Teknologia berriei esker, munduko edozein lekutan aurki dezakegu interpretea; gero Skype bidez konektatuko da lana egiteko. Bezeroak jarriko du «baina» hitzaren alderdia: jarduera horrek kostua dakarkio bezeroari eta, batzuetan, ez du ordaindu nahi izaten. Izan ere, tratu txarra jasan ohi du gure lanbideak. Jende askok uste du hizkuntza batean hitz egitea nahikoa dela itzultzailea edo interpretea izateko, baina ez da egia. Utziko ote zenioke norbaiti zuri ebakuntza egiten, txiki-txikitatik giza anatomia ezagutu arren inolako prestakuntzarik eta esperientziarik izango ez balu? Bada, gauza bera itzulpengintzan. Mundo Idiomasen prest gaude kalitateko zerbitzua eskaintzeko, benetan ezarri behar den prezioan.

G.B. Enpresentzako itzulpen-zerbitzuari dagokionez, nola egon daitezke ziur enpresak ez dela elkarrizketen konfidentzialtasuna urratuko?

T.P. Hori berezkoa da gure lanean, itzultzailearen deontologia-kodearen atal bat da. Horrexegatik da horren garrantzitsua profesionalengana jotzea. Halere, batzuetan bezeroak konfidentzialtasun-hitzarmena sinatzea eskatzen du, eta horrelaxe egiten dugu. Nahiko ohikoa izaten da.

G.B. Teknologia berrietan oinarritzen zarete ala ez dago betiko irakaskuntza baino gauza hoberik?

T.P. Teknologi berriak protagonista diren irakaskuntzaren aldeko apustua egiten dugu. Gure ikasgela guztietan daude telebistak, Apple TVak eta tabletak. Gainera, ikasgeletako batean ukimen-display interaktiboa dugu, gure ikasle guztiek gustu-gustuko dutena. Eta baliabide horiekin batera erabiltzen ditugu beste baliabide tradizionalagoak ere, hala nola liburuak eta koadernoak. Halere, garrantzitsuena ikasleekiko uztarketa da, ikus dezatela hor zaudela, eskura zaudela, edozein laguntza eska diezazuketela, nahiz eta une honetan ematen ari denarekin loturarik izan ez. Harreman hori sortzen dugu Mundo Idiomasen, eta ondo dabilkigu. Talde batzuek nahiago dute zutunik ipini eta jauzi egitea, dantza egitea… beste talde batzuek, ordea, nahiago dituzte liburuko ariketak. Geu moldatzen gara ikasleen beharrizanetara, ikasteko prozesua atseginagoa, dinamikoagoa eta praktikoagoa izan dadin.

G.B. Zer laguntza jaso duzu Gaztenpresaren aldetik? Zure negozioa sortzeko prozesu osoan babesa izan duzula sentitu duzu?

T.P. Mundo Idiomas sortzeko lehen «arazoa» dirua izan zen, alde batetik ez nuelako inor abal-emailetzat lotu nahi aurrera egingo ote zuen ez nekien amets bat gauzatzeko, eta beste alde batetik kreditu pertsonalen baldintzak etsigarriak zirelako. Ez dakit nola iritsi nintzen Gaztenpresara, baina bete-betean asmatu nuen. Abalik gabeko finantzaketa eskaini zidaten, baldintza errealista eta eramangarriekin. Hortik aurrerako prozesua bizkorra izan zen: proiektuaren bideragarritasuna ikusi eta argi berdea eman zidaten. Horrexegatik uste dut, zinez, Gaztenpresak zerikusi handia izan duela Mundo Idiomas ametsa izatetik hezurmamitzeko prozesuan. Eskerrak eman nahi dizkiet.

G.B. Beste inori aholkatuko zenioke Gaztenpresa Fundaziora jotzeko bere proiektua abian jartzeko?

T.P. Jakina. Are gehiago, beti ondo hitz egin dut Gaztenpresari buruz eta buruan proiektua zuten pertsona guztiei gomendatu diet.

G.B. Baduzu aholkuren bat zuk bezala ekintzailetzaren munduan sartu nahi duten pertsonentzat?

T.P. Esango nieke ez etsitzeko, ez baita prozesu erraza eta oso garrantzitsua baita zailtasunei aurre egiteko prestutasuna izatea. Zoritxarrez, administrazioek eta paper-kontuek dena zaildu eta nahasten dute: lizentziak, baimenak, araudiak, zergak… Baina benetan gogoa, indarra eta ilusioa badute, «ez utzi malkoei izarrak ikustea galarazten».

G.B. Zorte on eta eskerrik asko!

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?