‘Ekiten’ ekintzailetza-programako enpresa-proiekturik onenen sariak banatu ditu Mondragon Unibertsitateak Ekiten’ - Gaztenpresa

‘Ekiten’ ekintzailetza-programako enpresa-proiekturik onenen sariak banatu ditu Mondragon Unibertsitateak Ekiten’

  • Lehiaketak lau kategoria ditu Mondragon Unibertsitateko ikasleentzat: Enpresa Ideia berriak, Landa Ingurunearen Garapena, Pertsonen eguneroko bizitza errazteko proiektuak eta Mondragon unibertsitate-sareko Mexikoko eta Kolonbiako unibertsitateetako proiektuentzako kategoria
  • Guztira 35 proiektu aurkeztu dituzte, horietatik 10 Latinoamerikako unibertsitateetakoak
  • Kategoria bakoitzeko lehen saridunak 1.000 euro jaso ditu, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek 500na euro

Arrasate, 2017ko ekainaren 23a. Ekiten ekintzailetza-programako enpresa-proiekturik onenen sariak banatu ditu gaur Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak, Gaztenpresako arduradun Jon Emaldi, Landaola (Gipuzkoako Landa Garapeneko Elkarteen Federazioa) erakundeko Agurtzane Díaz eta Agurtzane Etxaniz, eta Kimu Berriko Mikel Orobengoa lagun zituela. Lehiaketak ikasleengan ekintzailetzaren kultura txertatzea du helburu, baita ikasleei euren enpresak sortu eta negozio berriak abian jar ditzaketela sinestaraztea ere. Edizio honetan lau kategoria izan dira, eta guztira 35 proiektuk hartu dute parte.

Kategoria hauetako lanak saritu dituzte: Enpresa Ideia Berriak, Gaztenpresak babestua; Landa Ingurunea Garatzeko Ideiak eta Proiektuak, Landaolak (Gipuzkoako Landa Garapeneko Elkarteen Federazioak) babestua; eta Pertsonen Eguneroko Bizitza errazteko Ideia eta Zerbitzu Berritzaileak, Kimu Berrik babestua. Hiru kategoria horiek Mondragon Unibertsitateko ikasleentzat dira. Horrez gain, duela lau urte beste kategoria bat sortu zen, Latinoamerikako proiektuena hain zuzen, Mondragon unibertsitate-sareak Latinoamerikan dituen unibertsitateetako —UCO-Mondragon (Mexiko) eta Unipanamericana (Kolonbia) unibertsitateetako— ikasleei zuzendua.

Kategoria bakoitzeko talde irabazleak 1.000 euro eskuratu ditu, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 500na euro. Programako epaimahaiak proiektu bideragarrienak eta enplegu eta aberastasun gehien sortzeko gaitasuna dutenak aintzat hartu ditu irabazleak aukeratzean.

Aurtengo lehiaketara 35 proiektu aurkeztu dituzte, eta horietatik 10 proiektu Latinoamerikako unibertsitateetan landu dituzte. Enpresa Ideia Berrien kategorian 17 proiektuk hartu dute parte; Landa Garapenekoan 5 lan aurkeztu dituzte; eguneroko bizitza errazteko Produktuei eta Zerbitzuei buruzkoan 9; eta Mondragon unibertsitate-sarearen kategorian 10 proiektu lehiatu dira. Guztira 35 proiektu izan dira, batzuk kategoria batera baino gehiagotara aurkeztu baitituzte.

Kategoria bakoitzeko onenak

Geosafe izeneko proiektuak jaso du lehen saria Enpresa Ideia Berrien kategorian, eta beraz, 1.000 euro eskuratuko ditu. Azpiegitura zibilen egitura-osasuna monitorizatzea helburu duten produktuen sorta da. Proiektua landu duen taldeko kide dira Julen Balzategui Oruna, Unai Cobo Pérez eta Edurne Palacio Viñas, Sistema Txertatuetako Unibertsitate Masterreko ikasleak Mondragon Unibertsitatean. Saria 1.000 eurokoa da.

Oneiñ ekimenak lortu du lehen saria Landa Garapenerako Ideien eta Proiektuen kategorian. Hileko kuota finkoa ordainduz produktuak astero jasotzeko egitasmoa da, eta bezeroaren profila kontuan hartuta menua osatu eta errezetak eskaintzea aurreikusten du. Lantaldeko kide dira Xabier Narbaiza (LEINN graduko bigarren maila), Eneritz Arizmendiarrieta (LEINN graduko bigarren maila), Itziar Madariaga (MyGADE graduko bigarren maila) eta Jon Beitia (Diseinu Ingeniaritzako bigarren maila). Txekea 1.000 eurokoa da.

Pertsonen Bizitza errazteko proiektuen kategorian Rehicrova enpresa izan da irabazlea, eta 1.000 euro jaso ditu. Zirkulazioko bide-seinaleetan erabiltzeko ezaugarri bereziak dituen estaldura hidrokromatikoa garatzea da proiektuaren helburua. Marc Raluy Reguant eta Mikel Larrayoz Posadas dira lantaldeko kideak, LEINN graduko hirugarren mailako ikasleak Oñatiko fakultatean.

Halaber, Edad de Oro Tours proiektuak irabazi du hirugarren saria Mondragon Unibertsitatearen sareko Latinoamerikako ikastegietako kategorian, Kolonbiako eta Mexikoko unibertsitateak hartzen dituen horretan. Lehenengo eta bigarren sariak eman gabe gelditu dira. 500 euro jaso dituen proiektu hori bidaia-agentzia bat da, hirugarren adineko pertsonen arretan espezializatutako bidaiak eskaintzen dituena. Hain zuzen, Mexikoko Querétaro estatuko helmuga turistikoetarako bidaiak antolatzen ditu, bezeroen nahiak eta beharrak kontuan hartuta estatuan turismoa sustatzeko xedearekin. Taldeko partaide dira Ana Laura Amézaga Pérez, Nazioarteko Negozioetako Lizentziako ikaslea; Alejandro Guirola Morejón, Kontularitza eta Finantzetako Lizentziako ikaslea; Maria Fernanda Juárez Medina, Administrazio Turistikoko Lizentziako ikaslea; Mariana Maldonado Paredes, Multimedia Diseinu Grafikoko Lizentziako ikaslea; Valeria Perera Escobedo, Marketineko Lizentziako ikaslea; eta Casandra Zaragoza Nava, Kontularitza eta Finantzetako Lizentziako ikaslea.

Finalista izan diren enpresen zerrenda

Enpresa Ideia Berriak

1.- Geosafe

2.- JelliFizz

3.- Backsense

Pertsonen Eguneroko Bizitza errazteko Ideia eta Zerbitzu Berritzaileak

1.- Rehicrova

2.- Alfred

3.- IntellCont

Landa Garapena

1.- Oneiñ

2.- Dawada

3.- LurBot

Mondragon Unibertsitatearen sarea

1.- Hutsik

2.- Hutsik

3.- Edad de Oro Tours

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?