Abalei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, etorri Gaztenpresaren Euskadiko eta Nafarroako bulegoetara.
Abalak bermeak dira, eta haien bidez, kreditu-erakundeek egiaztatzen dute, mailegua jasotzen duenak behar beste bermeak ez baditu ere, titularkide batek titularraren ardura hartzen duela eta, titularrak ordaintzeari uzten badio, konpromisoa hartzen duela titularrak ordaindu gabeko diru-kopurua ordaintzeko.
Zer da mailegu batean abal-emailea izatea?
Eskuarki, bezero bati mailegua emateko, bankuek eta aurrezki-kutxek nomina finkoa izatea, ondasun higiezinak izatea edo kontu korronte saneatua izatea eskatzen diote; kasu horretan, bezeroak ez du abalik behar. Baldintza horietako bat betetzen zuenak –edo, diru-kopuru handien kasuan, bat baino gehiago– eta, beraz, bere kaudimena froga zezakeenak ez zuen abalik behar. Hala ere, finantza-krisiaren ondorioz, berankortasuna izugarri handitu da; beraz, kreditu-erakundeen eskakizun-mailak gora egin du, eta dirua maileguz emateko, abal-emaileak eskatzen dituzte.
Esaterako, banku eta kutxek hartu behar duten arriskua txikitzeko, abala eskatzen diete mailegu-eskatzaileei. Kontua da senide edo lagun bati abala emateko eskuzabaltasunak ondorio ekonomiko larriak izan ditzakeela abal-emailearentzat.
Zer gertatzen da maileguaren titularrak ordaintzen ez badu?
Ez-ordaintze bat badago, hartzekodunak (bankua edo aurrezki-kutxa) zordun nagusiari –hau da, mailegua eskatu duenari– eskatu behar dio zorra ordaintzeko. Erreklamazio hori idatziz egiten da: gutuna bidaltzen zaio zordunari, abisu gisa. Ordainketa batean edo bitan atzeratzea nahikoa izan daiteke bankuek eta aurrezki-kutxek kobratzeko kudeaketak hasteko. Ez-ordaintzeak zehatuta daude, maileguaren kontratuan jasota dagoenez. Banku edo aurrezki-kutxa bakoitzak erabakitzen du zehapena, baina, oro har, mailegurako adostutako interes-tasatik gorako zenbait puntutakoa izaten da. Isun hori garaiz ordaindutako hileko kuota bakoitzari aplikatzen zaio.
Maileguaren titularrak ez badu ordaintzen, egoeraren berri ematen zaio abal-emaileari, eta zor diren diru-kopuruak ordaintzeko eskatzen. Horrelakoetan, kreditu-erakundeek abala betearazteko epeak errespetatu behar dituzte, legez eta maileguaren kontratuan jasota baitago (eskuarki, hiru hilabeteko epea da, baina kasuan kasukoa da).
Abal-emaileak maileguaren titularrak zor dituen diru-kopuruak ordaindu behar ditu, bai eta zehapenak eta auzien –adibidez, epaiketen– ondorioz sortutako gastuak ere. Ondoren, nahi izanez gero, abalatutako pertsonaren hartzekoduna izan daiteke abal-emailea, eta abalatutako diru-kopuruak kobratzeko beharrezko lege-akzioak egin. Horretarako, baliagarria da kontrabermea: dokumentu publiko bat da, notario batek ere sinatu behar duena, eta haren bitartez, maileguaren titularrak konpromisoa hartzen du egindako zorra abal-emaileari ordaintzeko. Auzitegietarako jotzen bada, denbora gutxiago beharko da kontrabermeari esker, abal-emaileak ez baitu frogatu beharko titularrak dirua zor diola (dokumentu hori gabe, ordea, frogatu egin beharko luke).
Abal-emaileak zorra ordaintzen badu, kreditu-erakundeak ez du gehiago eskatzen, eta mailegua aurrera doa. Alabaina, erakundeak ez badu lortzen abal-emaileak zorra ordaintzea, demanda judizial bati ematen dio hasiera. Demanda hori gauzatuz gero, maileguaren titularraren eta abal-emailearen ondasunak bahitzeko eskatzen da. Harrigarria bada ere, erakundea ez dago behartuta zordunaren ondasunak lehenago bahitzera; izan ere, abal-emailearen ondasunak bahi ditzake zuzenean. Gainera, abal-emaile bat baino gehiago badaude, haietako baten ondasunak bahi ditzake zor guztia estaltzeko, eta ez dagokion zati proportzionala estaltzeko.
Abal-emailea izateak arriskuak ditu berekin, eta egoera ezatseginik ez izateko, komeni da arrisku horiek azaltzea. Beraz, maileguaren eskriturak egiten direnean, abal-emailea hala azalduko da, eta orduan ezarriko dira abalaren funtzionamendua arautuko duten klausulak. Kontuan izan behar da, kontrakoa adostu ezean, erakunde mailegatzaileak ez diola abal-emaileari jakinarazi behar mailegua ez dela ordaindu, eta jakinarazpen judizial baten bidez jakitea dela ohikoa. Hori dela eta, gomendatzen da maileguaren kontratuan ezartzea kreditu-erakundeak ez-ordaintzea gertatu dela jakinarazi beharra.
Abalei eta abal-emailea izatearen arriskuei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Gaztenpresako taldeak aholku emango dizu atseginez. Etor zaitez Bilboko, Donostiako edo Gasteizko bulegoetara.