Gaztenpresak, Laboral Kutxaren bidez, zure enpresarentzako mailegua edo kreditua eskatzen lagundu ahal dizu.
Maileguaren eta kredituaren definizioa:
Mailegua inbertsio jakin bati egon ohi da lotuta, hala nola, kontsumo-, produkzio- eta zerbitzu-ondasunei. Finantza-kontratu horren bidez, finantza-erakunde batek diru kantitate bat ematen dio enpresari, zenbateko osoa aldi berean. Diru kantitate hori eta interesak (alegia, eragiketaren prezioa) aldizka itzuli beharko ditu, aurrez ezarritako epean. Alegia, enpresak dirua aldi batean jasotzen du, eragiketaren hasieran, eta aldizkako kuotak ordainduz itzultzen du, interesak ere barnean hartuta.
Kreditua generikoa da eta ez dago eragiketa zehatzei lotuta. Finantza-tresna horren bidez, finantza-erakunde batek enpresari aurrez ezarritako denboraldian zehar kantitate jakin bateraino zorpetzeko eskubidea ematen dio; hortaz, benetan erabilitako kantitateei dagozkien interesak ordainduko ditu enpresak, eta ez emandako kreditu guztiari dagozkionak. Erabili gabeko kantitatearengatik komisio bat ordaindu ohi da. Komisio horren zenbatekoa nabarmen txikiagoa da erabilitako diruari dagokion interes-tasa baino.
Maileguaren eta kredituaren arteko desberdintasunak
Eskuarki, kredituek malgutasun handiagoa ematen diete enpresei maileguek baino, eta gainera, erabiltzen den diruagatik soilik ordaintzen dira interesak. Ordain gisa, kredituen interes-tasa handiagoa da. Hortaz, unean uneko diruzaintza-beharrak dituzten enpresek hobe dute kreditua eskatzea, nahiz eta apur bat garestiagoa izan. Mailegua eskatzen badute, gerta daiteke azkenean garestiagoa izatea, erabiltzen ez den diruagatik ere interesak ordaindu behar izango baitituzte. Normalean, kreditu-lineak zirkulatzaile-beharrak (izakinak, bezeroentzako kredituak…) finantzatzeko erabiltzen dira.
Jokabide okerra izaten da kontu korronteko zorpekora jotzea. Demagun enpresak finantza-erakunde batean kontu bat duela, eta kontu horretan ez duela zordunketa bati aurre egiteko funtsik. Zordunketa hori gertatzen bada eta finantza-erakundeak hura onartzen badu, enpresaren kontrako saldoa sortuko da. Zorpekoen interes-tasa da bankuek aplikatzen duten tasarik handiena. Gainera, hiruhilekoko saldo zordunik handienari zorduntzen zaio komisioa. Penalizazioa handia izaten da erabiltzaileentzat, eta lehenbailehen erregularizatu behar dute.
Zorpekoek noizean behingoak izan behar dute, oso garestiak dira eta. Ohikoak izanez gero, berriz, horrek esan nahi du enpresak finantziazio gehiago behar duela; hau da, enpresaren kreditu-beharrak dokumentatu egin beharko dira, eta haren jarduera eroso garatzeko mugak ezarri.