Berrikuntza sortzea eta produktu edo zerbitzu bati ikuspegi ezberdin bat ematea, oro har, prozesu zaila da, baina gaur egungo egoeraren ondorioz, funtsezkoa bihurtu da negozio askoren bizi iraupenerako. Aurreko post batean, hain zuzen ere, prozesu horri buruz hitz egin genuen eta alboko marketina zertan datzan azaldu genuen.
Alboko marketin-estrategia bat gauzatzeko, marketin mixaren edozein elementu alda daiteke (produktua/zerbitzua, prezioa, banaketa eta sustapena). Horrela, merkatuaren ase gabeko premia bat aurki dezakegu, edota ordaintzeko modua eraldatu ere.
Alboko marketinaren teknikak
Teknika aipagarrienak merkatuan eskaintzen dugun produktuaren edo zerbitzuaren eraldaketari buruzkoak dira. Horretarako, sei teknika desberdin daude, albo-marketineko estrategia bat garatu ahal izateko funtsezkoak direnak eta Phillip Kotlerrek berak bere lankide Fernando Trías de Besekin batera finkatu zituenak.
- Ordezkapena. Teknika hau produktu baten ezaugarriak eta publiko potentziala erabat aldatzean datza, erabat desberdina den produktu bat sortzeko. Teknika horren adibide bat alkoholik gabeko ardo bat sortzea izan daiteke.
- Alderantzikatzea. Metodo horrek jatorrizkoen kontrako ideiak sortzearen alde egiten du; adibidez, tinta ezabaezinezko boligrafo bat badugu, tinta ezabagarrizko boligrafo bat sor dezakegu. Modalitate horrek hainbat aukera sortzen laguntzen du, marka batek bere publiko potentziala harritzeko modukoak.
- Konbinazioa. Kontzeptu, ezaugarri edo produktu desberdinak konbinatzen dira zerbait berria sortzeko. Horren adibide dira freskagarriak, zukuak edo gozokiak, fruitu ezberdinen zaporeak konbinatzen dituztenak askotariko emaitzak sortzeko.
- Puztea. Teknika horren bidez, produktu baten ezaugarriak puztu egiten dira, goitik nahiz behetik, erabat aldatu arte. Teknika hori izan daiteke urdaiazpiko iberikoa, kabiarra, babarrunak txorizoarekin edo patata-tortilla bezalako zaporeen izozkiak sortzeko oinarria.
Kentzea. Teknika horrek elementu bereizgarri bat edo batzuk kentzen dizkio produktu bati, beste bat sortzeko. Soja-esneak, adibidez, animalia-jatorriko produktuak baztertzen ditu, landare-jatorriko produktu erabat desberdina sortzeko.
Berrantolatzea. Modalitate horrek produktu baten elementuen ordena edo diseinua aldatzen du. Horren adibide dugu, etxez etxeko sukalde-zerbitzua —sukaldaria etxe batera joaten da otordua prestatzera—. Edo forma desberdinekin izotz-koskorrak pertsonalizatzeko sistema.
Produktu eta zerbitzu ugari sortu dira alboko marketin-estrategien ondorioz. Ikonikoenetako bat Kinder arrautzak izan ziren. Produktu hori gai izan zen txikiei gehien gustatzen zaizkien elementuetako hiru (txokolatea, jolasa eta opariak) konbinatzeko, erabat bestelakoa eta berritzailea den zerbait sortzeko. Oraindik ere arrakasta handia izaten jarraitzen du. Teknika horren arrakastaren beste adibide bat jogurt likidoa izan zen. Edari horrek jogurt baten abantailak ditu, baina eramateko eta kontsumitzeko errazagoa da. Interrail sistema ere tren-txartel bat eta Europa osoan zehar bidaiatzeko aukera elkartzetik sortu zen, eta audioliburuek posible egin zuten irakurketaren eta audioaren konbinazio bitxia.
Alboko marketinaren ideia bat baduzu eta garatzeko laguntza behar baduzu, Gaztenpresan zure negozioaren edozein fasetan lagun diezazukegu. Zain gaituzu!