×

Para instalar Gaztenpresa en tu iPhone pulsa y luego Añadir a pantalla de inicio.

Navegación limitada - Sin conexión

Leire Ureta, Amorebieta-Etxanoko Nukka arropa-dendaren jabea: “Bizitzan, edo irabazi edo ikasi egiten da”

Leire Ureta
Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin
Share on whatsapp
Share on email

Gaur Leire Uretarekin hitz egingo dugu, Nukka dendaren sortzailearekin. Emakume eta gizonentzako marka anitzeko moda-denda da Nukka, duela hiru urte irekia Amorebieta-Etxanon (Bizkaia). Bere apustua outfit erosoak egitea da, estilo handiko jantziekin eta osagarriekin, Leirek 20 urte baino gehiagoko eskarmentua baitu retail sektorean. Baina utz diezaiogun berari kontatzen.

Zergatik erabaki zenuen zeure arropa-denda martxan jartzea?

Modaren sektoreari lotuta egon naiz ia betidanik, nire familiak merkataritza-ekipamenduko enpresa bat baitzuen. Izan ere, ni ere han aritu nintzen lanean, besteentzako dendak muntatzen, eta retailarekin zerikusia duen guztian trebatzen: marketina, merchandisinga, erakusleiho-apainketa eta abar. Halaxe sortu zitzaidan neure boutiquea izateko ideia.

Noiz jarri zinen harremanetan Gaztenpresarekin zeure proiektua gauzatzeko?

Familia-enpresarekin Laboral Kutxako bezeroak ginen, eta, gure betiko kudeatzaileari nire ideia azaldu nionean, berehala bidali ninduen Gaztenpresara.

Zuen erakundearekin, negozio-plana diseinatzeko prestakuntza egin dut, eta hainbat kudeaketa egiten lagundu didazue. Egia esan, oso erraz jarri zenidaten dena.


Lorena Axpe izan zen zure aholkularia Gaztenpresan, ezta? Zer nabarmenduko zenuke harekin egindako lan-prozesuan?

Abentura honetan ez nengoela bakarrik jakiteak eman zidan lasaitasuna, arazoren bat izanez gero, bai bainekien Lorenaren laguntza izango nuela. Negozio bat martxan jartzen duzunean, beti sortzen dira aurreikusi ez dituzun arazoak, eta oso garrantzitsua da une horietan bakarrik ez sentitzea.

Nire kasuan, gainera, denda ireki nuenean justu, pandemia etorri zen, egoera guztiz berria eta ustekabekoa. Egoera atipiko horri lotutako oztopo guztiez gain, nik arazo bat izan nuen nire aholkularitza-enpresarekin. Lorenak lagundu zidan egoera konpontzen eta nire kontuak txukuntzen, eta ez dakit nola konpondu ahal izango nuen arazoa bera egon izan ez balitz. Gainera, badakit nire negozioaren bilakaerari adi dagoela oraindik ere, eta, berriz ere arazoren bat sortzen bada, harengana jo dezakedala.


Itzul gaitezen zure negoziora, zer eskaintzen duzu Nukkan eta zein da zure arropa-dendaren balio bereizlea?

Nukkan arropa eta osagarri ezberdinak, bereziak… aukeratzen eta eskaintzen ahalegintzen gara. Baina ez dizkizut nire sekretu guztiak azalduko! Nukkaren esentzia zaindu nahi dut.

Zure dendak hiru urte bete zituen martxoan. Zer erronka nagusiri egin behar izan diozu aurre denbora horretan?

Lehen esan dizudan bezala, nire negozioa ireki nuenean, hain zuzen, pandemia etorri zen. Izan ere, denda inauguratu nuen eta handik 6 ordura itxi egin behar izan nuen… 60 egunez! Eta, azkenean berriro ireki ahal izan nuenean, hainbat neurri bete behar izan nituen, edukiera murrizteko neurriak, desinfektatzeko arau bereziak… Nire bizitzan izan ditudan duda-muda handieneko uneak izan ziren haiek! Horregatik, beti eskertuko diot Amorebieta-Etxanoko jendeari egin zidaten harrera eta eman zidaten laguntza. Egun askotan negarrez joaten nintzen etxera jasotako maitasun handiagatik.

Gero, 2021eko urtarrilean, Covida harrapatu nuen eta ospitaleratu egin ninduten eta Nukka itxi behar izan nuen berriz ere hilabete pasatxo… Eta berriro ere ziurgabetasuna etorri zen, oraingoan osasun-arazoekin gainera. Baina arian-arian, aurrera egin nuen nire ilusioarekin, eta hementxe jarraitzen dugu Nukkak eta biok gaur egun.

 

Zein dira zure hurrengo helburuak negozio-mailan?

Nukkak bere arimari eustea nahi dut, negozio desberdin bihurtzen duen esentzia horri. Eta, horretarako, ahal dudan guztia egingo dut, maila pertsonalean ere batzen eta hazten jarraitzeko, eta irribarrea inoiz galdu gabe.

Gainera, bizitzan irabazi edo ikasi egiten dela pentsatzen duten horietakoa naizenez, eta saltsa askotan ibiltzea gustuko dudanez, orain… Nukka Txikiren bila noa, edo agian Harri Orri Ar deituko diot. Kontatuko dizuet!

Eskerrik asko eskaini diguzun denboragatik, Leire!

Eta, Leireren modagunea ezagutzeko gogoz geratu bazarete, hementxe dituzue dendaren eta haren sare sozialen datuak:

Nukka

San Miguel Kalea, 4, 48340 Amorebieta-Etxano, Bizkaia

Instagram: @nukkaarropadenda

Facebook: Nukka

Post gehiago irakurri.

Abendua 11, 2024
Berrikuntza eta desberdintzea funtsezko zutabeak dira enpresa-eremuan arrakasta izateko, batez ere ingurune globalizatu eta oso lehiakor batean. Enpresa gehienak Interneten daudenez eta teknologia tresna eta erakusleiho gisa erabiltzen dutenez, are garrantzitsuagoa da behar bezala erabiltzen jakitea. Gaur egun, berrikuntza eta desberdintzea funtsezkoak dira jasangarritasuna eta epe luzerako arrakasta bermatzeko. Arlo horietan inbertitzen duten enpresek, nabarmentzea...
Azaroa 11, 2024
Besteren konturako lanaren zurruntasunik ez dagoenez, autonomo gisa bizitza pertsonala eta lan-bizitza bateratzeko erraztasun gehiago dituzula eman dezake, baina itxurazko malgutasun horrek arazoak ere sor diezazkizuke bi alderdiak bereizteko orduan: lana eta atsedena; negozioa eta aisia. Halaber, zure produktibitateari ere eragin diezaioke. Horregatik, komeni da arau batzuk ezartzea zure energia mantendu ahal izateko. Zure nagusia...
Urria 9, 2024
Maite Ibañez de Maeztu Maikalaren buru izan da, Bilboko Deustu auzoan eta Alde Zaharrean erreferente izan den gozotegia.   GAZTENPRESA: Maikala 2015ean abiatu zen proiektua da, ezta?   MAITE IBAÑEZ DE MAEZTU: 2015ean sortu zen, lantegiaren zatia martxan jarri zenean, eta urtebete geroago arte ez zen jarduera abiarazi Plaza Berrian, lehenengo dendarekin. Leioan trebatzea erabaki...
Urria 3, 2024
Normalean “babestuta” terminoa ikusten dugu, bai ekitaldietan, bai edukietan, baina zer esan nahi du zehazki? Babesletza marketin-estrategia bat da, non enpresa batek (babesleak) finantzaketa ematen dion erakunde, ekitaldi, pertsona edo kausa bati (babestuak), elementu horri lotutako marka erakustearen truke. Hau da, bi aldeek etekinak lortzen dituzten merkataritza-harreman bat ezartzen da. Sinergiak sortzeko lankidetza. Teknika horrek...
Iraila 18, 2024
Hiru hankako mahaia. Baina ez edozein. Sendoa, gogorra. Une onak pasatzeko elkartzen zaren horietako bat. Hori Emakumeook dela esan liteke. Hiru emakume ekintzailek sortutako proiektua. Almudena, Bea eta Naiarak.   GAZTENPRESA: Nola ezagutu zenuten elkar eta nola sortu zen Emakumeook? EMAKUMEOOK: Emakumeook gaur hemen ez dagoen hirugarren pertsona batengatik sortu zen, Ambrosa. Hirurak pandemian geunden...
Iraila 3, 2024
Zure negozioak bultzada bat behar du? Azkenaldian zure enpresa gelditu egin dela iruditzen zaizu? Agian, zure estrategia komertziala edo negozio-plana berriz ebaluatzeko garaia da, mailaz igotzeko, zure markaren ikusgarritasuna indartzeko eta zure produktuaren edo zerbitzuaren salmentak handitzeko. Hona hemen zure enpresaren egoera hobetzeko hainbat aholku, bai enpresa berria izan bai denbora luzea finkatuta eman.  ...