×

Para instalar Gaztenpresa en tu iPhone pulsa y luego Añadir a pantalla de inicio.

Navegación limitada - Sin conexión

Eduardo Elizalde: “Ekintzailetza datuen aroan”

Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin
Share on whatsapp
Share on email

Duela egun batzuk, Nafarroako Unibertsitate Publikoan hurrengo ikasturterako “Datuen Zientzia” gradua ezarri behar dutela irakurri nuen, arretaz. Seguruenik ez da Unibertsitate bakarra izango.  Apustu egokia iruditzen zait, eta arrakasta izango duela aurresan dezaket.

Informazioa boterea dela dioen esaldiak, Francis Baconek 1561ean esan zuenak, indarrean jarraitzen du oraindik. Are gehiago esango nuke: gaur egun, datuek eta horien tratamendu sakona egiteko gaitasunek dute boterea. Aro digitalean, korporazio handiek dena dakite gutaz. Interneten, doakotzat saltzen diguten guztia informazioaren truke eskaintzen digute, klik egiten dugun bakoitzean uzten dugun informazioaren truke, hain zuzen. Gu gara salgaiak. Informazio-kantitate handi hori hainbat helburutarako erabil daiteke eta, besteak beste, ondasunik eta zerbitzurik egokienak eskaintzeko balio du, gure lehentasunen arabera.

Azaldu dugun horri beste zerbait gehitu behar zaio: datuak erabiltzen dituzten enpresek, hau da, Javier Echeverria katedratikoak “airearen jaun” izendatu zituen horiek, ospe handia dute, markako apostoluen legio oso bat baitute beraien esanetara, bestela, sistemaz kanpo geratzen zarelako. Google, Amazon eta Apple, adibidez, gero eta boteretsuagoak dira eta, horren jakitun, gero eta negozio-hobi gehiago bereganatzen ari dira. Amazonen azken planteamendua etxeetan sartzea eta eskatutako erosketa haren barnean uztea da, beraiek saltzen duten etxeak irekitzeko sistema baten bitartez. Hala egingo dute gainera, ez dut zalantzarik, horien eskaera onartuko baitugu, datuen pribatutasun- eta tratamendu-politikak onartzen ditugunean bezala, lerro bakar bat ere irakurri gabe.

Eta horren aurrean, zer egin dezake ekintzaile txikiak? Nola lehiatu erraldoi horien kontra eta horien ezagutzen kontra? Zer leku geratzen da negozio txikientzat komertzioaren eta zerbitzuen testuinguru horretan? Horien esparruan borroka egitea ezinezkoa dela esan genezake, baina badira beste aukera batzuk.

Duela gutxi, ile-moztaile etorkin baten esperientzia kontatu zidaten. Dirudienez, hark bezero berriei harrera egiteko protokolo bat zuen eta horiei elkarrizketa txiki bat egiten zien, bere negoziorako ezinbestekotzat jotzen zuen informazioa jasotzeko: Zenbatetik behin mozten duzu ilea? Zein ordutegi nahiago duzu? Asteko zein egun? Eta abar. Horrekin, fitxa bat bete, agenda programatu eta bezeroen premiei aurrea hartzen joaten zen, egun egokia baino egun batzuk lehenago, horiei deitu eta ordua gorde ziela esanez. Horrez gain, ile-apaindegian kafe-makina polit bat eta garagardo-iturri bat zituen kortesiazko elementu bereizgarri gisa. Hori guztia haren bezero batek azaldu zidan, eta negozio-eredua oso arrakastatsua zela eta publikoa etengabe hazten ari zela ziurtatu zidan.

Horrela, bada, “big dataren” kontra xehetasun “txikiekin” borrokatu beharko dugula pentsarazten dit horrek. Gure bezeroei galdetu beharko diegu haiek hobeto ezagutzeko, haien premiei aurrea hartu beharko diegu eta, ahal izanez gero, harritu egin beharko ditugu, horrela, hodeitik datorkigun armadaren aurrean arrakasta txikiak lortu ahal izateko.

Gaur egun, mundu globalizatu honetan ekitea gero eta konplexuagoa da, baina egia da, halaber, profilik digitalenak ere hizketakide bat aurkitu nahi izaten duela telefonoaren atzean, bere mezu elektronikoei erantzungo dien norbait eta, batzuetan, baita aurpegi atsegin bat ere, erakusmahaiaren atzean. Gure aroko ekintzaileak digitalizatu, webguneetan ikusgai jarri eta sare sozialetan jardun behar du, baina, era berean, ahalegindu eta gero eta proaktiboagoa izan behar du, enpatikoagoa; kalitate hobea eskaini behar du, prezioak ardatz nagusia izateari uzten dion esparruak bilatuz. Elementu bereizgarriak bilatu behar ditu merkatuan duen lekua bilatzeko eta horiek ahalik eta gehien ustiatzeko.

Big data aroa salmenta “emozionalaren” aroarekin batera bizi da, eta bertan ez dira produktuak saltzen, esperientziak baizik. Marketinak dagoeneko ez du fokua produktuan eta kontsumitzailearengan jartzen, baizik eta erosketak sortzen dituen balioetan eta emozioetan ardazten da; hor, txikia izatea abantaila lehiakor bat izan daiteke. Gainera, “big data” deituriko horrek ere baditu zenbait ahultasun eta, batzuetan (askotan), inbaditzailea izan daiteke; horrela, lehen aldietako sorpresa igaro ostean, trikimailua ikusten hasi eta harengandik babesten saiatuko gara seguruenik.

Ez da erraza izango, baina saiatzea merezi duela uste dut. Gaztenpresan ausartzeko ausardia dutenak babesten jarraituko dugu. Bideragarritasun-planarekin eta finantziazioarekin lagundu eta gure mentoring-zerbitzua jarriko dugu horien eskura, finkatze-fasean. Esperientziak ematen digun ezagutza eskainiko diegu, baina baita gero eta globalizatuagoa eta konplexuagoa den merkatuarekiko gure ikuspegia ere. Horretarako pertsonak jarriko ditugu erdigunean, datuen kontra borroka egiteko, eta gure ekintzaileek ile-moztaile hori bezalakoak izan beharko dute, bazkideen deiaren zain aulkian eserita geratzen ez den ile-moztaile hori bezalakoak.

Post gehiago irakurri.

Abendua 11, 2024
Berrikuntza eta desberdintzea funtsezko zutabeak dira enpresa-eremuan arrakasta izateko, batez ere ingurune globalizatu eta oso lehiakor batean. Enpresa gehienak Interneten daudenez eta teknologia tresna eta erakusleiho gisa erabiltzen dutenez, are garrantzitsuagoa da behar bezala erabiltzen jakitea. Gaur egun, berrikuntza eta desberdintzea funtsezkoak dira jasangarritasuna eta epe luzerako arrakasta bermatzeko. Arlo horietan inbertitzen duten enpresek, nabarmentzea...
Azaroa 11, 2024
Besteren konturako lanaren zurruntasunik ez dagoenez, autonomo gisa bizitza pertsonala eta lan-bizitza bateratzeko erraztasun gehiago dituzula eman dezake, baina itxurazko malgutasun horrek arazoak ere sor diezazkizuke bi alderdiak bereizteko orduan: lana eta atsedena; negozioa eta aisia. Halaber, zure produktibitateari ere eragin diezaioke. Horregatik, komeni da arau batzuk ezartzea zure energia mantendu ahal izateko. Zure nagusia...
Urria 9, 2024
Maite Ibañez de Maeztu Maikalaren buru izan da, Bilboko Deustu auzoan eta Alde Zaharrean erreferente izan den gozotegia.   GAZTENPRESA: Maikala 2015ean abiatu zen proiektua da, ezta?   MAITE IBAÑEZ DE MAEZTU: 2015ean sortu zen, lantegiaren zatia martxan jarri zenean, eta urtebete geroago arte ez zen jarduera abiarazi Plaza Berrian, lehenengo dendarekin. Leioan trebatzea erabaki...
Urria 3, 2024
Normalean “babestuta” terminoa ikusten dugu, bai ekitaldietan, bai edukietan, baina zer esan nahi du zehazki? Babesletza marketin-estrategia bat da, non enpresa batek (babesleak) finantzaketa ematen dion erakunde, ekitaldi, pertsona edo kausa bati (babestuak), elementu horri lotutako marka erakustearen truke. Hau da, bi aldeek etekinak lortzen dituzten merkataritza-harreman bat ezartzen da. Sinergiak sortzeko lankidetza. Teknika horrek...
Iraila 18, 2024
Hiru hankako mahaia. Baina ez edozein. Sendoa, gogorra. Une onak pasatzeko elkartzen zaren horietako bat. Hori Emakumeook dela esan liteke. Hiru emakume ekintzailek sortutako proiektua. Almudena, Bea eta Naiarak.   GAZTENPRESA: Nola ezagutu zenuten elkar eta nola sortu zen Emakumeook? EMAKUMEOOK: Emakumeook gaur hemen ez dagoen hirugarren pertsona batengatik sortu zen, Ambrosa. Hirurak pandemian geunden...
Iraila 3, 2024
Zure negozioak bultzada bat behar du? Azkenaldian zure enpresa gelditu egin dela iruditzen zaizu? Agian, zure estrategia komertziala edo negozio-plana berriz ebaluatzeko garaia da, mailaz igotzeko, zure markaren ikusgarritasuna indartzeko eta zure produktuaren edo zerbitzuaren salmentak handitzeko. Hona hemen zure enpresaren egoera hobetzeko hainbat aholku, bai enpresa berria izan bai denbora luzea finkatuta eman.  ...

2025-02-10 00:46:19