×

Para instalar Gaztenpresa en tu iPhone pulsa y luego Añadir a pantalla de inicio.

Navegación limitada - Sin conexión

Zure negozioa atzerrian zabaldu nahi baduzu eman beharreko urratsak

Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin
Share on whatsapp
Share on email

Finkatu duzu zure enpresa estatuko merkatuan, ala negozio-aukera berriak behar dituzu? Atzerrian dago zure merkatu-nitxo nagusia? Zure negozioa merkatu berrietara irekitzeko beharra duzu? Galdera guztiei baietz erantzun badiezu, ordua da erronka berriak jartzeko eta zure enpresa nazioartera zabaltzeko aukera aztertzeko.

Baina, adi; prozesu horiek ez dira errazak, inondik ere, eta informazio asko bildu beharra dago lan horri ekin aurretik. Gainera, ahalik eta laguntza instituzional handiena lortzea komeni da. Izan ere, egia bada ere negozioak egiteko orduan iraultza digitalak lagundu egin duela oztopo fisikoak saihesten, herrialde bakoitza mundu bat da, bere arau, lege, ohitura eta abarrekin.

Lehenik eta behin, erakunde instituzionaletara jo behar duzu, lagundu eta orienta zaitzaten. Sprik, Eusko Jaurlaritzaren Enpresa-garapenerako Euskal Agentziak, enpresak nazioartekotzen laguntzeko gida eskaintzen dizu, era guztietako informazioa, aholkuak eta kanpora zabaltzeko laguntzak biltzen dituena. ICEX Kanpo Merkataritzako Institutuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak nazioartekotzeko zerbitzuak eskaintzen ditu. Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2017-2020 aldirako Nafarroako Nazioarteko Plana onartu zuen joan den apirilean. Foru Komunitateko produkzio-sareari kanpora zabaltzen laguntzea du xede, eta prozesu horretara bideratutako zenbait gastu-sailetako diru-laguntzak jasotzen ditu. Era berean, ondo etorriko zaizu Eusko Jaurlaritzak Global Lehian 2017 programan aurreikusi dituen diru-laguntzak ikustea. Programa horrek 5,5 milioi euroko zuzkidura du eta negozioa beste merkatu batzuetara zabaldu nahi duten enpresa txiki eta ertainei dago bideratuta.

Baina laguntza horiez gain, badaude enpresa nazioartera zabaltzeko prozesua hasi baino lehen aztertu eta kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuk ere. Dagoeneko hitz egin dugu negozio-plan on bat egiteko gakoei buruz; orain, gako horiek zure egungo egoerara eta helburu duzun merkatura egokitu behar dituzu. Hau da, nazioartekotze-plana prestatu behar duzu, eta oso kontuan hartu jarraian aipatuko ditugun alderdiak.

 

Aztertu zure merkatu berria

Negozioa kanpora zabaldu aurretik, ondo aztertu behar duzu helburuko merkatua, zure produktu edo zerbitzuak dituen arrakastarako aukerak kalkulatze aldera. ICEXek badu negoziorako eta inbertsiorako aukerak zehazteko zerbitzu bat; horren bidez jakin ahal izango duzu zure zerbitzuak edo produktuak merkaturik ote duen, aukeratu duzun herrialdean. Garrantzitsua da zure jarduerari dagokion sektorearen egoera ezagutzea, eta baita lehiakideek nola funtzionatzen duten jakitea ere. Eta bikaina litzateke bezero potentzialen bat ezagutuko bazenu. Hortaz, atzerrira bidaiatu aurretik, begira ezazu merkataritza-harremanak dituzun enpresen artean inork egoitzarik ote duen helmuga duzun herrialdean. Aprobetxa ezazu etxean sortu duzun sare komertziala zure nazioarteko ibilbidean erabiltzeko. Eta dagoeneko egin ez baduzu, has zaitez ospe digitala lantzen, doan. Hasieran, laguntza oro dator ondo.

 

Presta ezazu helmugako herrialdera iristeko unea

Norberaren herrialdean negozio bat abian jartzea zaila bada, pentsa zer-nolako zailtasunak izango dituzun ezagutzen ez duzun beste estatu batean. Ezer baino lehen, kontsulta ezazu lege- eta arau-esparrua eta bilatu zure helmuga Spriren bulego komertzialen kanpo-sarean, horien laguntza ezinbestekoa izango baituzu egin behar dituzun izapide administratiboen berri izateko eta herrialde bakoitzeko legedia (kontabilitatearen, zergen, lanaren eta merkataritzaren alorrekoa) ezagutzeko. Gainera, litekeena da erakunde publiko horrek laguntza eskaintzea, arduradun komertziala eta tokiko partnerra bilatzeko orduan. Ildo horretan, ICEXek, esaterako, askotariko ekitaldiak antolatzen ditu, hala nola inbertsioen eta enpresa-lankidetzaren inguruko foroak, enpresen arteko topaketak eta inbertitzaileen misioak, tokiko bazkide izan daitezkeenekin elkarrizketak hitzartzeko helburuarekin, besteak beste.

 

Finkatu aurrekontua

Dagoeneko konturatuko zinen inbertsio garrantzitsua egin behar dela kanpoko merkatuan egoteko. Hasteko, merkatu horretan sartzea zenbat kostatuko zaizun kalkulatu beharko duzu. Horretarako, ICEXek doako tresna eskaintzen du: kokatzearen kostuen simulatzailea. Baliabide horrekin, zure negozioa herrialde jakin batean kokatzeak izango duen gutxi gora-beherako kostua jakin dezakezu, eta beste merkatu batzuekin alderatu. Aurrekontua eginda duzunean, ziurta ezazu bete egingo dela, bestela zure filiala zulo beltz bilaka daiteke. Argi eta garbi zehaztu behar duzu nazioartekotze-planari aurre egiteko zein baliabide duzun; nolabaiteko malgutasuna izan behar duzu errentagarritasun-epeak finkatzeko orduan, eta kontuan izan beti zure negozioaren helburuak.

 

Antolatu ongi kontuak

Fakturazioa gure filialaren alderdirik garrantzitsuenetakoa da. Egindako lana alferrikakoa izango da, azkenean gure diru-sarrerak zerga-arauen amaraunean galduko baditugu edo finantza-erakundeen arteko hitzarmenen berri ez badugu. LABORAL Kutxak nazioarteko ibilbidea arrakastaz egin dezazun beharrezkoak diren banku-zerbitzu guztiak jartzen dizkizu eskura. Horien artean, nazioarteko bankuekin dituen hitzarmenak eta informazioa ordainketei, kobrantzei eta inportazioen finantzaketari edo esportazioen aurrerakinei buruz. Zure enpresak behar duen guztia, nazioarteko etapa berriari ekiten laguntzeko.

Eta gogoratu: Gaztenpresak prestakuntza-baliabide guztiak eskaintzen dizkizu, zure negozioa sortzeko eta finkatzeko.

Post gehiago irakurri.

Uztaila 10, 2025
2025eko uztailaren 8a.–LABORAL Kutxaren Gaztenpresa Fundazioak 348 enpresa sortzen lagundu du 2024an, eta enpresa horiek 696 lanpostu berri sorrarazi dituzte. 1994an sortu zenetik, Fundazioak 7.246 enpresari lagundu die abian jartzen, eta horiek 13.371 laguni eman diete lana. Datuok Gaztenpresaren 2024ko txostena aurkezteko ekitaldian ezagutarazi dituzte, LABORAL Kutxak Bilbon duen lurralde-egoitzan. Gaztenpresako lehendakari Ibon Urgoiti pozik...
Abendua 11, 2024
Berrikuntza eta desberdintzea funtsezko zutabeak dira enpresa-eremuan arrakasta izateko, batez ere ingurune globalizatu eta oso lehiakor batean. Enpresa gehienak Interneten daudenez eta teknologia tresna eta erakusleiho gisa erabiltzen dutenez, are garrantzitsuagoa da behar bezala erabiltzen jakitea. Gaur egun, berrikuntza eta desberdintzea funtsezkoak dira jasangarritasuna eta epe luzerako arrakasta bermatzeko. Arlo horietan inbertitzen duten enpresek, nabarmentzea...
Azaroa 11, 2024
Besteren konturako lanaren zurruntasunik ez dagoenez, autonomo gisa bizitza pertsonala eta lan-bizitza bateratzeko erraztasun gehiago dituzula eman dezake, baina itxurazko malgutasun horrek arazoak ere sor diezazkizuke bi alderdiak bereizteko orduan: lana eta atsedena; negozioa eta aisia. Halaber, zure produktibitateari ere eragin diezaioke. Horregatik, komeni da arau batzuk ezartzea zure energia mantendu ahal izateko. Zure nagusia...