Ekintzaileak gai askoren inguruko ezagutzak izan behar ditu, baita bere jarduerarekin zerikusirik ez dutenen inguruan ere: teknologia, informatika, jendaurrean nola hitz egin, saltzeko teknikak, marketina, komunikazioa… eta kontabilitatea ere bai.
Baina gauza bat da gai horiei buruzko oinarrizko ezagutzak izatea, egunerokotasunean funtzionatu ahal izateko, eta beste bat, oso desberdina, erabaki estrategikoak hartu ahal izatea, zure negozioaren etorkizuna baldintza dezaketen gai espezializatuei buruz. Lege-esparrua da espezializazio hori beharrezkoa den gaietako bat, bereziki krisi-garaietan.
Lege-aholkulari on bat bilatzeko xehetasunak
Joan den urtean, aholkularitza juridikoek oso eginkizun garrantzitsua bete zuten negozio askoren jarduerari eusten laguntzeko orduan, eta ziurtasuna eman digute ziurgabetasunez betetako une honetan, batez ere enpresentzat erabaki kritikoak iradokitzeko orduan. Zure lana indarreko legeriaren arabera, enpresari segurtasun juridikoa emanez, egitearen berme bihur daiteke lege-aholkularia. Horregatik, ezinbestekoa da zerbitzu hori eskainiko dizun pertsona edo bulegoa aukeratzerakoan denbora hartzea, eta hainbat xehetasun kontuan izatea.
- Bilatu zure hizkuntzan mintzatzen diren eta konfiantza ematen dizuten profesionalak. Aholkularitza juridikoko zerbitzu bat izateak ez du ezertarako balio hark helarazten dizkizun kontzeptuak ulertzeko gai ez bazara. Horregatik, interesgarria izaten da zurea bezalako profil ekintzailea duten pertsonak aurkitzea.
- Aholkulari on batek lege- eta ekonomia-arloko aholkuak emateko gai izan beharko luke enpresaren mugimendu estrategiko guztietan: bazkideen arteko itunetan, kapitalaren salmentan, balizko aliantzetan, erosketetan, kapital-handitzeetan edo bat-egiteetan.
- Une egokian aholku egokia eman ahal izateko prestutasuna eskaini behar dizu.
- Bilatu zure sektorean espezializatuta dagoen bulego bat, eta egiaztatu beste enpresa batzuen erreferentziak.
- Bere partner sarea edo beste sektore batzuetan espezializatutako laguntza-sarea izan behar du, nazioartekotze-prozesu bati ekiteko orduan, adibidez, erabateko zerbitzua eman diezazun.
Zer nolako aholkularitza izango dut?
Oraindik ere aholkularitza juridiko on baten baliagarritasunari buruzko zalantzak badituzu, ikusi zertan lagun diezazukeen.
- Zure enpresa martxan jartzen. Enpresa berria sortu behar baduzu, legezko bulego batek formularik egokiena aukeratzen lagunduko dizu, besteak beste, zerga-sistema eta bazkideen erantzukizun-maila kontuan hartuta.
- Lege-balioa duten kontratuak edo akordioak sinatzen. Askotan pentsatzen dugu bosteko sinple bat, telefono-dei bat edo mezu elektronikoak nahikoak izan daitezkeela akordio profesional bat ziurtatzeko. Baina gauzak ez dira izaten horren errazak. Aholkularitza juridikoko zerbitzu baten bidez, segurtasunez bete ahal izango dituzu ekintza horiek guztiak eta bitartekaritzara jo ahal izango duzu gatazkaren bat izanez gero, besteak beste.
- Zure bezeroen datuak behar bezala erabiltzen. Datuak babesteko gaur egungo politikak erkidego-mailakoak eta oso murriztaileak dira, zure bezeroen datuak erabili nahi badituzu, esaterako, merkataritza-ekintzetarako. Aditu batek hori segurtasunez egin ahal izateko jarraibideak emango dizkizu.
- Norbere ondarea eta jarduera profesionala bereizten. Batzuetan, sozietate bateko administratzaileek edo administrazio-kontseiluko kideek beren ondare pertsonalarekin erantzun behar izaten dute. Lege-aholkularitza juridikoko zerbitzu batek egoera horiek identifikatzen lagun diezazuke, jarduera profesionalak zure ondare partikularrari eragin ez diezaion.
- Pertsona bat kontratatzen. Pertsona bat kontratatzeak zure enpresak ondo funtzionatzen duela esan nahi du. Baina lan-unibertsoa oso zabala da, eta praktikaldiko nahiz probako kontratuak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak ere hartzen ditu barne. Zuretzat nekagarriak izan daitezkeen xehetasun horietako asko eguneroko errutina dira lege-aholkularitzentzat.
- Zure estrategia digitalean laguntzen. Jarduera digitala enpresa baten funtzionamendurako ezinbesteko alderdia bihurtu da, eta zure web-orriak hainbat elementu izan behar ditu, hala nola lege-oharra, cookieen politika eta webgunearen pribatutasun-politika.
Gogoratu Gaztenpresan zure proiektu ekintzailea martxan jartzeko behar duzun laguntza aurki dezakezula, baita finantzaketa-biderik onenak bilatzeko eta zure negozioa sendotzeko ere, beste gauza askoren artean. Zatoz, nahi duzunean!