×

Para instalar Gaztenpresa en tu iPhone pulsa y luego Añadir a pantalla de inicio.

Navegación limitada - Sin conexión

Pedrusco: bitxigintza bihurturiko artisautza

Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin
Share on whatsapp
Share on email

Irene Trincadok (Barakaldo, 1981) ezin hobeto erantzuten dio ekintzailearen definizioari. Gazte-gaztetatik egon da lotuta modaren eta diseinuaren munduarekin, eta, 36 urte bete berritan, bere pasioa negozio bihurtzea erabaki zuen: bitxigintzako marka bat sortu zuen. Gaztenpresaren mentoring programari eta Nagore Ardanza mentoreari esker, enpresaren arloko beharrezko laguntza jaso zuen. Horrela, sinergia emankor bat osatu eta elkarrengandik ikasi zuten biek.

GAZTENPRESAREN BLOGA Bi urte igaro dira dagoeneko Pedrusco martxan jarri zenuenetik. Nola definituko zenuke zure negozioa gaur?

IRENE TRINCADO. Nire negozioa artisau-bitxigintzako enpresa bat da. Fabrikazio industrialik ez duten produktuak nahi dituztenei aukera bat eskaintzen diet. Oraingoz, negozio txikia da.

G. B. Zer material erabiltzen duzu zure bitxiak egiteko?

I. T. Zeramika batez ere, baina baita letoia eta zilarra ere. Etengabe esperimentatzea gustatzen zait, material, forma eta teknika berriekin. Egia esan, etengabe ari naiz prestatzen.

G. B. Zer dela eta bururatu zitzaizun zeramika berreskuratzea, bitxiak egiteko?

I. T. Eboluzio naturala izan zen: lehenbizi hobby bat zena, lanbide bihurtu zen pixkanaka. Banuen lan egonkor bat, eta horrekin tartekatzen nuen neure zaletasuna, baina aukeratzeko unea heldu zen, eta Pedrusco proiektuari ekin nion.

G. B. Zurea zer da, ekintzaile baten historia ala bokaziozko emakume batena? Edo biak?

I. T. Bietatik pixka bat. Alde batetik, nire familia ekintzailea da: amona eta ama haur-modaren diseinatzaileak ziren, eta, gainera, etxean egiten zituzten jantziak, eskuz haietatik asko. Hortaz, zerbait geratuko zitzaidan handik. Beste aldetik, zeramika ezagutu nuenean, bokazioa piztu zitzaidan. Esan liteke bokaziozko ekintzailea naizela… Kar-kar.

G. B. Zure negozioa inauguratu eta bi urtera, zer etapatan zaude, finkatzekoan ala hedatzekoan?

I. T. Oraingoz, Espainian finkatzeko fasean. Nire asmoa da Pedrusco atzerrian hedatuz joatea pixkanaka. Dagoeneko saltokiak ditugu Frantzian, Suitzan, Japonian eta Txinan.

G. B. Zergatik aldarrikatzen duzu artisautza, erromantizismo hutsagatik ala enpresaren ikuspuntutik etorkizuna duelako?

I. T. Artisautza aldarrikatzen dut gure kultura-ondarearen osagai bat delako, baina baita, jakina, enpresaren ikuspuntutik etorkizuna duelako ere. Ikusi besterik ez dago Etsy, Dawanda eta halako plataformak: negozio finkoak dira. Gaur egun, artisautza goraldian dago, ez dago zalantzarik.

G. B. Zer zailtasun aurkitu zenituen Pedrusco abian jartzeko?

I. T. Ekonomikoak, mundu guztiak bezala, nik uste. Baina negozioak aurrera egin ahala agertzen dira benetako zailtasunak. Nire prestakuntza sormenezkoa da erabat, eta asko ikasi behar izan dut zenbakiei eta enpresa-gestioari buruz.

G. B. Aurkitu al zenuen behar adinako laguntza GAZTENPRESAn? Nola lagundu zizun mentoring-programak?

I. T. Oso pozik nago Gaztenpresaren mentoring programarekin. Oso lagungarri izan zait, batez ere enpresaren alderditik: dudan enpresaren egitura ulertzeko eta jarraitu behar dudan norabidea zehazteko. Laguntza horrek segurtasuna eman dit.

GAZTENPRESAREN INPLIKAZIOA MENTORINGEAN

G. B. Eta zuk, Nagore, zer aurkitu zenuen Ireneren negoziorako mentoringarekin hasi zinenean?

NAGORE ARDANZA. Artista bat aurkitu nuen, bitxigintzako pieza eder askoak eta oso originalak diseinatzen dituena; oso emakume langilea, enpresaren hastapena beste jarduera batzuekin bateratzen dituena; eta bere marka non kokatu nahi zuen argi ikusten zuen emakumea. Bazekien zer nahi zuen, eta aspalditik ari da lanean horren bila.

G. B. Argi dago Ireneri ikaragarri gustatzen zaiola bere lana. Zenbateraino da garrantzitsua horrelako pertsona batekin lan egitea?

N. A. Funtsezkoa da, baina, egia esan, zorte handia dut. Nire lana dela eta, ekintzailez inguratuta nago beti, eta niri transmititzen didate haiek garatu duten produktuarekiko pasioa. Irene, noski, ez da salbuespena. Oso berezia izan da berarekin lan egitea. Alde batetik, oso pertsona gutxirengan aurkitu ditut berak dituen estiloa eta gustua. Hori lagungarri izan zait Pedruscoz duen ikuspegia ulertzeko. Beste aldetik, piezak sortzeko eta bildumetan sartzeko duen pasioa, jarraitzen duen ordena, nolako gustuz lantzen dituen bezeroengana irits daitezen… Asko ikasi dut berarengandik.

G. B. Ardura handia al da ekintzaile bati negozioa martxan jartzen laguntzea?

N. A. Bai, ardura handia da, batez ere kontuan hartzen baduzu saldu egin behar duela aurrera egiteko… Pentsatzen duzu agian bion artean ez garela gauza izango hori lortzeko. Azkenean, negozio baten neurria ez da zer produktu egiten duzun, baizik eta zenbat saltzen duzun. Mentorizazioaren helburua da elkarrekin hausnartzea, lana errazteko esperientzia eta tresnak eskaintzea, jarduera kontrolatzea eta erabakiak azkar hartzea, norabide egokia azkar hartzeko. Produktu bat saltzeko biderik onena probatu eta huts egitea izaten da askotan, eta lehenbailehen jakin behar da noiz ari zaren huts egiten, hurrengo proba hobetzeko eta eredurik egokiena lortzeko.

G. B. Ireneren eta Pedruscoren kasua, lehenengoa da zuretzat?

N. A. Ez, bigarrena. Nire lehen esperientzia Gaztenpresa sarean izan zen, sarea sortu eta lehen urtean.

G. B. Nola erabaki zenuen Gaztenpresaren mentoring programan parte hartzea?

N. A. Ni ere ekintzailea izan naiz, eta orain, Crecer + sarean, etengabe egoten naiz harremanetan ekintzaileekin. Ekintzaileari kanpotik lagunduko dion konfiantzako figuraren beharra ikusi dut beti. Nire proiektua izan nuenean, ez nuen figura hori ezagutzen, baina ondo etorriko zitzaidakeen. Zurekin batera gogoeta egingo duen jendea bilatzen saiatzen zara beti inguruan, baina inoiz ez programa baten barruan. Gaztenpresako Inmak eta Anak proiektua aurkeztu zidatenean, ideia ezin hobea iruditu zitzaidan: ekintzaileek esperientzia handiko eta hainbat alorretako pertsonak eskuragarri izatea, ezarritako esparru batean elkarrekin hausnartzeko. Ordura arte, Euskadin ez zen behar hori betetzen.

G. B. Eskerrik asko bioi.

Post gehiago irakurri.

Abendua 11, 2024
Berrikuntza eta desberdintzea funtsezko zutabeak dira enpresa-eremuan arrakasta izateko, batez ere ingurune globalizatu eta oso lehiakor batean. Enpresa gehienak Interneten daudenez eta teknologia tresna eta erakusleiho gisa erabiltzen dutenez, are garrantzitsuagoa da behar bezala erabiltzen jakitea. Gaur egun, berrikuntza eta desberdintzea funtsezkoak dira jasangarritasuna eta epe luzerako arrakasta bermatzeko. Arlo horietan inbertitzen duten enpresek, nabarmentzea...
Azaroa 11, 2024
Besteren konturako lanaren zurruntasunik ez dagoenez, autonomo gisa bizitza pertsonala eta lan-bizitza bateratzeko erraztasun gehiago dituzula eman dezake, baina itxurazko malgutasun horrek arazoak ere sor diezazkizuke bi alderdiak bereizteko orduan: lana eta atsedena; negozioa eta aisia. Halaber, zure produktibitateari ere eragin diezaioke. Horregatik, komeni da arau batzuk ezartzea zure energia mantendu ahal izateko. Zure nagusia...
Urria 9, 2024
Maite Ibañez de Maeztu Maikalaren buru izan da, Bilboko Deustu auzoan eta Alde Zaharrean erreferente izan den gozotegia.   GAZTENPRESA: Maikala 2015ean abiatu zen proiektua da, ezta?   MAITE IBAÑEZ DE MAEZTU: 2015ean sortu zen, lantegiaren zatia martxan jarri zenean, eta urtebete geroago arte ez zen jarduera abiarazi Plaza Berrian, lehenengo dendarekin. Leioan trebatzea erabaki...
Urria 3, 2024
Normalean “babestuta” terminoa ikusten dugu, bai ekitaldietan, bai edukietan, baina zer esan nahi du zehazki? Babesletza marketin-estrategia bat da, non enpresa batek (babesleak) finantzaketa ematen dion erakunde, ekitaldi, pertsona edo kausa bati (babestuak), elementu horri lotutako marka erakustearen truke. Hau da, bi aldeek etekinak lortzen dituzten merkataritza-harreman bat ezartzen da. Sinergiak sortzeko lankidetza. Teknika horrek...
Iraila 18, 2024
Hiru hankako mahaia. Baina ez edozein. Sendoa, gogorra. Une onak pasatzeko elkartzen zaren horietako bat. Hori Emakumeook dela esan liteke. Hiru emakume ekintzailek sortutako proiektua. Almudena, Bea eta Naiarak.   GAZTENPRESA: Nola ezagutu zenuten elkar eta nola sortu zen Emakumeook? EMAKUMEOOK: Emakumeook gaur hemen ez dagoen hirugarren pertsona batengatik sortu zen, Ambrosa. Hirurak pandemian geunden...
Iraila 3, 2024
Zure negozioak bultzada bat behar du? Azkenaldian zure enpresa gelditu egin dela iruditzen zaizu? Agian, zure estrategia komertziala edo negozio-plana berriz ebaluatzeko garaia da, mailaz igotzeko, zure markaren ikusgarritasuna indartzeko eta zure produktuaren edo zerbitzuaren salmentak handitzeko. Hona hemen zure enpresaren egoera hobetzeko hainbat aholku, bai enpresa berria izan bai denbora luzea finkatuta eman.  ...

2025-02-10 01:49:57