Ekitearen gakoetako bat negozio-eredua zehaztea da, zure enpresa izango denak diru-sarrerak lor ditzan eta errentagarria izan dadin. Planteamendua itxuraz erraza bada ere, negozio-eredua erabakitzeko funtsezko alderdi batzuk zehaztu behar dira, honako hauek, adibidez: bezeroak, haien gustuak eta beharrak, haiengana hurbiltzeko modua zure bezero egin daitezen, eta, azken finean, erabaki estrategikoak hartzeko behar duzun informazioa lortzea. Hau da, ereduaren gaia erabat lotuta dago erabiltzaileek eta bezero izan daitezkeen pertsonek eurek dituzten beharrekin.
Bezeroak, erdigunean
Premisa nagusi bat hartu behar da kontuan: bezeroak dira negozio-eredu ororen erdigunea, enpresek ezin baitute haiek gabe luzaroan iraun, Canvas ereduaren sortzaile den Alexander Osterwalderrek ziurtatzen duenez. Canvas eredua metodorik erabilienetako bat da, bere sinpletasuna, azkartasuna eta egitura bisuala direla eta. Izan ere, bezeroei balioa eskaintzea eta haiekiko lotura sendoak ezartzea lortzen duten ereduak dira gaur egun ondoen funtzionatzen dutenak.
Negozio-eredua erabakitzea funtsezkoa da, eta lagundu egingo dizu zure enpresa berriarentzat oinarrizkoak diren elementu batzuk zehazten; besteak beste, honako hauek:
- Merkatuari eskaini nahi dizkiozun produktuak.
- Horiek nola aurkeztuko dituzun.
- Bezerotzat nahi dituzun pertsonen profila.
- Hori lortzeko zure enpresak aurrera eramango dituen jarduera estrategikoak.
Negozio-eredua zehazteko gakoak
Adierazitako guztia kontuan hartuta, oso garrantzitsua da eredua zehazten lagunduko dizuten gakoak ezagutzea. Zeregin horri heltzean, elementu hauek aintzat hartu eta zehaztu behar dituzu:
- Zer produktu- edo zerbitzu-proposamenekin aurkeztuko zaren enpresa merkatuan.
- Nola bereiziko duzun gainerako eskaintzatik.
- Zer salmenta-metodo erabiliko duzun.
- Nor izango diren zure bezeroak.
- Zer estrategia aurreikusi duzun bezero berriak lortzeko eta zurekin jarrai dezaten.
- Nola aurkeztuko duzun zure burua merkatuan, eta zer merkataritza- eta marketin-estrategia garatuko dituzun.
- Zein izango den zure diru-sarrera nagusia.
- Zer balio korporatibo emango duzun.
Negozio-ereduen motak
Elementu horiek zehaztu ondoren, argiago ikusiko duzu zure enpresa berriaren negozio-eredua. Gaur egun hainbat daude, hauek, esaterako:
- Frankizia. Ezagunenetako bat da. Bi aldeek adostuta, enpresa batek beste baten produktuak merkaturatzen ditu horren merkataritza-metodoak, marka, marketin-estrategia eta abar erabiliz. Trukean, frankizia-hartzaileak urteko kanon bat edo irabazien ehuneko bat ordaintzen dio frankizia-emaileari.
- Long tail edo buztan luzeko negozioa. Funtsezko helburua eskaera gutxiko produktuen katalogo oso zabala eskaintzea da, errentagarritasun orokor handia lortzeko. Hau da, eredu horren helburua ez da produktu gutxi batzuen ale mordoa saltzea, gutxi saltzen diren produktu ugariren katalogo zabala eskaintzea baizik, guztira diru-sarrera handiak lortzeko.
- Freemium. Aplikazio mugikor askok erabiltzen dute eredu hori. Oinarrizko zerbitzua doan eskaintzen dute; baina, bezeroak zerbitzu osagarri aurreratuak eskatzen dituenean, kobratu egiten dute. Erabiltzaile gehienek ez dutenez ordaintzerik nahi, bezero-talde oso zabala eduki behar da monetizazio hori lortzeko.
- Harpidetza bidezkoa. Aldizkako argitalpen gehienek erabiltzen dute, produktu edo zerbitzuren bat eskaintzeko. Adibidez, egunkari batzuek eduki zabalagoak eskaintzen dituzte hileko, hiruhilekoko, seihilekoko edo urteko harpidetzaren truke.
- Afiliaziokoa. Eredu horren bidez, enpresa batek hirugarrenen produktuak edo zerbitzuak saltzen ditu eta komisioa lortzen du salmenta bakoitzeko. Esate baterako, fitnesserako gailuak aztertzen dituen aldizkari batek gailu horiek saltzen dituen enpresaren webgunerako esteka jartzen du, eta komisioa eskuratzen du salmenta bat egiten den bakoitzean.
- Peer to Peer. Bi pertsonaren arteko salerosketa-modalitate hori oso ohikoa da bigarren eskuko arropa edo gauzak saltzen dituzten plataformetan. Kasu horretan, enpresak komisioa jasotzen du salmenta bakoitzeko edo publizitateari esker.
- Plataforma multilateralak. Eredu horretan, elkarren artean harremanik ez duten bi alderdi edo gehiago elkartzen dira, guztiek —baita hornitzaileak ere— etekina lortzeko. Eredu horren adibiderik adierazgarrienetako bat Google da. Harremanetan jartzen ditu produktu edo zerbitzu jakin bat bilatzen duten erabiltzaileak eta hori eskaintzen duten enpresak, eta zerbitzu-hornitzaileak etekina lortzen du, normalean publizitatearen bidez.
Negozio-eredu horiek erreferentzia bat baino ez dira, zehaztuta dituzun parametroen arabera, zurea erabaki dezazun, eta negozio-proiektua berritzailea eta errentagarria izan dadin. Eta zure ekintzailetza-proiektua prestatzeko edo bultzatzeko laguntza bila bazabiltza, Gaztenpresan behar dituzun tresna guztiak eskaintzen dizkizugu. Hortxe izango gaituzu.