Bost urrats, hutsetik hasita eta modu ordenatuan enpresa bat sortzen laguntzeko

Norberaren negozioa hutsetik sortzeko zenbait fase gainditu behar dira: ideia ondo zehaztu, kontu asko egin, negozio-plan on bat prestatu, tramiteak bete, finantzaketa bilatu… Baina, azkenean negozioa martxan ikusten duzunean eta errentagarritasuna ateratzen hasten zarenean, sentsazioa paregabea da. Beraz, 2020. urte hau aprobetxatu nahi baduzu ekintzailetzaren munduan murgiltzeko, ez larritu; ordenatu zure ideiak eta kontuan hartu enpresa bat sortzeko urrats hauek:

  1. Zehaztu ondo zure ideia. Honez gero argi izango duzu zeure negozio-ideia, baina berriro esan nahi dizugu: erabili eskura dituzun baliabide guztiak, ideia ahalik eta zehatzena izan dadin; miatu bazter guztiak ideia hobetzen lagunduko dizuten xehetasunen bila, eta ziurtatu ideia on hori negozio on bat ere izan daitekeela. Edonola ere, kontuan hartu Gaztenpresatik eman dizkizugun aholku guztiak, lagungarri izango baitzaizkizu zure helburuak betetzeko.
  2. Prestatu negozio-plan osatu bat. Zure enpresa-proiektuaren abiapuntua da negozio-plana: funtsezkoa da aldez aurretik ikusteko zein diren zure benetako aukerak, zure ahuleziak eta mehatxuak, zure indarrak eta, interesgarriena, zure aukerak. Tresna horri esker, zure enpresaren funtzionamendua simulatu ahal izango duzu etor litezkeen egoera guztietan, erabakirik egokienak aldez aurretik eta arriskurik gabe har ditzazun. Baina, horrez gain, zure negozioa finantzatzeko atea ireki dezakeen giltzetako bat da. Zure enpresa berme guztiekin abian jartzeko behar duzun guztia zehaztu ahal izango duzu plan horren bidez.
  3. Izan metodikoa tramiteekin. Hitzak berak atzera botatzen bazaitu ere eta askotan aspertzearen sinonimoa izan arren, garrantzi handikoa da barruan daramazun pertsona metodiko hori kanpora atera eta enpresa bat sortzeko tramiteak ahalik eta prestutasunik handienaz betetzea. Hona hemen egin beharreko gauza batzuk, banakako enpresaburua izatea erabakitzen baduzu adibidez:

-Zentsu-aitorpena aurkeztu eta enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldan alta ematea.

-Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAABean) profesional autonomo gisa alta ematea.

-Gizarte Segurantzan izena ematea eta lan-istripu edo gaixotasunengatiko kontingentziak estaliko dituen mutualitatea esleitzea.

-Norbait kontratatuz gero, Gizarte Segurantzan afiliatu eta alta ematea.

– Lan-kontratuak egitea Lanbideren edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan.

Ez ikaratu! Gogoratu zure ondoan gaituzula beti, laguntzeko eta zalantza guztiak argitzeko prest, esate baterako hauek: nola sortu sozietate mugatu bat, zer PFEZ ordaindu autonomoa bazara, zer fiskalitate duzun banakako enpresaburua bazara edo sozietate bat baduzu eta, oro har, zer eskakizun bete behar dituzun enpresa bat sortzeko.

  1. Bilatu finantzaketa. Zure negozioa itxura hartzen ari da; baina, nola finantzatuko duzu? Finantzabide asko daude: ohiko F hirukoitza (Fools, Family and Frieds), business angels deritzenak, mikrokredituak, crowfundinga, crowdlendinga, crowdsourcinga eta abar. Puntu horretara iritsita, Gaztenpresara jotzea duzu onena, finantzatzeko formulak eta eskura dituzun laguntzak eta dirulaguntzak ezagutu eta aztertzeko. Horretarako sartu dirulaguntzen atalari buruzko erlaitzean eta begiratu haietako bat eskura dezakezun.
  2. Finkatu eta sendotu zure negozioa. Zorionak! Zure negozioa martxan jartzea lortu duzu, baina ez fidatu eta erlaxatu. Gauza batzuk egin behar dituzu oraindik: negozioa sendotzeko unea da, bizitasuna emateko eta, jakina, errentagarri bihurtzeko. Horretarako, Gaztenpresak eskaintzen dituen tresna guztiak dituzu eskura: finkatze-lantegiak, mentoreen laguntza kualifikatua eta LABORAL Kutxaren Consulting Prok eskainitako aholkularitza-zerbitzu guztiak.

Informazio gehiago nahi baduzu enpresa bat sortzeko eskakizunen inguruan, jarri harremanetan Gaztenpresarekin: behar duzun laguntza eskainiko dizugu eta ondoan izango gaituzu negozioaren etapa guztietan.