Gaztenpresaren «berritu eta sendotu zure negozioa» programaren barruan, hainbat web-mintegi diseinatu ditugu, zure enpresaren egunerokorako funtsezkoak diren trebetasun bigunak (soft skills) eta finantzarioak garatzen laguntzeko.
«Gaztenpresaren astelehen digitalak» programak bezala, zazpi web-mintegi ditu honako honek, eta «Zure negozioa sendotzeko trebetasun pertsonal eta finantzarioak» lantzen dituzte. Zoom bidez emango ditu Gaztenpresak, apirileko eta maiatzeko asteazken guztietan, eta ordubeteko iraupena izango dute. Lehenengoa apirilaren 14an izango da.
Horietako edozeinetan eman dezakezu izena hemen.
Nola bilatu zure negoziorako aukerak (apirilak 14)
Gaur egun, merkatua etengabe aldatzen da, eta aukera ugari eskaintzen dizkie erosleei. Hori dela eta, ekintzaile izateko asmoa duten pertsonei edo negozioa abian izan arren berritu nahi dutenei nekeza egiten zaie asegabeko aukerak eta beharrak identifikatzea. Beraz, merkatuan aukera berriak identifikatzeko eta negozioaren etorkizunari arrakastaz aurre egiteko zer kontuan hartu ikusiko dugu web-mintegi honetan.
Garatu zure helburuak arrakastaz (apirilak 21)
Enpresaren arrakasta bermatzeko, aurrez estrategia on bat finkatu behar da, eta oso ondo zehaztutako helburuak ere bai. Horretarako, ingurunea eta baliabideak sakon aztertu beharko ditu ekintzaileak, helburuak finkatu aurretik. Lantegi honetan, gure negozioarekin bat datozen helburuak adimenez (SMART) ezartzeko kontuan hartu beharreko alderdiak azpimarratuko ditugu.
Aldatu norabidea zure negozio-ereduari – Canvas (apirilak 28)
Enpresa-munduan hainbat modu daude negozio-eredu on bat nola diseinatu azaltzeko. Lantegi honetan, Canvas tresna aztertuko dugu; negozio-eredua zehazteko, ekintzailearen trebetasun pertsonaletan oinarritzen da. Eredu horren 9 moduluak aztertuko ditugu, baita horietako bakoitzak zer adierazten duen ere.
Berreraiki zure altxortegia (maiatzak 5)
Batzuetan zaila izan daiteke negozio baten altxortegia kontrolatzea eta planifikatzea. Beraz, ikusiko dugu nola kudeatu altxortegiko koadro bat eta nola erregistratu zergak modu automatizatuan egunez egun, CashBox kudeaketa-tresna erabiliz. Oso tresna erraza eta intuitiboa da; beraz, adibide praktiko batzuk simulatuko ditugu, berorren soiltasuna erakusteko. Web-mintegian parte hartzen duten guztiek banakako tutoretza izango dute, ondoren, eskura, sortu zaizkien zalantzak argitzeko eta tresna behar bezala erabiltzen dutela ziurtatzeko.
Kalkulatu zure produktuen prezioak – Merkataritza (maiatzak 12)
Negozio batentzat zaila izan daiteke merkatuan eskainiko duen produktuaren edo zerbitzuaren prezioa zehaztea. Horretarako, elementu inplizitu guztiak hartu behar dira kontuan, eta kostu horiek azken prezioan aplikatu. Prezioa behar bezala kalkulatzeko oso tresna erabilgarria ikusiko dugu, eta prezio egokia ezartzea lortuko dugu. Web-mintegi honetan, merkataritzaren sektorean eta sektore horretako produktuen prezioetan jarriko dugu arreta.
Kalkulatu zure produktuen prezioak – Zerbitzuak (maiatzak 19)
Merkatuan faktore asko hartu behar ditugu kontuan, gure produktu edo zerbitzuei prezio egokia ezartzerakoan. Kasu honetan ikusiko dugu nola zerbitzuen sektoreko negozioek edo sektore horretan negozio bat irekitzeko asmoa duten pertsonek erraz kalkula dezaketen preziorik onena, kostuak estaltzeko eta irabaziak lortzeko. Horretarako, kudeaketa-tresna baliagarri bat erabiliko dugu.
Kalkulatu zure produktuen prezioak – Ostalaritza (maiatzak 26)
Ostalaritza beti izan da gure kulturaren parte. Tabernek eta jatetxeek prezioak egokitu behar izan dituzte, merkatuak eta lehiak gora egin ahala. Baina, egokiak dira lokal horietan ezartzen diren prezioak?
Web-mintegi honetan ikusiko dugun kudeaketa-tresnarekin erraza izango da negozioaren kostu guztiak antzematea eta eskaintzen den zerbitzuari prezio egokia jartzea.