Gero eta gehiago dira sinadura digitala izatea eskatzen diguten administrazio-kudeaketak, herritar partikularrak nahiz autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak izan. Baina, zer da sinadura digitala? Nola eskura dezakegu?
Has gaitezen hasieratik. Begien bistakoa dirudien arren, komeni da argitzea sinadura digitala ez dela, inolaz ere, eskuz idatzitako gure sinadura eskaneatzea eta dokumentu batean jartzea. Administrazio Elektronikoaren Atarian dugun definizioaren arabera, “sinadura digitala dokumentu elektroniko batekin batera doazen edo hari lotuta dauden datu elektronikoen multzoa da”, eta honako helburu hauek ditu:
- Sinatzaileen nortasuna ziurtatzea.
- Sinatutako dokumentuaren osotasuna eta segurtasuna bermatzea, ziurtatuz dokumentu hori ez dela aldatu transmititu den bitartean, eta beste inork ez duela dokumentuaren edukia ikusi.
- Dokumentua bidali eta jaso dela egiaztatzea edo “fede ematea”. Hala, dokumentua digitalki bidali duen pertsonak eta jaso duenak ezin dute ukatu bidali edo jaso izana, hurrenez hurren.
Eta zer behar da dokumentu bat digitalki sinatzeko?
NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala behar dugu, Ziurtapen Agintaritzetako batek emana: Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionala, Camerfirma, Izenpe, etab. Elementu horiek, NAN elektronikoak eta ziurtagiri digitalek, gako kriptografiko batzuk dituzte. Gako horien bidez, zalantzarik gabe identifika daiteke sinatzailea, dela pertsona fisikoa, dela juridikoa, eta, hala, eskuz idatzitako sinaduraren balio juridiko berdina izango du dokumentuak.
Nola erabili NANa sinadura digitalerako
Beraz, ia guztiok eskura dugun elementu bat da sinadura digitalerako aukeretako bat: NANa. Gure nortasun-agiriak txipa baldin badu (urre-koloreko elementua), zordunketa- edo kreditu-txarteletan dugunaren antzekoa, orduan NAN elektronikoa dugu. Baina hori ez da aski; aktibatu egin behar dugu edozein dokumentu elektronikoki sinatzeko erabili ahal izateko.
Horretarako, aurrez aurre joan behar dugu NANa egiten duen polizia-etxe batera, aurrez hitzordua eskatu gabe, eta han horretarako jarritako makinetako bat erabili. Aktibatu ondoren, gure NANa erabili ahal izango dugu administrazio publikoekin eta enpresa publikoekin eta pribatuekin hainbat kudeaketa online eta modu seguruan egiteko.
Baina eragozpen txiki bat dago, bereziki gure NANa 2015 baino lehen egina bada, kasu horretan txartel-irakurgailu bat beharko baitugu edozein dokumentu elektronikoki sinatu ahal izateko. NANa 2015 baino geroago egin edo berritu badugu, eta haririk gabeko NFC teknologia duen smartphonea edo tableta badugu, ez dugu txartel-irakurgailutik beharko kudeaketak online egiteko.
NAN elektronikoaren alternatiba: ziurtagiri digitalak
Esan bezala, dokumentu bat digitalki sinatzeko beste aukera da ziurtagiri elektronikoa izatea. Ziurtagiri elektroniko hori Ziurtapen Agintaritza batek emandako dokumentu digitala da, eta gako pare batekin identifikatzen du pertsona.
Ziurtapen Agintaritza horietako bat, Konfiantzazko Zerbitzu Elektronikoen Emaileak ere deituak, Izenpe da, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek bultzatutako erakundea, herritarrei eta langile autonomoei sinadura digitalerako irtenbideak emateko, esate baterako, BakQa.
BakQa sinadura elektronikoko bitarteko bat da, eta identifikatzaile bat (pertsonaren NAN/AIZ) eta bi autentifikazio-faktore ditu: 8 karaktereko pasahitza eta koordenatu-joko bat edo SMS kode bat. Haren bidez, kontsultak eta izapideak online egin ditzakegu euskal administrazio publikoen zerbitzuetan, edozein ordenagailu, mugikor edo tabletatik, eta gailu horietan ezer instalatu beharrik gabe.
Nola lortzen da BakQa? Ziurtagiri kualifikatua denez (ziurtagiri hori ematen duen erakundeak fede ematen du esan duena dela egiaz sinatzailea), aurrez aurre joan beharko dugu euskal geografian banatuta dauden 500 eskaera-gune baino gehiagotako batera. Arreta-puntu batean eskaera egin ondoren, mezu elektroniko bat bidaliko digute emisio- eta aktibazio-prozesua amaitzeko, eta handik minutu gutxira erabiltzeko prest egongo da gure BakQa.
“Sinadura elektronikoa” web-mintegia
Baina BakQa ez da Izenpek herritarren, ekintzaileen eta enpresen eskura jartzen duen ziurtagiri elektroniko bakarra. Euskadin eta Nafarroan elektronikoki sinatzeko gainerako aukerak ikusteko, “Sinadura elektronikoari” buruzko web-mintegia emango dugu. Tailer hori “Gaztenpresaren astelehen digitalak” zikloaren barruan egingo da.