×

Para instalar Gaztenpresa en tu iPhone pulsa y luego Añadir a pantalla de inicio.

Navegación limitada - Sin conexión

Posible al da nire mugikorrarekin argazki onak ateratzea, sare sozialetarako eta nire negozioaren webgunerako?

gzt-art-webinar-fotografia
Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin
Share on whatsapp
Share on email

Erantzuna BAI da, baina ez gaitezen engainatu. Denok ez daramagu argazkilari bat barruan, eta gure telefono adimendunarekin ateratako argazkiek ez dute inoiz izango profesional batek atera ditzakeen argazkien kalitate bera, argazkilaritza beti gure hobbyetako bat izan ez bada eta arlo horri buruzko prestakuntzarik ez badugu behintzat.

Baina kontu hori argi badugu, eta une horretan argazkilari profesional bat kontratatzeko aukerarik ez badugu aurrekontuagatik, garrantzitsua da ez adoregabetzea eta jakitea, gaur egun, gure mugikorrei esker, gure produktuen eta gure negozioaren egunerokotasuneko irudi onargarriak lor ditzakegula gure webgunea, online denda, sare sozialak eta abar irudiztatzeko. Horretarako, denbora eskaini eta praktikatu egin behar dugu ¾ezer ez da lehenengoan lortzen¾. Horrez gain, jarraian zerrendatuko ditugun gomendio batzuk izan behar ditugu kontuan.

Gure telefono adimendunarekin argazki onak ateratzeko gomendioak

  1. Lehenik eta behin, gure telefono adimendunaren lentea edo lenteak garbitu behar ditugu, edozein argazki atera aurretik. Txotxolokeria bat dirudi, baina, egia esan, gehienok mugikorra eskuan dugula igarotzen dugu eguna, edo hura poltsikora sartzen eta ateratzen, mugimendu horiekin gure mugikorraren lentea ukitzen eta zikintzen dugula konturatu gabe. Horrenbestez, edozein argazki atera aurretik, betaurrekoen kristalekin erabiltzen dugun gamuza bat hartu eta telefonoaren optika (lentea) garbitu behar dugu. Keinu txiki eta sinple horrekin, nabarmen hobetuko da gure mugikorrarekin ateratako edozein argazkiren argitasuna.
  2. Araztasunari dagokionez, argazki on bat ateratzeko orduan oso garrantzitsua da mugikorra ahalik eta gutxien mugitzea; beraz, funtsezkoa da gure pultsuak ez huts egitea eta gailua ahalik eta egonkorren mantentzea. Baina gure pultsuaren egonkortasuna gure esku ez dagoenez, tripode txiki bat eskuratzea da onena, argazkiak ateratzen laguntzeko. Erabilgarria izan daitekeen beste trikimailu bat da, argazkia ateratzerakoan, ukondoak mahai edo gainazal irmo baten gainean jartzea.
  3. Argiztapena oinarrizkoa da edozein argazkitan eta, kontuan izanik mugikorretako kamerek ez dutela ondo lan egiten argi gutxirekin, argi-iturri natural ona duen leku bat bilatu beharko dugu, edo foku/lanpara/bonbilla bat izan beharko dugu argi difusoa bermatzeko, kontraste edo itzal handiegirik sortu gabe.
  4. Horrez gain, arreta berezia jarri beharko diogu argazkiaren atzealdeari, batez ere produktu-irudietan, eta are gehiago gure online dendan erabili nahi baditugu. Kasu horietan, atzealde neutroa edo zuria erabiltzea gomendatzen da, eta horretarako, kartoi-mehe bat erabil daiteke, esaterako.
  5. Ez da gomendatzen mugikorraren zooma erabiltzea, telefono adimendun gehienetan zooma digitala baita, ez optikoa. Izan ere, zoom optikoak fotografiatu nahi dugun objektura hurbiltzen gaitu; zoom digitala, berriz, artifiziala da eta hark eskaintzen digun irudiak ez du zoom optikoarekin lortzen denaren kalitatea eta argitasuna. Horrenbestez, produktuaren, zure dendaren, beira-arasa baten eta abarren xehetasun bat atera behar baduzu, hobe da zu fotografiatu nahi duzun horretara hurbiltzea, mugikorraren zoomera jotzea baino.
  6. Era berean, ez da gomendagarria mugikorraren flasha erabiltzea; izan ere, flashak oso argi gogorra sortzen du, eta horrek itzal markatuak sortzen ditu.
  7. Beste gomendio erabilgarri bat da, argazkia atera aurretik, argazkiak zer konposizio eta formatu (karratua, bertikala edo horizontala) izatea nahi dugun argi izatea. Zentzu horretan, mugikorretako ia kamera guztiek badute baliabide bat, «Laukia» deiturikoa (Doikuntzak/Ezarpenak atalean egoten da). Hura aktibatzea komenigarria da argazkiaren konposizioa ikusteko, eta zentratuta zer elementu geratuko diren eta horrenbeste protagonismo zeinek izango ez duen jakiteko, besteak beste.
  8. Azkenik, kontuan izan behar da, argazkia zenbat eta hobea izan, orduan eta gutxiago apaindu beharko dugula gero. Hala ere, errealistak gara, eta irudiak gero zuzendu edo orraztu beharreko akats txikiren bat izango du seguruenik. Horretarako, argazkiak ukitzeko aplikazioren bat erabil dezakegu, mugikorrerako espezifikoa eta erabilerraza, Snapseed adibidez.

Web-mintegia: «Sare sozialetarako mugikorrarekin argazkiak ateratzeko funtsezko gakoak»

Gomendio horietan gehiago sakondu nahi baduzu, «Sare sozialetarako mugikorrarekin argazkiak ateratzeko funtsezko gakoak» web-mintegian parte hartzera gonbidatzen zaitugu, «Gaztenpresaren Astelehen Digitalen» esparruan. Saio hau No te pierdas en las redes marketin digitaleko agentziak eskainiko du, Meraki Estudio de Fotografía estudioarekin lankidetzarekin.

Lantegi horretan, zure mugikorraren kamera hobeto ezagutzen irakatsiko dizugu, eta kontu horiek guztiak nabarmenduko ditugu: argiztapena, atzealdeak, zure mugikorrerako osagarri erabilgarriak, bizitza erraztuko dizuten edizio-aplikazioak eta abar, argazki baliagarriak lortzeko eta, horiek erabiliz, zure negozioaren jarduera webgunean eta sare sozialetan aurkezteko.

Ez galdu!

Post gehiago irakurri.

Uztaila 10, 2025
2025eko uztailaren 8a.–LABORAL Kutxaren Gaztenpresa Fundazioak 348 enpresa sortzen lagundu du 2024an, eta enpresa horiek 696 lanpostu berri sorrarazi dituzte. 1994an sortu zenetik, Fundazioak 7.246 enpresari lagundu die abian jartzen, eta horiek 13.371 laguni eman diete lana. Datuok Gaztenpresaren 2024ko txostena aurkezteko ekitaldian ezagutarazi dituzte, LABORAL Kutxak Bilbon duen lurralde-egoitzan. Gaztenpresako lehendakari Ibon Urgoiti pozik...
Abendua 11, 2024
Berrikuntza eta desberdintzea funtsezko zutabeak dira enpresa-eremuan arrakasta izateko, batez ere ingurune globalizatu eta oso lehiakor batean. Enpresa gehienak Interneten daudenez eta teknologia tresna eta erakusleiho gisa erabiltzen dutenez, are garrantzitsuagoa da behar bezala erabiltzen jakitea. Gaur egun, berrikuntza eta desberdintzea funtsezkoak dira jasangarritasuna eta epe luzerako arrakasta bermatzeko. Arlo horietan inbertitzen duten enpresek, nabarmentzea...
Azaroa 11, 2024
Besteren konturako lanaren zurruntasunik ez dagoenez, autonomo gisa bizitza pertsonala eta lan-bizitza bateratzeko erraztasun gehiago dituzula eman dezake, baina itxurazko malgutasun horrek arazoak ere sor diezazkizuke bi alderdiak bereizteko orduan: lana eta atsedena; negozioa eta aisia. Halaber, zure produktibitateari ere eragin diezaioke. Horregatik, komeni da arau batzuk ezartzea zure energia mantendu ahal izateko. Zure nagusia...