Jango al zenuke artisau eran prestatutako platerkada bat pasta? Etxeko tiramisu bat, agian? Gure gaurko ekintzaileak, Franco Santonastaso-k, oso argi zuen bere jatetxeak, Gasteizko Farinak, tokiko eta sasoiko produktu ekologikoen hautua egin behar zuela, haien kalitateagatik eta iraunkortasunagatik. “Tentu handiz aukeratutako produktu horiekin prestatutako platerak eskaini nahi dizkizuegu”, azaltzen du.
Hurbileko produktuak
Hori dela eta, bere webgunean atal bat eskaintzen die ekoizleei. Atal horretan ikus dezakegunez, pasta egiteko erabiltzen duen irina harrizko errota batean ehotzen da, Argiñaritzen (Nafarroa). Arrautzak ere ekologikoak dira, eta Larrabetzuko (Bizkaia) Luciaren Etxea baserritik datoz. Haragia, berriz, Adolforen etxaldetik dator, Gilarteko Torrebe Etxetik, hain zuzen. Etxaldeko animaliek libre bazkatzen dute Gibijoko mendilerroan.
Francok Gaztenpresara jo zuen bere negozioari ekiteko: jatetxe bat, Italiako tradizioaren arabera etxeko pasta egin berria eskaintzen duena. Dena dela, euskal gastronomiak ere eragina du kartan; izan ere, euskal eta italiar sukaldaritzak uztartzearen emaitza ezagutarazi nahi dute.
Zapore ezin gozoago horietaz gozatu nahi baduzu, Farina jatetxea Gasteizko Urbina kaleko 5 zenbakian dago, Molinuevo parkearen ondoan. Eta zure negozio propioaren gose bazara, gogoratzen dizugu edonoiz jar zaitezkeela harremanetan gurekin. Hemen gaude prozesuaren fase guztietan laguntzeko, eta, gure ekintzailetza-planari esker, 25.000 euroraino eskaintzen dizkizugu, inolako abalik gabe, zure ametsa gauzatzeko.