×

Para instalar Gaztenpresa en tu iPhone pulsa y luego Añadir a pantalla de inicio.

Navegación limitada - Sin conexión

Elkarrizketa Adriana Guevarari, emakume ekintzailea: “Beldur handiagoa izan behar zaio gelditzeari ausartzeari baino”

adriana guevara
Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin
Share on whatsapp
Share on email

Ausardia, ilusioa, anbizioa eta pertseberantzia. Horiexek dira proiektu ekintzaile bat aurrera eramateko beharrezko osagaietako batzuk. Aste honetan Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu dugu, eta hori dela eta, Adrianak emakume ekintzaile gisa duen esperientzia partekatu nahi dugu, hostel baten buru baita Bilboko erdigunean.

Nor da Adriana Guevara eta zein dira sektorean egin dituzun lehen urratsak?

32 urteko emakumea naiz, gizarte-lana ikasi nuen eta emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeko masterra dut. Ikasketak amaitutakoan, 7 urte eman nituen atzerrian bizitzen, eta 2018aren amaieran Euskadira itzultzea erabaki nuen.

Nire familia aireportu ondoko etxe batean bizi izan da beti. Itzuli nintzenean, familiako gorabeherengatik, etxea hustu egin zen eta negozio-aukera bat ikusi nuen nire aurrean. Familiaren etxea zenez, ez nuen hipoteka bati edo alokairu bati aurre egiteak dakarren presio ekonomikorik.  Beraz, duela 3 bat urte, gure familia-etxea logelaka alokatzen hasi ginen anaia eta biok.

Lehen negozio horretan gure bezero gehienak frantsesak dira, Euskadira autoz etortzen direnak, eta, aparkaleku kontuengatik, besteak beste, ostatua kanpoaldean hartzea erabakitzen dutenak. Ostatuak, gainera, alboan du metroaren 3. linea eta 8 minutuan Bilboko erdigunean zaude. Ostatua aireportutik gertu hartu nahi duten pertsona asko ere etortzen dira.

Nola pasa zinen lehen negozio horretatik zure egungo proiektura?

Nire ustez, negozioaren sekretua kokapena da beti, ostatu mota edo zerbitzua baino gehiago. Eta pixka bat dibertsifikatu eta Bilbon saiatu nahi izan nuen.

Hiru urtez saiatu naiz proiektu hau hainbat modutan martxan jartzen.

Hasieran, neuk bakarrik ekiteko behar adina baliabide ez neukanean, beren etxebizitza modu tradizionalean alokatzen duten hainbat partikularrekin jarri nintzen harremanetan.  Nire asmoa zen partikular horiek etxebizitza uztea alokairu turistiko gisa erabiltzeko. Atzera egin behar izan nuen, ordea, jabeek arrisku handia ikusten dutelako horretan, nire ustez kontrakoa gertatzen denean: epe luzerako alokairu tradizionala egiten duzunean, ez zara askotan pasatzen etxebizitzatik eta ez dakizu zer egoeratan dagoen. Aldiz, alokairu turistiko batekin, garbiketa egitera joan behar duzunez eta etxeak egoera ezin hobean egon behar duenez hurrengo erreserba iritsi baino lehen, badakizu etxebizitza txukun egongo dela beti.

Gainera, egonaldi bakoitzarekin ebaluatzen den zerbitzua da, eta establezimendua ez da ebaluazioa jasotzen duen bakarra, baita ostatu hartzen duten pertsonak ere. Horrenbestez, bi aldeei interesatzen zaie esperientzia ahalik eta onena izatea.  Ebaluazio hori aukerakoa da, baina Booking edo Airbnb bezalako plataformen gakoa horixe da, hain zuzen ere, baloratu ahal izatea. Izan ere, gizarteak, ez bakarrik hotelen eremuan, gero eta gehiago jotzen du horretara: zerbait erosi aurretik, afaltzera joan aurretik eta abar, beste pertsona batzuen iritziak bilatzen ditugu.

Ideia hori ez zen gorpuztu, eta proiektua aurrera eramateko beste modu batzuk pentsatu behar izan nituen.

Etxe bat bilatzen saiatu nintzen hurrena. Jakina, erosi ahal izateko, etxe txikia izan behar zuen, gero etxebizitzak alokatzeko plataformetan eskaini ahal izateko. Hala ere, ezin nuen neure gain hartu etxebizitza bat erosi eta ondoren lizentzia eskatzeko arriskua; izan ere, lizentzia ez bazidaten ematen, nola egingo nion aurre hipotekari? Hau da nire lan- eta diru-iturri bakarra, eta arrisku handiegia zen.

Urte pare bat igaro ondoren, jada lizentzia zuten etxebizitzetara mugatzea erabaki nuen, nahiz eta horrek hasieran gehiago ordaindu beharra ekarri. Pentsatu nuen errazagoa izango zela ustiatu ahal izango nuen zerbait ordaintzeko dirua lortzea, miatu nituen beste bide batzuekin denbora galtzen jarraitzea baino.

Hasieran, alokairu turistikoko lizentzia zuten etxebizitzen bila ibili nintzen, baina aukera handinahiagoa sortu zitzaidan: hotel-lizentzia zuen etxebizitza bat erostea Bilboko Campo Volantin kalean.

Eta nola aurkitu zenuen finantzaketa?

Banku guztietara joaten hasi nintzen, eta gauza bera gertatzen zitzaidan denetan. Bi baldintza eskatzen zizkidaten hipoteka emateko: lehenengoa zen diru-sarrerekin ordainketari aurre egin diezaiokezula frogatzea. Baldintza hori betetzen dut nire beste negozioari esker.

Bigarren baldintza zen errentaren 3 aitorpen aurkeztea, eta nire arazoa zen ez neramala hemen bizitzen 3 aitorpen edukitzeko adina denbora; izan ere, esan dizuedan bezala, karrera amaitu eta kanpora joan nintzen bizitzera, eta lan egindako denborarekin ez ditut 3 aitorpen.

Etsia hartzeko modukoa zen, esperientzia, babes ekonomikoa eta abar izan arren, inoiz ez bainintzen lehen kontsultatik pasatzen 3 errenta-aitorpen ez izateagatik. Gehiago ordaintzeko ere prest nengoen, nahiago baitut 6 hilabete gehiago behar izatea hipoteka hori ordaintzeko, baina lan egin ahal izatea. Dirua berreskuratu egiten da, denbora, ordea, ez.

Laboral Kutxara joan nintzenean, Gaztenpresarekin jarri ninduten harremanetan. Hark nire proiektua baliozkotzat hartzen bazuen, finantzatu ahal izango zuten.

Kontaiguzu zure esperientzia Gaztenpresarekin

Nik gizarte-lana ikasi nuen, ez dut finantza-ezagutzarik. Nire aurreko negozioa familia-etxebizitza denez eta ez dudanez finantzaketarik eskatu behar izan, ez nuen esperientziarik nire etorkizuneko negozioaren errentagarritasuna argudiatzeko orduan moldatzen jakiteko.

Gaztenpresara iritsi nintzenean tutore bat esleitu zidaten. Nire ideia kontatu nion, nire aurretiko esperientzia, zergatik ikusten nuen hori aukera gisa, eta berak lagundu zidan informazio hori guztia negozio-plan bihurtzen. Errentagarritasun-azterketa egin ondoren, argi ikusi zen eskatzen nuen kopurua ez zela zentzugabea, hostelaren kokapena eta aukerak kontuan hartuta.

Proiektua Laboral Kutxari aurkeztu genion, eta finantzatu didaten zenbatekoa nik hasieran eskatu nuena baino txikiagoa bada ere, aldeari aurre egin niezaiokeen nire aurrezkiekin eta nire inguruko jendearen laguntzarekin.

Azpimarratu nahi nuke Gaztenpresak azkar kudeatu duela guztia eta jakin duela nire proiektuaren beharretara egokitzen. Hilabete baino gutxiagoan izapidetu genuen dena. Horrelako sektore batean, denbora den-dena da. Nik hau Aste Santua baino lehen atera nahi nuen aurrera, orduan hasten baita lan handiena.

Dagoeneko eman didate hipoteka eta martxoaren 8an sinatu ditugu paperak. “Ez dut kasualitatean sinesten, egun horretan izan behar zuen”, kontatu digu barrez.

Emango iezaguzu xehetasun gehiago zure negozioari buruz?

Logelaka alokatzen den hostela da, Salbeko zubian, Bilboko Guggenheim museoaren parean ia.

Dagoeneko martxan zegoen negozioa da, etxebizitzak erosi, lizentzia lortu eta berritzen ibiltzen diren jabe batzuena baitzen. Egoera sanitarioa zela eta, orain dela bi urte ez zuten saltzea lortu, eta ustiatzen hasi ziren sortzen dituen gastuei aurre egiteko.

Alderik handiena da niretzat neure “24/7” proiektua izango dela, bizi ere bertan egin behar baitut, hasieran behintzat. Beraz, kudeaketa eta arreta desberdinak izango dira.

Ez dut bakarrik ostatu-zerbitzua eskainiko, orain arte egiten zen bezala, aireportura joateko edo Euskadiko intereseko beste leku batzuetara joateko garraio-sistema ere abiarazi nahi dut, bai eta gosariak eta beste gauza asko ere.

Ideia asko ditut eta apurka-apurka eramango ditut aurrera. Adibidez, informatu naiz, eta Europako Funtsak iristean, laguntza batzuk eska ditzaket nire negozioa digitalizatu ahal izateko, eta laguntza horiekin webgune berria sortu nahi nuke.

Nola sentitu zara ekintzaile prozesu honetan guztian?

Ez dut melodramatikoa izan nahi, baina oso bakarrik sentitu naiz.

Jotzen nituen ate guztiek prozedurekin bonbardatzen ninduten eta ezin zen koma bat bera ere mugitu, oso zurruna eta hotza zen dena.  Anekdota gisa, ordenagailurik gabe geratu nintzen konfinamendu betean, eta joaten nintzen erakunde guztietan paper ugari eskatzen zizkidaten, deskargatu, inprimatu eta abar egin behar nituenak. Zentroak, liburutegiak eta gainerakoak itxita zeuden. Egunero beste udalerri bateko liburutegira joan behar nuen, hura baitzen ordenagailuak erabiltzen uzten zidan bakarra paper horiek kontsultatzeko.

Eta zer esanik ez negozio-plan bat ulertzeko, nola bete jakiteko, aholkularitza jasotzeko, etab. Leku askotan negozio-planaren aurkibidea ematen zidaten eta horraino iristen zen akonpainamendua. Planean zehazten diren kontzeptuei buruzko ezagutzarik ez dugunontzat, eta gainera jaten ematen digun jarduerarekin jarraitu behar dugunean, zaila da benetan. Askotan, bidean aurkitzen dituzun pertsonengan dago ideia baten arrakasta edo porrota, eta Gaztenpresarekin topo egiteko zortea izan nuen nik.

Nire familiak ere asko lagundu dit. Inoiz ezin izango niokeen proiektu honi aurre egin haien laguntzarik gabe. Haien babesa funtsezkoa da, baina uste dut barrutik atera behar duela motibazioak: hori ez bada beste ezeren aurretik nahi duzuna, bide zaila da benetan, eta ezin da zure inguruak ematen dizun motibazioaz bakarrik elikatu.

Nola eragin dio pandemiak sektoreari?

Izugarri nabaritu dugu. Pandemiaren lehen hilabeteetan, hotel-lizentzia zuten establezimenduei funtzionatzen jarraitzea debekatu zien legea atera zen. Une horretan, nire lehen negozioa martxan zegoela, ez zitzaigun oso gaizki etorri: inguruko hotel-lizentzia zuten establezimendu guztiek itxi egin behar izan zuten, eta guk ostatu turistikoaren lizentzia genuenez logelak alokatzen jarraitu genuen gure etxebizitza nagusian, lanean jarraitu ahal izan genuen behintzat.

Erabat aldatu zen bezeroen profila. Autoz etortzen ziren turista atzerritarrak hartzetik lan kontuengatik Espainian zehar mugitzen ziren profesional nazionalak hartzera pasa ginen, hoteletan ostatu hartzerik ez zegoenez, nirea bezalako etxe pribatuetan hartu behar izan baitzuten.

Orain, hotel-lizentzia izango dut, eta berriro horrelakorik gertatzen bada, babesik gabe geratuko naiz, nire lizentzia unean uneko beharretara egokitzeko aukerarik ez badut bederen.

Gainera, osasun-egoera honetan, eta bizi dugun testuinguru politiko eta sozialarekin, gutxiago bidaiatzen da, eta erosteko portaera ere aldatu egin da. Pertsonek ez dakite datozen hilabeteetan egoera berriro ere aldatuko ote den eta bidaiak bertan behera utzi beharko ote dituzten, eta, beraz, ez dira erreserbatzera ausartzen doan ezeztatzea bezalako bermerik ez bazaie ematen. Horrek esan nahi du erreserba asko jaso ditzakegula, baina ez dakigula azken minutuan bertan behera utziko ote diren. Ezin da diru-sarreren aurreikuspen errealistarik egin. Horretan asko lagundu digute erreserba-plataformek: pertsonak erreserbatzera animatzeko, arriskuaren zati bat beren gain hartu dute plataformek doako ezeztapenak eskainiz, nahiz eta ostatuok ezeztatze-politika zorrotzagoak egiten ditugun. Bezeroek bertan behera uzten badute, beste erreserba batzuk bilatzeko konpromisoa hartzen dute plataformek

Iaz, murrizketen ondoren, zerbait positiboa nabaritu genuen, bidaiatzeko gogo handia zegoenez, izugarri handitu zen batez besteko tiketa. Ordainetan, esango nuke pertsonen % 90ek aurreko egunean erreserbatzen dutela.

Bidean oztoporik aurkitu al duzu emakume ekintzailea izateagatik?

Egia esan, ez dut uste zailtasun espezifiko batzuei aurre egin behar izan diedanik emakumea izateagatik. Nire lehen negozioa anaiarekin batera abiatu nuen, eta biok bide bera egin dugula uste dut. Jakina, beste sektore batzuetan zailtasun, aurreiritzi eta estereotipo gehiago daude, inolako zalantzarik gabe. Sektore batzuk erabat maskulinizatuak daude, baina ez dut uste gurearen kasua denik.

Martxoaren 8tik egun batzuetara, zer mezu helarazi nahi zenieke ekintzaile izateko asmoa duten emakumeei?

Esango nieke ez uzteko beldurrak geldiaraztea, arriskatzeko. Beldur handiagoa izan behar zaio gelditzeari ausartzeari baino.

Jakina, aholkua eskatu behar da beti, eta nik eraiki ahal izan dudana bezalako merkatu-azterketa eta negozio-plan baten babesa izan behar da, baina gehiago eskatzen dizun ahots hori baldin baduzu, egin kasu.

Pertsonalki, niri beldur handiagoa ematen dit lan ez egiteak hipoteka honi eta erronka honi aurre egiteak baino. Ez dit ezerk ematen lanik ez egiteak eta neure burua gauzatu gabe sentitzeak baino beldur handiagorik.

 

 

Post gehiago irakurri.

Urria 3, 2024
Normalean “babestuta” terminoa ikusten dugu, bai ekitaldietan, bai edukietan, baina zer esan nahi du zehazki? Babesletza marketin-estrategia bat da, non enpresa batek (babesleak) finantzaketa ematen dion erakunde, ekitaldi, pertsona edo kausa bati (babestuak), elementu horri lotutako marka erakustearen truke. Hau da, bi aldeek etekinak lortzen dituzten merkataritza-harreman bat ezartzen da. Sinergiak sortzeko lankidetza. Teknika horrek...
Iraila 18, 2024
Hiru hankako mahaia. Baina ez edozein. Sendoa, gogorra. Une onak pasatzeko elkartzen zaren horietako bat. Hori Emakumeook dela esan liteke. Hiru emakume ekintzailek sortutako proiektua. Almudena, Bea eta Naiarak.   GAZTENPRESA: Nola ezagutu zenuten elkar eta nola sortu zen Emakumeook? EMAKUMEOOK: Emakumeook gaur hemen ez dagoen hirugarren pertsona batengatik sortu zen, Ambrosa. Hirurak pandemian geunden...
Iraila 3, 2024
Zure negozioak bultzada bat behar du? Azkenaldian zure enpresa gelditu egin dela iruditzen zaizu? Agian, zure estrategia komertziala edo negozio-plana berriz ebaluatzeko garaia da, mailaz igotzeko, zure markaren ikusgarritasuna indartzeko eta zure produktuaren edo zerbitzuaren salmentak handitzeko. Hona hemen zure enpresaren egoera hobetzeko hainbat aholku, bai enpresa berria izan bai denbora luzea finkatuta eman.  ...
Uztaila 30, 2024
Podcastaren hirugarren denboraldi honetan, ekonomian eta eragin sozialean sakondu dugu hainbat ekimen ekintzaileren bidez. Baina, nola neurtu eta ebaluatzen da inpaktu soziala? Galdera honi erantzuteko, denboraldiko azken atalean Jessica Pizarro Arteaga izan dugu, entitate eta enpresei gizartean eta ingurumenean benetan nola eragiten ari diren jakiten laguntzen dien ekintzailea. Txiletar honek jaioterrian hasi zuen bere ibilbide...
Uztaila 23, 2024
Euskadiko Emakume Ekintzaileen Elkarteak 10 urte baino gehiago daramatza emakumeen ekintzailetza sustatzen eta ikusarazten. Izaskun Rama egungo presidentearekin podcastaren atal berri honetan emakumeek euren negozioak martxan jartzeko dituzten erronkei buruz hitz egingo dugu.   Elkartearen jatorria 2013an, kafetegi batean, gauzak aldatzeko prest zeuden bost emakume ekintzailek bizia eman zioten EmakumeEkini. Izen horrek, “emakumeekin” eta “emakume”...
Uztaila 18, 2024
20 urteko ekintzailetza-abenturak askorako ematen du. Eta, bestela, esan diezaiotela gure gonbidatuari, Irene Rodríguezi. 20 urte hauetan bi familia osatu ditu. Etxekoa, bere senarrarekin eta bi alabekin. Eta, bestalde, Iddtek, gaur egun ia 100 langile dituen enpresa bat.   GAZTENPRESA: Nola hasi zen ekintzailetza-bide hori?   IRENE RODRÍGUEZ: Sektore honetako enpresa batean inoiz lan egin...