×

Para instalar Gaztenpresa en tu iPhone pulsa y luego Añadir a pantalla de inicio.

Navegación limitada - Sin conexión

Cristina Aral eta Edurne Domínguez, Concha Calle Decoración dendakoak: “Portugaleten tradizio handiko negozio honekin jarraitzeko aukera izan genuen eta aprobetxatu egin genuen”

Cristina Aral y Edurne Dominguez
Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin
Share on whatsapp
Share on email

Bi emakume gazte ekintzaile hauek urte batzuk zeramatzaten Concha Calle Decoración dendan lanean, Portugaleten (Bizkaia) erreferentziazkoa den interiorismoko negozioa. Orain, jabeek erretiroa hartu dute, eta proiektuaren buru jartzea erabaki dute Cristinak eta Edurnek. Elkarrizketa honetan kontatuko digute prozesu hori nolakoa izan den.

 

Zein unetan erabaki zenuten dekorazioko eta interiorismoko denda honen jarduerarekin jarraitzea?

Edurne: Hemen lanean hasi nintzenetik, duela 7 urte, Fernanek eta Conchak, aurreko jabeek, behin baino gehiagotan aipatu zidaten ilusioa egingo ziela eurek erretiroa hartzean negozioarekin nik jarraituko banu, eta, horrela, arian-arian, proiektuarekiko zuten ilusio hura kutsatzen joan zitzaizkidan. Egia esan, nire lan egiteko modua horrelakoa izan da beti; egon naizen tokian egon, bezeroekin buru-belarri aritu naiz beti, nireak balira bezala, eta ez negozio edo enpresa batenak.
Handik urte gutxi batzuetara, Cris hasi zen Concha Calle Decoración taldean lanean, eta berehala ikusi genuen oso ondo osatzen genuela elkar. Horregatik, gure buruzagi ohien txanda hartzeko unea iritsi zenean, elkarrekin egitea erabaki genuen.

Cristina: Izugarri gustatzen zaigu gure lanbidea eta ezin genion aukera horri ihes egiten utzi.


Prozesu horretan, noiz jarri zineten harremanetan Gaztenpresarekin?

Cristina: Negozioarekin jarraitu nahi genuela argi izan genuenean, hainbat bankutara joaten hasi ginen finantzaketaren konturako, eta gure nagusi ohi Conchak esan zigun hitz egiteko Laboral Kutxako Isabelekin. Bera izan zen Gaztenpresarekin harremanetan jarri gintuena eta, hortik aurrera, Vega etorri zitzaigun bisitatzera, eta, egia esan, primeran etorri zaigu eskaini digun guztia. Gainera, Portugaletekoa denez, gure negozioa ezagutzen zuen eta oso erraza izan da harekin lan egitea.

Edurne: Hasieratik egon da gurekin prozesu osoan laguntzen. Jakin behar genuen guztiaren berri eman digu, eta asko lagundu digu negozio-planari forma arin eta azkar ematen. Gainera, gure kasuan, lehendik zegoen jarduera batekin jarraitu nahi genuenez, eskualdatzea egin behar genuen, eta, horretarako, lehengo elkartea deuseztatu behar zen eta elkarte berria martxan jarri, eta Vegak asko bizkortu du prozesu hori.

Concha Calle Decoración negozioaren jabeak zarete dagoeneko, baina jarraitzen al duzue Gaztenpresarekin harremanetan?

Edurne: Bai, bai. Dirulaguntza bat kudeatzen lagundu digu Vegak. Era berean, Gaztenpresako ekintzaileentzako prestakuntza-ikastaroa egiteko aukera ere eman dit, Crisek dagoeneko egin duena. Asko eskertzen da kontuan hartzea bi bazkide garela eta biok negozio-prestakuntza berdina izan dezagun kezkatzea.

Negozioari dagokionez, zein dira zuen itxaropenak?

Edurne: Gure lehen helburua da orain arte bezala jarraitzea. Esan daiteke “bonboitxo” bat dela negozio hau. Badu ibilbidea, esperientzia eta bezeroak oso leialak dira Concha Calle Decoración dendak duen esentziarekin, eta ildo beretik jarraitzea interesatzen zaigu guri.
Bezeroak izugarri zaintzen ditugu hemen, guk nahi duguna da beren etxeetako interiorismoa gure esku uzten dutenean, emaitzarekin erabat pozik sentitzea eta, are gehiago, positiboki harritzea. Lana ondo egitea eta bezeroa pozik egotea baino harrotasun handiagorik ez dago guretzat. Bezero bat bere etxean gustura sentituko dela eta guk egindako lanari esker hartaz gozatuko duela jakitea zirraragarria da benetan.

Cristina: Guztiz ados nago Edurnerekin. Interiorismo proiektu bat hasten dugunean, bezeroak adinako ilusioa izaten dugu guk ere. Dekorazio hori guretzat egiten ariko bagina bezala egiten dugu lan. Jakina, Concha Calle Decoración dendan konfiantza izan duen pertsona edo familia horren nahiak errespetatzen ditugu, baina guretzat izango balitz jarriko genuen arreta, zaintza eta exijentzia berdinarekin egiten dugu proiektua. Oso lan gogorra da, eta asko inplikatzen gara; hala ere, azken emaitza eta, batez ere, bezeroaren ilusio-aurpegia ikusten dugunean (eskerrak emateaz gain oparitxoren bat ere ekartzen baitigute batzuetan), erabatekoa da gogobetetasuna.

 

Cristina eta Edurne, eskerrik asko zuen ekintzailetza-historia partekatzeagatik!

Eta dekorazioko eta interiorismoko denda hori bisitatu nahi baduzue, hemen dituzue datuak:

Concha Calle Decoración

 

Casilda Iturrizar kalea, 6

48920 Portugalete (Bizkaia)

Emaila: info@conchacalledecoracion.es

Instagram: @conchacalle_decoracion

Post gehiago irakurri.

Abendua 11, 2024
Berrikuntza eta desberdintzea funtsezko zutabeak dira enpresa-eremuan arrakasta izateko, batez ere ingurune globalizatu eta oso lehiakor batean. Enpresa gehienak Interneten daudenez eta teknologia tresna eta erakusleiho gisa erabiltzen dutenez, are garrantzitsuagoa da behar bezala erabiltzen jakitea. Gaur egun, berrikuntza eta desberdintzea funtsezkoak dira jasangarritasuna eta epe luzerako arrakasta bermatzeko. Arlo horietan inbertitzen duten enpresek, nabarmentzea...
Azaroa 11, 2024
Besteren konturako lanaren zurruntasunik ez dagoenez, autonomo gisa bizitza pertsonala eta lan-bizitza bateratzeko erraztasun gehiago dituzula eman dezake, baina itxurazko malgutasun horrek arazoak ere sor diezazkizuke bi alderdiak bereizteko orduan: lana eta atsedena; negozioa eta aisia. Halaber, zure produktibitateari ere eragin diezaioke. Horregatik, komeni da arau batzuk ezartzea zure energia mantendu ahal izateko. Zure nagusia...
Urria 9, 2024
Maite Ibañez de Maeztu Maikalaren buru izan da, Bilboko Deustu auzoan eta Alde Zaharrean erreferente izan den gozotegia.   GAZTENPRESA: Maikala 2015ean abiatu zen proiektua da, ezta?   MAITE IBAÑEZ DE MAEZTU: 2015ean sortu zen, lantegiaren zatia martxan jarri zenean, eta urtebete geroago arte ez zen jarduera abiarazi Plaza Berrian, lehenengo dendarekin. Leioan trebatzea erabaki...
Urria 3, 2024
Normalean “babestuta” terminoa ikusten dugu, bai ekitaldietan, bai edukietan, baina zer esan nahi du zehazki? Babesletza marketin-estrategia bat da, non enpresa batek (babesleak) finantzaketa ematen dion erakunde, ekitaldi, pertsona edo kausa bati (babestuak), elementu horri lotutako marka erakustearen truke. Hau da, bi aldeek etekinak lortzen dituzten merkataritza-harreman bat ezartzen da. Sinergiak sortzeko lankidetza. Teknika horrek...
Iraila 18, 2024
Hiru hankako mahaia. Baina ez edozein. Sendoa, gogorra. Une onak pasatzeko elkartzen zaren horietako bat. Hori Emakumeook dela esan liteke. Hiru emakume ekintzailek sortutako proiektua. Almudena, Bea eta Naiarak.   GAZTENPRESA: Nola ezagutu zenuten elkar eta nola sortu zen Emakumeook? EMAKUMEOOK: Emakumeook gaur hemen ez dagoen hirugarren pertsona batengatik sortu zen, Ambrosa. Hirurak pandemian geunden...
Iraila 3, 2024
Zure negozioak bultzada bat behar du? Azkenaldian zure enpresa gelditu egin dela iruditzen zaizu? Agian, zure estrategia komertziala edo negozio-plana berriz ebaluatzeko garaia da, mailaz igotzeko, zure markaren ikusgarritasuna indartzeko eta zure produktuaren edo zerbitzuaren salmentak handitzeko. Hona hemen zure enpresaren egoera hobetzeko hainbat aholku, bai enpresa berria izan bai denbora luzea finkatuta eman.  ...