Gaztenpresan ospakizun garrantzitsua izan berri dugu: joan den ostiralean, urtarrilaren 26an, Gaztenpresa-MBAe3 Sariak banatu genituen lehenengoz, EHUko “Ekintzailetza eta Enpresa Zuzendaritza” masterreko proiektu ekintzaile onenen artean. Sariok, enpleguaren eta negozio berriak sortzearen alde dugun konpromisoaren adierazgarri dira. Irabazleak zoriondu nahi ditugu eta, orokorrean, Masterraren II. promozioko kide guztiak.
Lehen sariaren irabazlea Juan Echevarría izan da, Kimika Zientzietan doktorea eta Asparia Glycomics enpresako arduraduna. Egoitza Donostian duen CIC BiomaGUNE biomaterialak ikertzeko zentroan jarri dute abian enpresa hori. Gaztenpresa-MBAe3 bigarren saria Leyre Ballesterosek jaso zuen, modaren sektorerako B2B On-Fashion plataforma-proiektua dela eta. Azkenik, Amaia Manuerak defenditu zuen Masterreko Business Planik onena eta Gaztenpresa sarien accesita eskuratu zuen. EHUko Enpresa Institutuko zuzendari Eneka Albizu doktorea izan zen ekitaldiaren buru. Aldamenean izan zituen Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko departamentuko Eva Armesto, Enpresa Sustapenerako Zerbitzuko buru dena, eta Gaztenpresa fundazioko zuzendari Inma Ramos, Laboral Kutxaren enpresak sortzeko programaren ordezkaria. MBAe3 masterreko zuzendari Maria Saiz doktoreak aurkeztu zuen ekitaldia. Era berean, Maria Tato, MBAe3 masterreko ikasleen aldetik balorazio onenetakoa jaso zuen hizlaria, MBAe3 masterreko ohorezko irakasle izendatu zuten. Tato Afianza taldeko CEO eta sortzaileetako bat da.
Ekintzailetzarekin eta enplegu sorrarekin dugun konpromisoa eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin enpresa berriak sortzeko aurrera daramagun lankidetza erakusten ditu sarietan dugun partaidetzak.
Negozio-proiektu berritzaileak kudeatzeko gai diren zuzendariak prestatzea da MBAe3 masterraren xedea. Prestakuntza-garaian, negozio berriak sortzeko eta zuzendaritzako ardurak aurrera eramateko beharrezkoak diren gaitasun profesionalak, autonomia eta ekimena lantzen ikasten dute ikasleek.
Hasieratik, Gaztenpresak 4.500 enpresaren sorreran hartu du parte eta 8.000 lanpostu baino gehiago sortzen lagundu du EAEn eta Nafarroan.