Ekiteak hainbat alderdi planifikatzea, kalkulatzea, aurreikustea eta gestionatzea esan nahi du. Prozesu horretan, bada pertsona ekintzaileentzako liburu guztietan agertzen ez den, baina negozioaren etorkizunean nabarmen eragiten duen aurrerapauso bat: markaren erregistroa. Prozesu eta gestio amaigabeen itxura hartzen diozu? Ez da horrela ba. Zuk zeuk egin dezakezu Internet bidez. Orain azalduko dizugu nola.
Lehenik eta behin, zure enpresarentzat bururatu zaizun marka edo antzeko beste bat badagoen egiaztatu behar duzu. Industria, Energia eta Turismo Ministerioak nazioko, nazioarteko eta Europar Batasuneko markak kontsultatzeko plataforma bat jartzen du zure eskura, eta bertan, marka, izen komertzial edo establezimenduetako errotuluen arabera egin dezakezu bilaketa. Aukeratutako izena bilatu eta horrelako markarik agertzen ez bada, orain antzeko izena duen beste bat dagoen egiaztatu behar duzu. Horretarako, aukeratu plataformako “hasiera”, “amaiera” edo “zertan datza” aukerak. Bestalde, aukeratutako terminoaren konnotazioa egiaztatzea gomendatzen da, zure hizkuntzan nahiz gainerako hizkuntzetan, horrela, irtenbiderik gabeko akatsak saihesteko.
Hori egin ostean, kontsultatu Niza sailkapena, jarduera komertzial guztiak barne hartzen dituen dokumentua, eta aukeratu zein klasetan (45 daude) erregistratu behar duzun zure marka. Zure negozioa pintura-denda bat bada, adibidez, zure Niza klasea 02 izango da; zure ideia burukoen denda bat bada, berriz, 25 klasea aukeratu beharko duzu. Zerrenda oso luzea da, baina ez da beharrezkoa dena irakurtzea, hitzen bilatzailea erabil baitezakezu.
Iritsi da Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoaren inprimakia deskargatzeko eta eskaera egiten hasteko momentua. Bete jarraian adierazten diren eremuak eta kontsultatu laguntza-atala, behar izanez gero:
- Eskatzailearen datuak
- Ordezkariaren datuak
- Bereizgarriaren erreprodukzioa eta datuak
- Produktuen eta zerbitzuen zerrenda (hemen, lehen aukeratu duzun Niza klasea gaineratu beharko duzu)
- Batasunekoen lehentasun-erreibindikazioa
- Erakusketa-lehentasunaren erreibindikazioa
Erregistroaren tramitazioa
Erregistroaren tramitazioak 7 eta 15 hilabete artean iraun ditzakeela jakin behar duzu, nahiko denbora-tarte zabala, baina gutxienez, zure markaren egoera egiaztatzeko aukera izango duzu. Tasei dagokienez, online kontsulta ditzakezu azken urtekoak.
Gogoratu erregistroa ez dela betirako; eskaera egiten denetik hamar urte igaro ostean, hura beste hamar urtetarako berritu dadila eskatu beharko duzu, erregistroa indarrean mantendu dadila nahi baduzu (Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak aurretiaz jakinaraziko dizu).
Ikusi duzun moduan, ez da horren zaila zure marka erregistratzea. Horrela, zure produktuak eta zerbitzuak bereiz daitezela bermatuko duzu, eta aurrerantzean, inork ezin izango ditu merkaturatu produktu horiek edo antzekoak, zure markarekin nahiz antzeko beste batekin.
https://gaztenpresa.org/eu/blogaren-kategoriak/ideia-babestu/?utm_source=web&utm_medium=interno&utm_campaign=gaztenpresa_blog_articulo_proteger_idea&utm_content=eu