Igone Castillo (Bilbo, 1970) du zuzendari Doctor Retail aholkularitzak, saltokian bertako marketinean eta interiorismo komertzialean espezialista den bakarrak alegia. Harribitxia da haren bloga ekintzaileentzat, eguneroko bizimoduko arazoak konpontzeko aholkuz eta irtenbidez beterik baitago. Elkarrizketa honetan dioenez, hau da denda bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena: jendea ez ohartzea hor dagoela. “Zer izan behar dut kontuan nire denda diseinatzeko?” Gaztenpresaren lantegian duzu Igone ezagutzeko aukera: Gasteizen eta Iruñean, apirilaren 24an; Donostian, 25ean, eta Bilbon, 27an. Lantegi horretaz eta gure fundazioak antolatzen dituen beste batzuez gehiago jakin nahi baduzu, sartu gure webgunera.
GAZTENPRESAREN BLOGA. Zergatik da garrantzitsua dendak ondo diseinatzea? Zuk diozunez, dendaren itxurak zenbait gauza “adierazten” dizkio bezeroari. Zehazki, zer adierazten dio?
IGONE CASTILLO. Bezeroaren ikuspegitik begiratzea da kontua. Norbait ezagutzen dugunean, hari buruzko irudipen bat izaten dugu, baita bere burua aurkeztu edo zerbait esan aurretik ere. Izan ere, gauza asko adierazten dizkigute haren itxurak, irribarreak edo irribarrerik ezak, gorputz-espresioak… Dendek ere gauza asko iradokitzen dizkigute: haien koloreek, formek, produktuak jartzeko moduak, errotuluak, erakusleihoak, musika, usainak… Honako edo halako inpresioa eragingo diote elementu horiek guztiek gure bezero izan daitekeen horri. Gure dendak inoren ikusminik ez sortzea, hari inork ez erreparatzea, hori da gerta dakigukeen okerrena.
Beharbada, profesional bikainak gara eta arreta ezin hobea eskaintzen diogu bezeroari, baina harekin hitz egiten hasi aurretik, osatua izango du jada gure negozioari buruzko inpresioa. Horregatik da hain garrantzitsua diseinua: alderdi grafikoa (errotulazioa, etiketak, seinaleak…), merchandising bisuala, espazioaren konfigurazio egokia… Denda baten diseinua egitean, negozio horren bezero izan daitekeena izan behar dugu gogoan: zerk erakar dezakeen haren arreta, nola utzi oroitzapen positibo bat haren buruan edo, are hobeto, nola hunkitu.
B.G. Saltzeko, aski al da denda polit bat edukitzea? Edo, beste era batera galdetuta: gauza bera al dira edertasuna eta diseinu egokia?
I.C. Nahiko subjektiboa da edertasunaz dugun ikuspegia; horregatik, diseinua egokia izan dadin, oso ondo jakin behar dugu zer negozio-eredu nahi dugun, batez ere zein izan daitekeen bezeroa, negozio horren xede-publikoa. Zer behar dute nire bezeroek? Nola eman diezaieket hobeto, edo beste era batera? Zer dute atsegin? Zergatik erosi behar dute nire dendan, beste batera joan beharrean? Zerk erakartzen ditu?
Etxetik mugitu gabe egin ditzakegunetik erosketak, Internet bidez alegia, bizigarriren bat behar dugu kalera atera eta denda batera sartzeko. Diseinu egokiak ere lagundu behar du denda erakargarri egiten, erosketa jarduera hunkigarri bihurtzen edo, besterik ez bada, positibotzat gogorarazten.
Ez dezagun ahantzi dendak lan-eremuak direla, eta, denborari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, erosoak eta azkarrak izan behar dute eguneroko prozesuek: bezero-arreta, kobratzea, ordena, jeneroa aldatzea, garbitasuna… Hori guztia ere kontuan izan behar du diseinatzaile onak.
B.G. Merkatariak bere marka propioa sortu behar duela azpimarratu ohi duzu zure lantegietan, markak sortzea ez dela bakarrik enpresa handien egitekoa. Nola laguntzen dio dendaren diseinuak markaren sorrerari eta hobekuntzari?
I.C. Merkatariak garen aldetik, jendea erakarri nahi izaten dugu gure dendara edo dendetara, haiek baitira gure saltokiak. Egia da erosketa-prozesu asko Interneten hasten direla orain, eta marka bati dugun iritzia haren webgunetik edo sare sozialetatik jasotzen dugunaren arabera eratzen dugula. Baina dendan ukitzen edo probatzen dugu produktua, han hitz egiten dugu aholku ematen digun norbaitekin. Denda da erosketa-prozesuaren alderdirik garrantzitsuena; beraz, ekarpen handia egiten dio marka-irudiari.
Horregatik, bezeroak gogoratzea nahi dugun irudi hori sortzen lagundu behar du dendaren diseinuak. Baina espazioa diseinatu aurretik, nortasun korporatiboaren diseinua egin behar da, MARKA bistaratzeko. Logotipo berria erakusteko eta bezeroarekiko harreman bakoitzean agerrarazteko aukera ugari eskaintzen du dendak. Nolakoa izan behar du dendaren errotuluak? Zer seinale jarri behar ditugu dendaren barruan? Saltokiaren barrualdean ez ezik, beste elementu batzuetan ere erakuts dezakegu gure nortasun korporatiboa: uniformeetan, poltsetan, etiketetan, bilgarrietan… Izan ere, horiek guztiak ere dendaren barruko “giroaren” osagaiak dira.
Diseinu ona lortzen baduzu, errepika ezazu; hori da modurik onena bezeroek gogoan izan dezaten.
B.G. Negozio batera hurbiltzean, haren fatxada eta erakusleihoa ikusten ditu lehenbizi kontsumitzaileak. Ematen al diote horri behar adinako garrantzia enpresari txiki eta ertainek?
I.C. Gure dendara jende gehiago erakartzeko tresna ugari eskaintzen dizkigu Internetek. Baina hori ez da nahikoa; ez dugu alde batera utzi behar dendaren itxura. Sarritan, merkataritzako ordutegia dela eta, isolatu egiten gara, eta ikuspegi osoa galdu. Orduan uzten diogu gure denda bezeroek bezala ikusteari. Irten egin behar dugu, beste denda batzuk ikusi, kanpotik begiratu, bezeroaren larruan jarri…
Duela urte batzuk, nahikoa izaten zen leku egoki batean edukitzea lokala eta jendea hara sartu zain geratzea. Orain, aldiz, milaka mezu jaso ditzake kontsumitzaileak egunero, eta zure dendaren fatxada mezu horietako bat besterik ez da. Dendaren kanpoaldearen eta erakusleihoaren diseinuan saiatzea da dendara jendea erakartzeko modurik onena, erosiko badute sartu egin behar baitute.
B.G. Elkarrizketa hau irakurtzen duen bakarren batek pentsatuko du, agian, oso ondo dagoela dendaren itxura zaintzea, baina, azkenean, ez diola lagunduko gehiago saltzen, horretan inbertsio handia egin arren. Zergatik dabil oker hori pentsatzen duen irakurlea?
I.C. Diru-sarrerak handitzea ekarri ohi du dendan egiten den edozein hobekuntzak, baita txikienak ere. Hobekuntza horien bidez adierazten diezu bezeroei, nolabait, haietaz arduratzen zarela, zerbitzu hobea eskaini nahi diezula.
Egia da, bestalde, denda diseinatzeari edo erreformatzeari ekin aurretik gogoeta egin behar dela. Zergatik ez dut saltzen behar adina? Zergatik salduko dut gehiago aldaketaren bat egiten edo diseinuan inbertitzen badut? Egokia al da nire negozio-eredua? Zer aldatu dut azken urteotan? Nire estrategian aldaketaren bat egin behar badut, nola egin? Galdera horiek guztiak egin behar dizkiogu gure buruari jakiteko inbertsioa errentagarria izango den eta nola amortizatu behar dugun.
Askotan, gehiegi itxarotea izaten da arazoa. “Gutxi asko nahikoa ondo banabil, zergatik inbertitu orain?” Orduan, gauzak guk baino hobeto egiten dituen lehiakide bat iristen da, eta aieneka hasten gara. Egoerei aurrea hartzeko gai izan behar dugu; ohartu behar dugu negozio-ereduak ere berritu egin behar direla, aldatu egiten direla bezeroak, eta teknologia berriak ez direla desagertuko, geratzeko etorri direla. Berritze horretan, diseinua duzu aliatu nagusia.