Uztailean, Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak Dekretu bat onartu zuen Euskadiko kontsumitzaileen erreklamazio-orriak arautzeko.Legearen aldaketa horrek eskubideen defentsa eta kontsumitzaileen babesa sendotzea eta kontsumo arloko eztabaidak konpontzeko metodo azkar bat zehaztea du helburu.
Horrela, erreklamazio-orrien inguruko arauketa berriak Kontsumobiden edo Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoetan aurkeztutako erreklamazio guztien izapidetze administratiborako prozedura hobetzeko neurriak jasotzen ditu. Arauketaren bidez, babes handiagoa eskaini nahi zaie Administrazioari kontsumo arloko erreklamazioak, kexak edo salaketak helarazi nahi dizkioten kontsumitzaileei eta erabiltzaileei, horretarako dauden bideak erabiliz.
Dekretu berriak erreklamazio-orriak izateko beharra ezartzen du, eta lehen arauketatik kanpo zeuden jolas-jarduerak eta ikuskizun publikoak hartzen ditu derrigortasun horren barnean.
Irakaskuntza arautua ematen duten ikastetxe baimenduak erreklamazio-orriak izatetik salbuetsita daude, baita profesional liberalak ere, betiere jarduera gauzatzeko legez aitortutako Profesionalen Elkargo batean kolegiatuta badaude; izan ere, horien erreklamazioak kasuan kasuko Profesionalen Elkargoaren bitartez izapidetuko dira, dagozkion arauetan xedatzen denari jarraiki.
Arauketa berriaren nobedade gisa, enpresek beren datuak bete beharko dituzte erreklamazio-orrietan nahitaez. Horren berri emateko, Kontsumobidek, Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza Zuzendaritzaren laguntzarekin, ikuskapen-kanpaina informazio-emaile bat abiaraziko du, irailetik aurrera, Euskadiko enpresa eta saltoki guztietan, derrigortasun hori bete beharra dagoela gogoratzeko helburuarekin.
Erreklamazio-orriei nahiz kontsumoarekin lotutako beste edozeri buruzko informazioa Kontsumobideren web orrian edo haren Bilboko, Donostiako edo Gasteizko edozein bulegotan eskuratu ahal izango da.
Dokumentua:
142/2014 DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, Kontsumoko erreklamazio-orriei eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kexa, erreklamazio eta salaketei erantzuteko prozedurari buruzkoa.