LinkedIn 2002an sortu zen, eta, 20 urte eskasean, profesionalen sare sozial nagusia eta B2B sektoreko negozioen ezinbesteko elkargunea izatera heldu da. Izan ere, plataforma hori erabiltzen dute beren produktu eta zerbitzuak beste konpainia eta profesional batzuei eskaintzen dizkieten enpresa eta espezialistek.
Sare sozial horretan lehen aldiz jotzen duten pertsona askok ez badakite ere, LinkedInen egoteko bi modu daude. Ezagunena profil pertsonala da, pertsona bakarra ordezkatzen duena eta abiapuntutzat pertsona horren curriculuma duena. Baina, Facebooken gertatzen den bezala, enpresa-orrialdeak ere badaude LindedInen: sare sozialak negozioei eskaintzen dien ordezkatzeko bidea —bai enpresa handiei, bai ETE eta mikroETE-ei eta bai autonomoei—.
Zein dira ezberdintasun nagusiak erabiltzaile-profilaren eta enpresa-orrialdearen artean?
- Edonork ireki dezake profil pertsonala LinkedInen. Helbide elektronikoa eta pasahitza besterik ez dira behar plataforma horretan erregistratzeko. Enpresa-orrialde bat martxan jartzeko, ordea, aurrena erabiltzaile-profila izan behar da sare sozial horretan.
- Profil pertsonalek kontaktuak dituzte, eta enpresa-orrialdeek jarraitzaileak.
- Erabiltzaile-profila dagokion erabiltzaileak bakarrik kudeatzen du, eta enpresa-orrialdeak hainbat erabiltzailek kudea ditzakete.
- Erabiltzaileak ezin ditu LinkedInen argitaratuko dituen edukiak programatu, baina enpresa-orrialdeak bai, hirugarrenen aplikazioen bidez (Metricool, Hootsuite eta abar).
- Baina, zalantzarik gabe, enpresa-orrialdeetan soilik erabilgarri dauden bi funtzionalitate hauek dira ezberdintasunik handiena: estatistiken atalerako sarbidea eta publizitatea egiteko aukera. Lehenengoak ulertzen lagunduko digu zer argitalpenek funtzionatzen duten ondoen gure eduki-estrategia doitzeko, eta bigarrenak aukera emango digu gure orrialdearen jarraitzaileak ez direnengana edo, agian, ezagutu ere egiten ez gaituztenengana iristeko. Pertsona horiek sektorearen arabera, enpresan betetzen duten karguaren arabera eta abar aukeratu ahal izango ditugu.
Eta bietatik zein da egokiena zure negozioa aurkezteko?
Zure negozioa enpresa bat bada —zentzu juridikoan eta fiskalean ez ezik, zentzu komertzialean ere bai: marka korporatibo bat duzu, pertsona bakar bati lotuta ez dagoena—, LinkedInen enpresa-orrialde bat izatea gomendatzen dizugu. Lehenik eta behin, irudiagatik; izan ere, zure orrialdean egiten dituzun argitalpenen bidez eta zure negozioa aurkezteko moduaren bidez, konfiantza sortu ahal izango duzu zure enpresa sare sozial horretan aurkitzen duten bezero potentzialen artean. Bigarrenik, orrialde batek publizitatez laguntzeko aukera emango dizulako, baldin eta pertsona gehiagorengana iritsi eta zure negozioaren agerikotasuna handitu nahi baduzu. Enpresaren edo markaren jabea izanik, zure enpresa-orrialdearen agerikotasuna bultzatu ahal izango duzu, horren edukia zure profil pertsonalean ere partekatuz. Hain zuzen ere, gomendagarria da hori egitea.
Baina zure negozioa zu zeu bazara, hau da, marka zu zeu bazara (askotariko gaietan espezializatutako freelance profesionala: kazetaria, marketerra, community managerra, argazkilaria, abokatua, aholkularia eta abar), bi aukera dituzu:
- LinkedIneko erabiltzaile-profila soilik irekitzea eta arreta osoa horretan jartzea erabaki dezakezu. Horrela, sare sozialak eskaintzen dituen funtzionalitateak erabili ahal izango dituzu egiten duzuna ezagutarazteko eta interesatzen zaizkizun pertsonekin elkarreragina izateko. Ildo horretan, esan beharra dago profil pertsonalek agerikotasun handiagoa dutela enpresa-profilek baino. Sare sozial guztietan gertatzen da hori.
- Edo, bestela, enpresa-orrialde bat ireki dezakezu LinkedInen duzun presentzia osatzeko. Horrela, formatu horrek eskaintzen dituen —eta profil pertsonalean ez dauden— aukera guztiak baliatu ahal izango dituzu, hala nola publizitatea, estatistika-analisia, edukien programazioa eta abar egitea.
Web-mintegia: «Nola areagotu zure enpresa-orriaren ikuspena LinkedInen»
Artikulu hau irakurritakoan gehiago jakiteko gogoz geratu bazara, web-mintegi honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu: «Nola areagotu zure enpresa-orriaren ikuspena LinkedInen». Onlineko lantegi bat izango da, eta gomendioak emango dizkizu zure negozioa LinkedIneko orrietan aurkezteko eta baliabide horrek zure estrategia komertzialerako eskaintzen dituen funtzionalitateak zehatz-mehatz ezagutzeko. Saioa ekainaren 23an izango da, 15:30etik 16:30era, No te pierdas en las redes marketin digitaleko agentziarekin elkarlanean eskaintzen dugun «Gaztenpresaren astelehen digitalak» zikloaren barruan.
Web-mintegian argibideak emango dizkizugu sare sozial horretan enpresa-orrialde bat sortzeko eta orrialdea sortutakoan kontuan hartu behar dituzun funtsezko gakoak lantzeko, orrialdea bisitatzen duten pertsona eta konpainiek zure negozioaren irudi ona izan dezaten. Era berean, gomendio eta jarraibide batzuk emango dizkizugu zure enpresaren edo markaren agerikotasuna areagotzeko LinkedInen.
Animatu eta etorri!