Bristolen eta Parisen Arte Ederrak ikasten ari zenean, Joana Mateok ez zuen imajinatu ere egin egunen batean gaur egun duen lanbidea izango zuenik: joskintza-irakaslea. “Inoiz ez dut joskintza-eskolak ematearekin amets egin, baina honek harrapatu egiten zaitu, jendeak ekartzen duen ilusioagatik batez ere. Aukera hau ez nuen gogoan, baina premiagatik sortu zen, diseinatzaile gisa lortzen nituen diru-sarrerak osatzeko”. Negozio-bide berri hori irekitzeko helburuarekin, Gaztenpresara jo eta, bertan, bere enpresa sortzeko izapideak egiteko laguntza eskatu zuen. Gaur egun, ezingo zukeela beste ezer egin aitortzen du.
Joanak Bilbon leku eroso bat sortzearen aldeko apustua egin du, Indautxu erdi-erdian, Manuel Allende kaleko 1. zenbakian: Ana Dedal Costura Meeting Point. Oraindik ere esku-pare batek eta ideia on batek arropak sortu, berritu eta eraldatu ditzaketela sinesten dutenen topagunea da hori. Joanak dioen moduan, gure arropak sortzeak “firma handiek eta kate-ekoizpenek kendutako nortasuna emango digu”.
Ana Dedal tailerrean josteko makina erabiltzen, gure konponketak egiten eta dagoeneko erabiltzen ez dugun arropa berriz estreinatzen ikas dezakegu. Bere jardueren artean, arratsalde bakar bateko tailerrak, joskintza- eta patroigintza-ikastaro osoak eta ikastaro trinkoak aurkituko ditugu, besteak beste. Eskaintzen dituen azken prestakuntzen artean, joskintzan hasteko tailer bat dugu; bertan, bertaratuek josteko makina erabiltzen ikasi eta beren lanak gordetzeko telazko poltsa bat egiten dute.
Joanak egiten duenarekiko ilusioa kutsatzen digu. Pasio hori bere lokaleko xehetasun guztietan hautematen da, eta, gainera, kafe-katilu batekin egiten die harrera etortzen diren guztiei. Bere Facebook orrian ere, bere jarduera guztiei buruzko informazio zehatza eskaintzeaz gain, modari eta joskintzari buruzko hainbat irakurgai interesgarri aurkitu daitezke.
Zer diozu? Inspiragarria iruditzen zaizu Joanaren negozioa? Zuk ere zure ideia errealitate bihurtu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. Negozio-ideia zehaztu, finantziazioa lortu eta zure negozioa finkatu nahi baduzu, ondoan izango gaituzu nahi duzun guztirako.