Dekorazioa artea da. Xehetasun bakoitza garrantzitsua da, eta ñabardurek egiten dute dena. Gaurko elkarrizketatuak, Beatriz Arandak, ederki daki hori. Bexclusive Event enpresa-ren sortzailea da; orotariko ekitaldi sozial eta korporatiboetarako txoko esklusiboak dekoratzen dituen enpresa da.
–Gaztenpresa bloga: Nola bururatu zitzaizun ekitaldiak dekoratzeko negozioan murgiltzea?
–Beatriz Aranda: Egia esateko, bizitza osoa eman du paper, kartoi mehe eta pinturen artean, eskulanak hobby gisa lantzen. Hasieran altzari eta objektu zaharrei beste bizitza bat ematen hasi nintzen, eta gero, pixkanaka-pixkanaka, elementuak zaharberritzen eta lagun eta ezagunen jaiak dekoratzen. Azkenean, nire txoko apainduek zeukaten harrera ona ikusita eta inguruneak bultzatuta, Bexclusive Event sortu nuen.
–G: Hortaz, hobbya askoz ere gehiago bihurtu zen… Zaila izan al zen aurrerapausoa ematea?
–B.A: Bada, egoerak pentsarazi egiten dizu, baina hasieratik neukan garbi zer egin eta zertan jardun nahi nuen. Hobbya lanbide bihurtzea ez zen zaila izan, zale amorratua naiz eta. Baina hori baino urrunago joan nahi nuen nik, zerbitzu zaindua eta kalitatekoa ematea zen nire asmoa. Egiten ditudan gauza guztietan larrua uzten dut; ezagutzen nautenek beti esaten dute perfekzionistegia naizela.
-G: Laboral Kutxaren eta Gaztenpresaren bidez egin zenituen lehen urratsak. Zer nabarmenduko zenuke eman dizkizuten zerbitzuetatik?
-B.A: Hurbiltasuna, tratu pertsonalizatua eta, bereziki, edozein kontsulta egiteko aukera. Gaztenpresaren laguntzarik gabe, oso zaila izango litzateke ekintzaile gisa zer pausu eman behar dituzun jakitea.
«Ekiten hasteko, aurretiko azterketa ezinbestekoa da»
-G: Zein izan dira ekiteko prozesuan izan dituzuen oztopo nagusiak?
-B.A: Urrats bakoitza luze egiten dela, lan handia eskatzen duela, eta dena luzatu egiten dela: zeuk bakarrik hainbeste gauza landu behar izateko astia behar da, eta zaila da gauza bakoitzerako aurreikusitako epea betetzea.
-G: Erraza da Euskadin ekitea? Inguruneak lagundu egiten du?
-B.A: Agerikoa den bezala, beti pentsatzen duzu gauzak hobetu egin daitezkeela: negozioa irekitzeko lokalak alokatzeko, adibidez, laguntza handiagoak egon litezke. Halere, beste autonomia-erkidego batzuekin alderatuz gero, uste dut baditugula ekintzailetzan abiatzeko erraztasunak.
-G: Zer esango zenioke negozioa abiaraztekotan dabilen pertsonari?
-B.A: Ahaleginez eta ekinez dena egin daitekeela; egiten duten horretan benetan sinesten badute, aurrera egin dezatela. Hori bai, ezinbestekoa da proiektuaren aurretiko azterketa egitea, aldeko eta kontrako alderdiak baloratzeko. Hasiera ez da batere erraza, baina gogor lan eginez eta ekinaren ekinez dena egin daiteke. Eta, nik bezala, gehien gustatzen zaizun horretan aritzeko suertea baduzu, askoz errazagoa da dena.
Bexclusive Event: bezeroarekin konektatzen
-G: Agerian dago poz hori zure lanean islatzen dela. Zer espero behar du Bexclusive Eventen bezero batek?
-B.A: Zerbait berezia nahi dutenentzat, ospakizuna oroimenean gelditzea nahi dutenentzat txokoak sortzea da gure helburua. Hartara, oso garrantzitsua da bezeroekin harreman hurbila izatea, beraien eta gure arteko lotura hori aurkitu eta gure lanaren bidez beraien historia kontatzeko zer aukeratu behar dugun jakiteko aukera ematen baitigu horrek.
Hori guztia antzeman daiteke gure lan egiteko moduan: fotomatoia, photocallen diseinua eta sorkuntza, haurrentzako txokoak (haurrengan eta gurasoengan pentsatutako eremua, indioen oihal-dendekin eta jostailuekin), mahai gozo eta gaziak, gaikako mahaiak eta abar. Mimo eta maitasun handia jarri eta xehetasun bakoitza zaintzen dugu, osotasunak zentzua eta harmonia izan ditzan.
-G: Expobodasen egon berri zarete. Nolako esperientzia izan da?
-B.A: Oso pozik gaude gure standak izan duen arrakastarekin. Jendeak gustura hartu du eta lan-proiektu ugari atera ditugu biltzarretik. Gainera, harreman asko lotu ditugu. Expobodaseko lehen esperientzia izan da eta uste dut datorren urtean errepikatu egingo dugula.
-G: Gauzak horren ondo doazela, zer helburu duzu epe ertainean?
-B.A: Agertoki dekoratuak sortzen jarraitzea eta 2017ko ezkontza-aldia garaiz ixtea. Garrantzitsua da urratsez urrats joatea.
-G: Bazaudete sare sozialetan? Zeuon burua ezagutzera emateko bide egokitzat jotzen dituzue?
-B.A: Guk, bereziki, gure lanaren agertoki egokitzat erabiltzen ditugu. Zer egiten duzun, zer lan egin duzun ikustea gustatzen zaio jendeari, eta hori erakusteko esparru egokiak dira sare sozialak. Horregatik gaude Facebooken eta Instagramen, eta horregatik jarri dugu abian geure webgunea. Garrantzitsua da lan ona egitea, baina aldi berean ezagutzera ere eman behar da.