Urteroko txostena aurkeztu dugu aurten ere, eta guztiz positiboa da balantzea. Beste behin ere, ekintzailetza gogotik sustatzen duela frogatu du gure fundazioak. 2016an, 717 lanpostu sortu dituzten 400 enpresa inguru eratzen lagundu dugu. Sortu zenetik (1994), berriz, 4.500 negozio irekitzen lagundu du Gaztenpresak; lanpostutan adierazita, 8.000tik gora.
Balantze-eguna izan zen atzokoa: 2016ko txostena aurkeztu, eta gure jardueraren balorazioa egin genuen. 2016ko ekitaldian sendotu egin da ekintzaileei laguntzen jarraitzeko gogoa, negozio-ideia bat izaten dutenetik hura martxan jartzen duten arte.
Baina ez da zenbaki-kontua bakarrik; askoz gehiago da. 2016an martxan jarri diren ia 400 enpresa horietako bakoitzaren atzean Euskadiko eta Nafarroako ekintzaile askoren lana dago, ideia onak, lanerako gogoa eta, batez ere, ilusioa lagun zituztela beren ametsak gauzatzea erabaki duen jende ugarirena. Harro asko gaude, gure eta gure lantaldearen laguntzari esker egin baitute aurrera.
Iaz, 386 lagunek jarri zuten martxan beren negozioa gure laguntzari esker; horietatik, emakumezkoak ziren 194, eta gizonezkoak 192. Gure ustean, argi erakusten ditu datu horrek enpresa-alorrean benetako parekidetasunerako bidean ematen ari diren aurrerapausoak. Oraindik ere asko falta da erabateko berdintasuna iristeko, baina, pixkanaka, murrizten ari da desberdintasuna. Nahikoa gazteak ziren iaz gure laguntza jaso zuten ekintzaileak; batez beste, 39 urte zituzten.
Ia 2.000 eskariri erantzun genien 2016an; bistakoa da, beraz, ekintzaile ugari daudela Euskadin eta Nafarroan. Eskari horietatik, bideragarritzat jo ziren % 38. Enpresen kokapen geografikoari dagokionez, berriz, hona hemen banaketa: Araban, 75; Bizkaian, 169; Gipuzkoan, 85, eta Nafarroan, 57.
Mentoringa
Sendotu egin zen gure mentoring-programa 2016an. Eskarmentu handiko 70 mentore edo aholkulari boluntario aritzen dira, urtebetez (bi urtera luza daiteke epea) ekintzaileei laguntzen eta haiek gidatzen. Gure eskerrik beroenak ematen dizkiegu boluntario horiei guztiei, Euskadiko eta Nafarroako enpresa-egitura sendotzearren egiten duten lan eta ekarpen eskuzabalagatik.
Bestalde, ahalegin handia egiten dugu finantziazio-iturri egokienak (eta merkeenak) zabalik aurki ditzaten Gaztenpresara etortzen diren ekintzaileek, horren beharrik baldin badute behintzat. Sortu ziren 386 enpresen bultzatzaileetatik % 76k (292) eskatu zuten finantziazioa, eta LABORAL Kutxak finantzatu zuen ekimen berri horiek aurrera egiteko inbertsioaren % 64. 2 016ra arte, 130,1 milioi euroko finantziazioa eman da.
Protagonistak daude, noski, zenbaki horien atzean. Eta izen-abizenak dituzte. Hona hemen batzuk (ez guztiak): Joseba Ubiria (Kañabikaña); M. Carmen Ibañez (Yainmo); Alvaro Soroa (Magicfly); Zohra Bozan (Entre dos aguas); Ainhoa Gamarra (Txanogorritxu); Asier Martínez (Emotio); German Bellota eta Eder Gómez (Kim Boxing); Patricia eta Maite (Mapaverde); Joseba Bontigi (Basque Surf Photo)…
Horiei guztiei, gainerakoei eta Gaztenpresa familia osoari: Eskerrik asko!