Gaztenpresa Fundazioan mota guztietako negozioak martxan jartzen laguntzen diegu onuradunei, bai haien ideiak baldintza berezietan finantzatuz, bai negozioaren fase bakoitzean laguntza profesionala eskainiz, baita negozioaren sendotze-fasean ere. Horregatik, badakigu hiruhileko BEZ beldurgarriaren gestioa, hau da, 303 eredua, buruhauste gehien sortzen dituen alderdietako bat dela, jardueraren hasieran batez ere. BEZa aurkezteko lau data daudela jakin eta horiek egutegian gorriz markatu arren, eguna berehala iristen dela iruditzen zaigu beti. Zer egin dezakegu hori saihesteko? Jarraian, trikimailu txiki batzuk aurkezten dizkizuegu, erabilgarriak izango zaizkizuelakoan.
BEZaren oinarrizko funtzionamendua ulertzea
Lehenik eta behin, BEZ zergaren kasuan guk geuk jarduten dugu Ogasunaren zerga-biltzaile gisa, eta igortzen dugun ordainagiri bakoitzean aplikatu behar dugu (jasanarazitako edo sortutako BEZa). Horrenbestez, bezeroak ordaintzen digunean, zenbateko hori gure kontuan jaso arren, Ogasunarentzat bildu behar dugu, gero hari ordaintzeko.
Horrez gain, eta autonomoak garen heinean, guk ere BEZa ordaintzen dugu produktuak erosi eta zerbitzuak kontratatzen ditugunean (jasandako BEZa edo kengarria). Gastu horiek gure jarduera profesionalarekin lotuta badaude, BEZ hori Ogasunari ordaindu beharreko zenbatekotik kendu dezakegu.
Horrela, sortutako BEZari (gure ordainagirietan kobratzen duguna) jasandako BEZa (gure hornitzaileen ordainagirietan ordaintzen duguna) kentzean sortzen dena da Ogasunari ordaindu beharreko amaierako BEZa.
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan, Estatuak zehaztutako oinarrizko printzipioak, arauak, zerga-egitateak, salbuespenak, sortzapenak, oinarriak, tasak, tarifak eta kenkariak aplikatzen dira BEZa ordaintzeko orduan.
Jarri aparte BEZari dagokion dirua
BEZa guk kobratzen dugu aurretiaz; beraz, oso tentagarria da diru hori likidezia-poltsa txiki bat balitz bezala erabiltzea, momentu zailetan batez ere. Dena den, zure kontura lan egiten baduzu, ordainagiri bat kobratzen duzun bakoitzean BEZari dagokion kantitatea beste kontu batean sartzea gomendatzen dizugu. Horrela, Ogasunari BEZa ordaindu behar diozunean, ez duzu hiru hileroko estutasunik jasango, diru hori gastatu duzula-eta ordaintzeko nahikoa likidezia ez izateagatik.
Bildu eta antolatu ordainagiriak hilean behin gutxienez
BEZa hiru hilez behin ordaintzen den zerga da. Horregatik, ekintzaile gisa bete behar dugun jardueraren egunerokotasunean murgiltzen garenean, askotan ez gara hartaz gogoratzen, hura aurkezteko eguna iritsi arte. Hori nahiko akats larria da, amaierarako utzi dugun eginkizun hori hilez hil egin izanez gero, oso denbora gutxi kenduko bailiguke. Horregatik, ordainagiri bat jaso edo igortzen duzun bakoitzean, hura fakturazio-software baten bidez (LABORAL Kutxak GESTIOLAN eskaintzen du guztiz doan) gestionatzea edo, gutxienez, horiek leku finko batean gordetzea gomendatzen dizugu, gero hainbat faktura aldi berean gestionatzeko, astean behin edo, gutxienez, hilean behin.
Edonola ere, ordainagiri bat paperean jasotzen duzun bakoitzean, hura berehala kudeaketa-programa (edo Excel) batean txertatzea izango litzateke egokiena, BEZa aurkezteko ordua iristean, dena antolatuta izateko.
Aurkeztu gure jarduera profesionalarekin lotuta dauden gastuak bakarrik
BEZa likidatzeko orduan ezin ditugu gure gastu guztiak aurkeztu (horrela, jasandako BEZa handitu eta Ogasunari ordaindu beharreko zenbatekoa txikiagoa izan dadin). Aurkeztu ditzakegun gastu edo inbertsioek zuzenean lotuta egon behar dute gure negozioarekin edo enpresarekin. Adibidez, bulegoko altzarien BEZa kendu dezakegu, baina ez gure etxerako sofa bati dagokiona.
Ez ahaztu BEZa aurkezteko datak
BEZ aitorpena hiru hilez behin egiten da, apirilean, uztailean (Nafarroan, abuztuan), urrian eta urtarrilean (aurreko urteko laburpenekin batera). Egutegi fiskal guztiak online kontsulta daitezke (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Zerga Administrazioko Estatu Agentzia).