×

Para instalar Gaztenpresa en tu iPhone pulsa y luego Añadir a pantalla de inicio.

Navegación limitada - Sin conexión

Zure bezeroengandik hurbilago Whatsappari esker

Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin
Share on whatsapp
Share on email

Ez dizugu ezer berririk esango Whatsappa gero eta jende gehiagok erabiltzen duela esaten badizugu. Baina, gero eta negozio gehiagok aplikazio hori bere bezeroengana hurbiltzeko erabiltzen dutela esaten badizugu?

Urtero, ehunka pertsona ekintzaile gerturatzen dira Gaztenpresara, beren proiektuak errealitate egiten lagun diezaiegun. Horietako askok mundu digitalarekiko interesa agertzen dute, eta sare sozialei etekina nola atera galdetzen digute. Kasu bakoitza bakarra da, eta, horregatik, Gaztenpresan arreta pertsonalizatua eskaintzen dugu, ekintzaileari ibilbide osoan zehar lagunduko dion tutore bat esleituz.

Azken urteetan askok galdetu digute sare sozialak nola gestionatu. Blog honetan behin baino gehiagotan hitz egin dizugu horretaz. Facebook-en zure enpresarentzat kontu bat nola ireki, Twitter bezeroari arreta eskaintzeko kanal gisa nola erabili eta abar. Gero eta lehiakorragoa den merkatu honetan, ezin da zure bezeroengana gerturatuko zaituen tresna bakar bat ere alferrik galdu. Eta horietako askok denbora asko pasatzen dute Whatsappean, baita Twitter-en eta Facebook-en ere.

Nola erabili Whatsappa zure negozioari laguntzeko?

Bezeroari arreta eskaintzeko kanal gisa erabiltzea da modurik onena. Zure bezero askorentzat errazagoa izango da zure negozioarekin Whatsappez harremanetan jartzea, posta elektronikoz edo telefonoz baino. Hasieran arazo bat dirudi, erantzuteko egin behar den ahaleginagatik eta denboragatik, baina ondo antolatzen bazara eta kontsulten bolumena handiegia ez bada, denbora aurreztu eta zure negozio-irudia indartuko duzu.

Zure bezeroek zalantzak argitzeko (neurriak, bidalketa baten egoera, erabilgarritasuna…) eta zure zerbitzuak kontratatzeko (mahai bat gordetzeko, adibidez) tresna bat dutela jakingo dute. Sare sozialekin gertatu ohi den moduan, arrazoizko denbora-tarte bat izango duzu erantzuteko. Whatsappeko zure profilean, bezeroari arreta eskaintzeko ordutegiak gainera ditzakezu. Whatsapp Web gisako baliabideek asko lagunduko dizute, zure ordenagailutik idatzi ahal izango baituzu, teklatua erabiliz.

Sustapen masiborik ez

Nolanahi ere, Whatsappa ez da sustapen masiborako tresna bat, eta hori oso garbi izan behar duzu. Ahaztu zure kontaktu guztiei sustapen-mezuak bidaltzeaz. Eta ez zure bezeroak nekatuko dituzulako bakarrik, datuak babesteko legeek ezartzen dituzten mugengatik baizik. Horregatik, konpainia handiek bezeroari arreta eskaintzeko kanal gisa bakarrik erabiltzen dute Whatsappa, eta ez aurrera egiteko erreminta komertzial gisa. Laboral Kutxan, adibidez, duela urtebete hasi ziren aplikazio horren bidez arreta pertsonalizatua eskaintzen (688 71 07 32).

Kontua ez da bertan egotea bakarrik, haren bidez egin ditzakezun ekarpenetan pentsatzea baizik. Ez dago formula magikorik. Whatsappak bereizten lagun diezazuke? Aplikazio horren bidez zure zerbitzua hobetuko duzu? Eskaintzak ezker-eskuin bidaltzeko baino zerbait gehiagotarako erabiliko duzu? Horrela bada, zure estrategiara gehitu behar duzu Whatsappa, inolako zalantzarik gabe.

Laster helduko diren Whatsappeko berritasunak: enpresa-kontuak

Dirudienez, hilean 1.200 milioi erabiltzaile baino gehiago dituen aplikazio horrek hazten jarraituko du datozen urteetan ere, enpresen eta bezeroen arteko komunikabide gisa batez ere. Besteak beste, enpresa-kontuen egiaztapena prestatzen ari da Whatsapp, Twitter-en bezala. Horrela, erabiltzaileek bereizgarri bat ikusi ahal izango dute enpresaren profilaren ondoan, eta horrek kontu ofizial bat dela bermatuko die, ez datuak lapurtzeko helburuarekin identitatea faltsutu duen iruzurti batena.

Sare sozialen eta ekintzailetzarekin lotutako beste gai batzuen inguruko zalantza gehiago badituzu, ez ahaztu Laboral Kutxako zure bulegoan nahiz Gaztenpresaren bitartez zure proiektuarekin laguntzeko prest gaudela. Sare hauetan ere aurkituko gaituzu: Facebook, Twitter eta Linkedin.

Post gehiago irakurri.

Uztaila 10, 2025
2025eko uztailaren 8a.–LABORAL Kutxaren Gaztenpresa Fundazioak 348 enpresa sortzen lagundu du 2024an, eta enpresa horiek 696 lanpostu berri sorrarazi dituzte. 1994an sortu zenetik, Fundazioak 7.246 enpresari lagundu die abian jartzen, eta horiek 13.371 laguni eman diete lana. Datuok Gaztenpresaren 2024ko txostena aurkezteko ekitaldian ezagutarazi dituzte, LABORAL Kutxak Bilbon duen lurralde-egoitzan. Gaztenpresako lehendakari Ibon Urgoiti pozik...
Abendua 11, 2024
Berrikuntza eta desberdintzea funtsezko zutabeak dira enpresa-eremuan arrakasta izateko, batez ere ingurune globalizatu eta oso lehiakor batean. Enpresa gehienak Interneten daudenez eta teknologia tresna eta erakusleiho gisa erabiltzen dutenez, are garrantzitsuagoa da behar bezala erabiltzen jakitea. Gaur egun, berrikuntza eta desberdintzea funtsezkoak dira jasangarritasuna eta epe luzerako arrakasta bermatzeko. Arlo horietan inbertitzen duten enpresek, nabarmentzea...
Azaroa 11, 2024
Besteren konturako lanaren zurruntasunik ez dagoenez, autonomo gisa bizitza pertsonala eta lan-bizitza bateratzeko erraztasun gehiago dituzula eman dezake, baina itxurazko malgutasun horrek arazoak ere sor diezazkizuke bi alderdiak bereizteko orduan: lana eta atsedena; negozioa eta aisia. Halaber, zure produktibitateari ere eragin diezaioke. Horregatik, komeni da arau batzuk ezartzea zure energia mantendu ahal izateko. Zure nagusia...