Zure bezeroek Interneten bilatu nahi zaituzte. Ultrakonektatuta daude. Hainbat gailu erabiltzen dituzte eta dena Googlen begiratzen dute. Zuk webgune bat duzu. Nahikoa dela uste duzu?
Orain dela aste batzuk komentatu genizun Interneten egon beharra zenuela, eta zure sareko domeinua nola egin azaldu genizun. Aurretiaz presentzia digitalik ez bazenuen, webgunea egitea oso urrats handia izan zen. Alabaina, webgune propioa izatea ez da nahikoa. Bistaratu, ikusgarri egin behar duzu. Nola? Hona hemen aholku batzuk.
Duela urte batzuk, jende pilo bat hasi zen euren negozioetarako webgunea sortzen, ia nahitaezkoa zirudien eta; izan ere, mundu guztiak hitz egiten zuen horri buruz. Gaur egun, ordea, zertarako balio dien galdetzen diote euren buruei. Batzuek ia eragozpentzat ere jotzen dute. Izan ere, argi eduki behar dugu webguneak dinamikoa izan behar duela, bizirik egon behar duela eta, batez ere, sarean dagoen informazio-maratila izugarri horretan nabarmendu egin behar duela.
Kokatu eta komunikatu
Ziurrenik inoiz entzun duzu SEO (Search Engine Optimization) terminoa; hau da, hoberenatzea bilaketa-motorretan edo posizionamendua bilaketa-motorretan. Diziplina horren funtsa: zure webgunea “tuneatzea”, jendeak Googlen zure enpresari lotutako zerbait bilatzen duenean, bilaketaren emaitzan agertzen lehenetakoa izan zaitezen. Helburu hori lortzeko, zure webguneko edukiari lotutako alderdi teknikoak garatzen ditu.
Gizarte-sareak Interneten «zarata» ateratzeko modu bikaina dira. Facebook, Twitter, Linkedin… Asko dira, bakoitza bere publikoarekin. Gehien interesatzen zaizuna aukeratu beharko duzu. Argi dago, ordea, pertsona gehienak batean edo bestean aktiboak direla. Aprobetxatu zeure bezeroekin komunikatzeko, erabil itzazu beraiekin komunikatzeko bidetzat. Izan zaitez hurbila, gardena, asmotsua. Eskertu egingo dizute, ez izan zalantzarik!
Publizitatea norbere burua ezagutzera emateko modua izan da beti. Eta oraindik ere bada. Interneten zerbait aldatu egin da, ordea. Orain errazagoa da nork ikusten zaituen jakitea, zuri interesatzen zaizun pertsona talde zehatzean eragitea, emaitzak neurtzea… Googlen iragarkiak jartzeko aukera duzu (ziur SEM terminoa ezagun egiten zaizula) edota zure bezeroen gustuei lotutako webgune eta blogetan ager zaitezke, eta erabiltzen dituzten gizarte-sareetan iragarkiak jartzeko aukera ere baduzu. Are gehiago, iragarki dinamikoak ere jar ditzakezu. Aukerak ugari-ugariak dira.
Zure ahalmenera egokitutako presentzia digitala
Interneten badira “supermerkatuak” eta ziurrenik bertan egoteko interesa duzu, baldin eta produktuak saltzen badituzu. Marketplaceei buruz ari gara: Amazon, Ebay edota Rakuten (Japoniako Amazon). Gainera, hamaika gairi buruzko foroak ere badaude. Beharbada, interesgarria gerta dakizuke elkarrizketa horietako batzuetan parte hartzea.
Gizarte-sareak, SEO, SEM, publizitate digitala, marketplaceak, foroak, prezio-konparadoreak…. Bide ugari dituzu Interneten agerian egon eta zure bezeroek aurki zaitzaten. Beharbada, horrek guztiak gainezka egiten dizula pentsatuko duzu. Ez duzu hori pentsatu behar, inolaz ere. Gainera, ez duzu zertan dena egin, eta ez duzu zertan dena batera egin. Zure sektorearen, zure lehiakideen, zure helburuen eta zure aukeren mende egongo da. Eta, gainera, beharbada ez da nahitaezkoa diru eta denbora asko inbertitzea. Berriro ere, zuk nahi duzun intentsitatearen araberakoa izango da.
Bale, eta berehala bururatuko zaizu: Nondik hasi behar dut? Nola egingo dut? Agentzia digital ugari dituzu eskura zuri laguntzeko prest. Interneten bilatzea baino ez duzu 😉 Dena dela, badakizu Gaztenpresan zure negozio-proiektuetan laguntzeko gaudela. Eta, jakina, horri lotutako presentzia digitalean laguntzeko ere bai. Hasiko gara lanean?