Ekintzailea bazara edo enpresa txikia baduzu, Gaztenpresako taldeak aholkuak eman ahal dizkizu kontabilitate- eta finantza-gaietan. Galdetu gure profesionalei.
Enpresen likidezia-gabezia arazoa da, eta ahalik eta lasterren konpondu behar dugu. “Merkataritza-deskontua» likidezia-gabeziari (berehala egin beharreko ordainketei aurre egiteko dirurik eza) aurre egiteko sistema interesgarria da. Kontratu horren arabera, finantza-erakundeak bezeroak zor digun dirua ordainduko digu, bezeroak berak ordaindu aurretik. Halere, interesak eta komisioak eskatuko dizkigu trukean. Oso baliagarria da ezin badugu bezeroak ordaindu arte itxaron, eta denbora-epe laburrean ordainketaren bat egin behar badugu. Finantza-erakundearentzat oso arrisku kontrolatua da, oso epe laburreko zorra baita. Finantza-erakundearentzat zor-agiria edo letra onartua da dokumenturik onargarriena. Gainera, finantza-erakundeak bezero asko eta zenbateko txikiak nahiago ditu bezero gutxi eta zenbateko handiak baino, arriskua dibertsifika baitezake. Dena den, finantza-erakundeak ez du bere gain hartzen gure zordunak ez ordaintzearen arriskua; alegia, zordunak ez baditu bere fakturak ordaintzen, guk hartuko dugu kostua geure gain.
Bada antzeko tresna bat: faktura-aurrerakina (factoringa), enpresa finantza-erakundearen ohiko bezeroa denean erabili ohi den formula. Tresna horren bidez, guk igorritako faktura baten zenbatekoa aurreratzen digu finantza-erakundeak. Kasu horretan, finantza-erakundeak ez dio erreparatuko gure kaudimenari, bezeroarenari baizik, eta ez dago, aurreko kasuan bezala, itzulketa bermatuko duen inolako agiririk. Halatan, bada, finantza-erakundea fidatu egiten da, faktura bat baino ez duelako; hau da, ordainketa ziurtatzen ez duen paper huts bat.
Formula garestia da, baina negozioa kudeatzeko onuragarria. Bezeroak zerbitzuaren gastuak ordaindu beharko ditu, besteak beste:
- Fondoen aurrerakinari dagokion interes-tasa, zenbatekoaren aurrerakina mugaeguna baino lehen jasotzea kontratatuz gero.
- Kudeaketa-komisioa (nominalaren gaineko portzentaje bat).