“Merkataritza-lokala alokatzen da. Erdigunean kokatuta dago, kale jendetsuan. Oso argitsua eta erabat diafanoa”. Negozio-ideia bat badugu eta lokal bila bagabiltza, horrelako iragarki asko ikusiko genituen. Baina, nola jakin dezakegu zein den gure jarduerarako lokalik egokiena? Gaztenpresan era guztietako ekintzaileei lagundu diegu; zure negozioa aurrera eramateko lekurik onena bilatzen lagunduko dizuten aholku batzuk eman nahi dizkizugu.
Lehenik eta behin, oso erabilgarria izango zaizun online aplikazioa gomendatuko dizugu: Goolzoom. Metabilatzaile horrek alokatzeko edo erosteko lokalik onena bilatzeko lana erraztuko dizu. Google Maps eta Espainiako higiezinen online atari nagusien datuak uztartzen ditu. Horrela, begiratu bakarrean, gune bat aukera dezakegu eta zonalde horretako prezioak eta eskuragarri dauden eskaintzak ikus ditzakegu.
Hainbat lokal apuntatu ondoren, horiek bisitatzen hasten zarenean, galdera batzuk egin beharko dizkiozu zeure buruari:
- Beharrezkoa al da nire negozioa oso agerian egotea? Denda bat jartzen baduzu, esaterako, erakusleihoak zenbat eta metro gehiago izan hobe. Izkinetan edota zebra-bideen edo semaforoen ondoan dauden lokalak ere egokiak dira, jendea toki horietan gelditu egiten baita, eta aukera gehiago dago zure produktuei begira gera daitezen. Era berean, pareko espaloitik zure negozioa ikustea oztopatzen duen hiri-altzaririk ote dagoen ere hartu beharko duzu kontuan (farolak edo zabor-edukiontziak, adibidez). Jakina, jendearen igarotze-maiztasuna datu garrantzitsua da, batez ere jendaurreko salmenta-negozioentzat; sarritan, alferrik da lokal handi eta argitsua izatea kale horretan jende gutxi ibiltzen bada. Bestalde, salmentarako baino lanerako bulegoa behar baduzu, ez du merezi gehiago ordaintzea erakusleiho handia izateagatik edo kale jendetsuan egoteagatik. Kasu horretan, hobe da bulegoko dekorazioa eta altzariak ondo aukeratzea, bisitan datozkizun bezeroen aurrean itxura ona emate aldera.
- Komeni al zait lehiakideak hurbil izatea? Batzuetan lehiakideak hurbil izateak porrota dakar, gure bezero izan daitezkeenak lehiakideen lokalean jasotzen baitute behar duten zerbitzua; orduan, gure eskaintza oso bestelakoa ez bada edo prezioak asko jaisten ez baditugu (eta hori ez da gomendagarria), oso zaila izango zaigu bezeroak gurera erakartzea. Ile-apaindegien edo albaitaritza-kliniken kasuan, esaterako; auzoan zerbitzu bera eskaintzen duen negoziorik ez egotea komeni zaigu, bertako bezeroak gurera etor daitezen. Baina beste mota bateko negozioen kasuan oso interesgarria izan liteke lehiakideak inguruan izatea, arropa-denden kasuan, esaterako. Bezeroek nahiago izaten dute dena hurbil den lekuetara joatea, batetik bestera ibili beharrean.
- Erreza al da nire lokalera iristea? Gure negozio motaren arabera, litekeena da bezero izan daitezkeenak automobilez etorri nahi izatea, pisu gehiago eraman ahal izateko, adibidez. Horrelakoetan, errepidearen zabalera eta gure lokaletik ahalik eta gertuen aparkatzeko aukera dagoen hartu beharko ditugu kontuan. Halaber, garraio publikoaren hurbiltasuna (autobus-geltokia edo metrorako sarbidea) ere erabakigarria izan daiteke.
- Kale horretatik igarotzen direnak bezeroak izan litezke? Luxuzko markako arropa-denda baduzu, zure lokala hiriko zonalde aberats batean egotea da normalena, bertako bizilagunek eros-ahalmen handia dutenez, zuk eskaintzen duzun arroparekiko interesa izan baitezakete. Zure negozioa betiko fruta-denda baldin bada, berriz, auzo-merkatu batetik hurbil dagoen kalea izango da kokapen onena. Askotan, kalea oso jendetsua izan arren, gure dendaren aurretik igarotzen den jendea ez da guk bilatzen dugun publikoa. Publiko hori jarduerari ekin aurretik zehaztu beharko duzu zure negozio-planean, eta Gaztenpresak funtsezko gai horretan lagun zaitzake. Merkataritza-lokala alokatzeko zonalde bat aztertzean, bertako jendea nolakoa den ikusteko modurik onena zuzenean begiratzea da: pasa zaitez egunean hainbat aldiz zonalde horretatik, jaso biztanleria-fluxuari buruzko datuak, eta galdetu inguruko atezainei edo bizilagunei. Gainera, ikuspegia osatze aldera, hirietako udalek eskaintzen dituzten estatistika-datuak begira ditzakezu: Bilbo zenbatekoetan | Vitoria-Gasteiz, auzoak zenbakietan | Donostiako hiri-behatokia | Iruñeko auzoak zenbakietan.
Laburbilduz, negozio motaren eta publiko potentzialaren arabera aukeratu behar da merkataritza-lokal aproposena. Beraz, alderdi horiek ondo zehaztuta izan behar dituzu zure negozioarentzako kokapen egokia bilatzen hasi aurretik.
Negozio-ideiaren bat baduzu, Gaztenpresan lagun diezazukegu. Deitu 900 101 143 doako telefonora edo idatz iezaguzu info@gaztenpresa.org helbide elektronikora.