Lehia, askotan, mehatxu bat izan badaiteke ere gure negozioarentzat, funtsezko elementua da merkatua eta produkzio-sektoreak osasuntsu egoteko. Izan ere, lehia osasungarri batek:
- Berrikuntza eta sormena errazten ditu.
- Eskaintza eta lehiakortasuna areagotzen ditu.
- Bezeroekiko harremanak hobetzen laguntzen du.
- Sinergiak eta etengabeko hobekuntza sustatzen ditu.
Gianni Versace diseinatzaile italiarrak esan zuen bezala, «lehiakide baliotsuak izateak zure lana hobeto egiten laguntzen dizu».
Baina, zure lehiakideen aurrean dituzun abantailak baliatzeko, lehenbizi identifikatu eta sakon ezagutu behar dituzu lehiakide horiek. Izan ere, edozein negozio-planen funtsezko elementuetako bi dira merkatuaren eta lehiaren azterketak. Urrats hauek eman behar dituzu lehiakideak aztertzeko:
Lehiakideak identifikatzea
Pellokeria bat iruditu arren, garrantzitsua da argi izatea norekin lehiatuko zaren merkatuan. Izan ere, lehiakideek:
- Bezero-mota bera dute xede.
- Produktu edo zerbitzu bera eskaintzen dute.
- Zuk konpondu nahi dituzun arazo berak konpondu nahi dituzte.
Haien produktua edo zerbitzua ezagutzea
Begiratu haien fabrikazio-kostuak, diseinua, funtzionalitatea…. oro har, zure produktua hobetzen lagunduko dizun guztia.
Haien salmenta-bolumena, egitura eta finantza-sendotasuna aztertzea
Komeni zaizu jakitea zein den zure lehiakideen egitura operatiboa, zer baliabide behar dituzten euren negozioa mantentzeko, zenbatekoak diren haien salmenta-bolumena eta irabaziak… hau da, arituko zaren joko-eremua ezautzeko aukera emango dizun guztia.
Balio-proposamen bereizgarria sortzea
Elementu horiek eta beste batzuek lagundu egingo dizute zure produktu edo zerbitzuarentzako balio-proposamen bereizgarria sortzen, eta, horrela, merkatuan zure txokoa aurkitzen.
Balio-proposamena zehazte aldera lehiakideak aztertzeko prozesu horretan, funtsezkoa da benchmarkinga. Gestio-tresna horren bidez, beste enpresa batzuen produktuak, zerbitzuak edo prozesuak gureekin alderatzen ditugu, interesatzen zaiguna gure negozioari eransteko eta merkatuari proposamen bereizgarria eskaintzeko.
Benchmarkingaren prozesuak
- Aztertu beharreko aldagaiak aukeratzea; adibidez, produktu baten diseinua edo bezeroarentzako arreta-zerbitzua.
- Eredutzat hartu nahi ditugun enpresak hautatzea, hau da, hobetu nahi ditugun alderdietan erreferentziakoak direnak.
- Aukeratutako aldagaietatik zer datu behar ditugun zehaztea; adibidez, bezeroari erantzuteko denbora.
- Informazioa biltzea, esaterako bezero edo hornitzaileekin egindako elkarrizketen bidez.
- Informazioa egokitzea gure enpresara, ahal dugun guztia hobetzeko.
Gogoan izan, negozioa abian jartzeko edo suspertzeko laguntza gehiago behar baduzu, Gaztenpresan zure esanetara gaudela abentura ekintzailearen etapa guztietan zure ondoan egoteko.