Ekintzailea bazara edo enpresa txikia baduzu, leasingaren eta rentingaren onurak ezagutzea komeni zaizu.
Epe luzerako maileguak alboan utzita, epe laburrerako finantza-premiei aurre egiteko pentsatuta dauden bestelako finantzaketa-produktuez gain, enpresei ondasunak erosten laguntzera bideratutako finantzaketa-produktuak ere badaude: leasinga eta rentinga. Leasingaren eta rentingaren bidez, ondasuna pixkanaka ordaintzen da, hileko kuoten bidez.
Leasinga finantza-alokairuko kontratua da, erosteko aukera ematen duena. Hots, horren bidez, ondasun bat aloka dezakegu, eta kontratuaren amaieran erosteko aukera erabiltzen badugu, ondasun horren jabetza lor dezakegu. Erosketa-aukera azken kuota izaten da. Kontratuaren amaieran kuota hori ordainduz gero, ondasunaren jabetza lortzen da berehala. Leasingeko kuotak kengarriak dira. Leasingaren prezioan, hauek sartzen dira: ondasunaren prezioa, eragiketari atxikitako gastuak, gerorapen-interesak eta BEZa.
Rentinga ondasunak alokatzeko eragiketa da, eta leasingak baino zerbitzu gehiago eskaintzen ditu. Horrenbestez, rentingaren bidez, ondasuna behin eta berriz berritzen da, hau da, ondasun hori teknologia berrietara eta berrikuntzetara egokituta egongo dela bermatzen da. Rentingeko kuotan, ondasuna erabiltzeko eskubideaz gain, hark funtzionatzeko beharrezkoak diren zerbitzu guztiak ere sartzen dira (aseguruak, ordezko piezak, matxuren konponketa, etab.).
Aukerarik garestiena da, baina, hari esker, enpresa ziur dago ondasunak ondo funtzionatuko duela. Gainera, rentingeko kuotak ere kengarriak dira.
900 101 143 | info@gaztenpresa.org