Hona hemen Lanbidek Euskadin bizi diren ekintzaileei “enpresa-proiektua finkatzeko” eskainitako dirulaguntzei buruzko informazioa.
Dirulaguntzak jaso ditzaketen jarduketak.
1.- Enpresaren eguneroko gestioan aholkatzeko eta laguntzeko gastuek eta Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazio-kostuek jaso ahal izango dituzte deialdi honetako dirulaguntzak.
2- Aurreko paragrafoan adierazitako gastuak, dirulaguntza jaso dezaketenak, 6 hilabeteko epean egin beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita.
3.- Aholkularitza eta laguntza legez eratutako edozein erakundek edo enpresak eman ahal izango du, baldin eta bere jardueren artean dirulaguntza jaso dezaketenak badaude.
Dirulaguntza jaso dezaketen ekintzaileak.
- Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko, honako baldintza hauek bete behar dituzte ekintzaileek dirulaguntza-eskaera aurkezteko unean:
- EAEn errondaturik egon eta bertan bizitzea.
- JEZn eta Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea 2014ko ekitaldian, 2014ko urriaren 18a baino lehen.
- Enpresa-jarduerak egoitza soziala eta fiskala EAEn izatea eta lantokiak ere Erkidegoan egotea.
Dirulaguntzen zenbatekoa.
Atal honetan araututako dirulaguntzen gehienezko zenbatekoa 3.000 eurokoa izango da.
Eskaerak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.- Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko eskaerak IV. eranskinean ageri den eredu ofizialaren bidez aurkeztu behar dituzte ekintzaileek. Eredua eskuragarri dago http://www.lanbide.net webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-bulegoetan.
Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabiliz aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.- Eskaera-orriarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren kopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
b) EAEn erroldaturik egotearen ziurtagiria edo erroldako datua elektronikoki egiaztatzeko baimena.
c) JEZn alta emanda egotearen ziurtagiria.
d) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotearen ziurtagiria.
3.- Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau EHAAn aurkezteko egunaren hurrengo egunetik zenbatzen hasita, argitalpen-egunaren aurretik alta emanez gero, eta 15 egun balioduneko epea JEZn alta emateko egunetik zenbatzen hasita, argitalpen-egunaren ondoren alta emanez gero.
Informazio gehiago Lanbideren edozein bulegotan edo EHAAn.