Gaztenpresa, Youth Business Spaineko kide denez, “Enplegua, erronkak eta aukerak Mikrofinantzentzat” gaia ardatz izango duen ekimenean egongo da. 2014ko ekainaren 19an eta 20an egingo dute Lisboan.
Ekimenaren asmoa buruak, ideiak eta esperientziak biltzea da. Sareko kide diren erakundeak, gonbidatutako EBko erakundeetako ordezkariak, finantzaketa-erakundeak, eta Europako eta haratagoko mikrofinantzetako profesionalak elkartuko dira sektoreko jardunbide onenak partekatu, elkartrukatu eta aurrez aurre jartzeko. Osoko saioen, tailerren, mahai-inguruen eta elkarrizketa irekien bidez, Biltzarraren antolaketa zeharkakoa eta interaktiboa izatea da helburua.
Europak historiako krisi ekonomiko larrienetako bat du aurrean.
– Eurostaten arabera, EB-27ko 26,338 milioi gizon eta emakume langabezian zeuden 2013ko otsailean.
– Estatu kideen artean, langabezia-tasa apalenak Austrian (% 4,8), Alemanian (% 5,4), Luxenburgon (% 5,5) eta Herbeheretan (% 6,2) izan zituzten, eta altuenak, berriz, Grezian, (% 26,4), Espainian (% 26,3) eta Portugalen (% 17,5).
Mikrofinantzek eta, bereziki, mikrokredituek egiteko garrantzitsua dute enplegua sortzeko bidean. Krisialdian, mikrofinantzak lagungarri izan daitezke arrakasta izateko borondatea eta ekimena duten pertsonentzako aukerak sortzeko. Horien artean daude baita ere euren lanpostuak sortzeko aukera bilatzen duten unibertsitate-tituludun gazteak. Herrialde askotan, gazteek lanik gabeko etorkizun iluna dute aurrean, eta egoera horrek ondorioak izango ditu luzera begira. Galdutako belaunaldiaz hitz egiten da.
– 2013ko otsailean, 5,694 milioi gazte zeuden langabezian EB-27n. 2012ko otsailarekin alderatuta, 196.000 gazte gehiago zeunden lanik gabe.
– 2013ko otsailean langabezia-tasa apalenak Alemanian (% 7,7), Austrian (% 8,9) eta Herbeheretan (% 10,4) izan zituzten, eta altuenak, berriz, Grezian, (% 58,4), Espainian (% 55,7), Portugalen (% 38,2) eta Italian (% 37,8).
Europako panorama berriarekin lotutako erronkak izango dira Biltzarraren ardatza
– Mikrofinantzek nola lagun dezakete egungo egoerari erantzun egokia emateko?
– Testuinguruak zein erronka eta aukera ekarri dizkie mikrofinantzei?
– Zein da mikrofinantzen benetako eragina enpresarien egitekoan?
– Nola neur daitezke gizarte-eraginak modu eraginkorrean?
Biltzarra aukera paregabea izango da partaideek sektorea azter dezaten. Europan, finantza-krisiaren ondoren sortu diren erronkei erantzun beharko die mikrofinantzen sektoreak, azken finean, Europa sozialagoa eta finantzarioki eta enpresaren ikuspegitik inklusiboa izango dena eraikitzeko eta, aldi berean, langabeziaren arazoari erantzun eraginkorra ematea bultzatzeko.