Ideia, egitura, eskainiko duzun zerbitzua… zehaztuta dituzu, lokala ere aukeratu duzu. Orain, galdera potoloenari erantzun beharko diozu: zenbat diru behar duzu zure negozioa abiarazteko?
Agian, oraingoz, gutxi-gorabeherako kalkuluak besterik ez dituzu egin, baina nahitaezkoa da zenbaki-kontuak ahalik eta gehien zehaztea.
Ezin zara joan finantza-erakundera gutxi-gorabehera beharko duzun inbertsioa azaltzera. Errealitatetik ahalik eta hurbilen dauden zifrak aurkeztu behar dituzu; ziurta ezazu ez zarela hilabete barru itzuliko milaka euro batzuk gehiago eskatzera.
Gogoratu Gaztenpresan zure negozioa prestatzeko etapa guztietan lagunduko zaitugula. Nolanahi ere, aurrekontu errealista egiteko, galdera jakin batzuk egin beharko dizkiozu zeure buruari:
- Zehaztu pertsonal-gastuak. Autonomoa bazara, zeure beharrei eta familia mailakoei aurre egiteko beharko duzun gutxieneko soldata zehaztu behar duzu. Ez irabazi nahiko zenukeen hori, zure enpresaren hastapenetan bizitzeko benetan beharko duzun soldata baizik. Langileren bat kontratatzeko asmoa baduzu, haren soldata zehazteko orduan sektore-hitzarmenak hartu beharko dituzu kontuan, eta ez itzazu ahaztu kotizazioak.
- Zenbateko kostua du abian jartzeak? Horixe da, zalantzarik gabe, erantzun beharko duzun galderarik zailenetako bat. Egizu hasierako inbertsioari buruzko taula bat. Jarri bertan aurrekontuak, besteak beste, honako hauei buruz eskatu dituzunak: lokalerako errotuluaren diseinua eta fabrikazioa; alokairuaren prezioa, fidantza barne; egin beharreko obra; ordaindu beharreko tasa eta zerga guztiak; altzariak eta erakustaltzariak; komunikazioak, ordenagailuak, zerbitzariak eta informatika-programak; finantzaketa-gastuak, irekitzekoak, notaritzakoak; hasierako marketin-kanpaina, eta, orokorrean, negozioaren ateak irekitzeko beharrezko diren gastuak, hala nola aseguruei eta aholkularitzari dagozkienak. Taula zenbat eta osoagoa izan orduan eta aurrekontu errealistagoa egingo duzu.
- Arrazoizko stocka. Produktu bat edo gehiago merkaturatuko badituzu, hasieran erosi nahi duzun merkantzia-kantitatea ere kalkulatu beharko duzu: saltokia betetzeko beharko dituzun salgaien aurrekontua egin dezakezu, edo hilabete batzuetarako edo sasoi baterako hornidura bermatu. Egizu salmenten eta diru-sarreren inguruko estimazio ERREALISTA eta sartu guztia taulan.
- Altxortegi-plana. Lehen urtebetean zure enpresak izango duen gastu finkoen egitura hartu behar duzu kontuan, marjina finkatu eta hilabeteka banatu. Gomendagarriena, ezustekorik ez izateko, lehen hiru hilabeteetan diru-sarreren laukia hutsik uztea da, gastuen maila normalari eutsita. Horrela, argi eta garbi jakingo duzu hasteko zenbat diru beharko duzun, egoerarik txarrenean ere aurrera egin ahal izateko. Eta, batez ere, ez ahaztu kobratzeko epeak behin eta berriro errepikatzen diren amets gaiztoak izaten direla beste enpresa batzuk bezero dituztenentzat (B2B). Bezero diren enpresa askok euren posizio sendoagoa aprobetxatzen dute ordainketak atzeratzeko, legeen araberako 30 eguneko epea luzatzeko.
- Berraztertu aurrekontua. Prest duzu guztia. Jostun, arotz edo igeltseroen urrezko arauetako bat oso kontuan hartzeko unea da: neurtu hiru aldiz eta moztu behin. Gurera ekarrita, egiaztatu datuak zuzenak direla, finantza-erakundeari behin bakarrik aurkezte aldera.
Egina dugu lan nekezena. Gogoratu zure finantza- edo kreditu-erakundeak lagun zaitzakeela finantzaketa-plana zehazten, baina hobe da etxeko lanak eginda eramatea, zerotik hasi beharrik ez izateko.
Eta, bukatzeko, galdera nagusia: Eskatu beharko duzun zenbatekoaren ordainketari aurre egiteko moduan al zaude? Kontsultatu negozioetan aditua den zure gestoreari, aholka zaitzala. Inbertsio handia egitekotan zaude eta zu zara, ekintzaile hori, zure negozioarekin gehien arriskatzen duzuna, zuri dagokizu, batez ere, finantzaketa-plana zentzuzkoa eta bideragarria izatea.
Orain bilera prestatu behar duzu, zenbakiez gain, lagun zaitzaketen alderdi kualitatiboak ere aintzat hartu behar baitira. Presta ezazu zure negozio-proiektuari buruzko kontakizun ulergarria, zer egingo duzun, diru-sarrerak nola lortuko dituzun eta zer nolako gastuak izango dituzun argi eta garbi azalduta. Finkatu konfiantzazko harremana entitatearekin eta ez ebatsi informaziorik: gogoratu zuri dagokizula, batez ere, proiektua bideragarria ote den jakitea, eta, ildo horretan, negozioetan aditua den zure gestorearen iritzia oso baliagarria gerta dakizuke.
Zure finantza-erakundera joan eta finantzaketa lortzeko ordua da. Aurrera!