×

Para instalar Gaztenpresa en tu iPhone pulsa y luego Añadir a pantalla de inicio.

Navegación limitada - Sin conexión

Negozioa non ireki asmatzea, funtsezkoa arrakasta lortzeko

gzt-art-ubicacion
Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin
Share on whatsapp
Share on email

Dena prest duzu jada: ideia, finantzaketa, langileak… Baina zerbait falta zaizu: Non irekiko dut negozioa? Pentsatu une batez: errentagarria ote da nabe industrial baten teilatuan saltxitxa-ogitartekoen postu bat jartzea? Edo oinetako-denda bat hondartzaren ondoan? Has zaitez kalean gora eta behera ibiltzen, eraikuntza-enpresen iragarkiak zorrotz aztertzen…, baina ez aliritzira.

Funtsezkoa da zure enpresarentzat lokal egokia aukeratzea; arrazoi askorengatik, baina bi hauengatik bereziki:

  • Zure establezimenduak adierazten duelako zer bezero-motaren bila zabiltzan.
  • Diru-inbertsio handia egin behar delako, eta zure negozioaren aurkezpen-txartela lokala delako.

Zer izan behar dut kontuan nire negozioaren kokalekua hautatzeko?

Jarduera berrirako kokaleku egokiena hautatzea oso erabaki garrantzitsua da; horregatik, zenbait gauza izan behar dituzu kontuan.

  1. Zer saltzen duzun

Zenbait sektoretan, komunikazio-azpiegitura handietatik hurbil egon behar da; bestela, zoratu egiten zaitu bidalketa bakoitzak. Etxetresna elektriko handien edo makineria astunaren banatzailea bazara, biltegiratze-nabe handi bat beharko duzu, autobidera, portura eta trenbidera zuzenean eta azkar iristeko.  Baina mikrotxipak egiten badituzu eta zure merkatua Asiako hego-ekialdean badago, hobe duzu hegazkinen zaratara ohitzea, bulegoa aireportu baten ondoan jartzea komeni baitzaizu. Zer salgai-mota eskaintzen duzun, agian negozioa hirigunean jartzea komeniko zaizu, edo —beharbada— autobiderako zuzeneko sarbidea duen karga-eremu zabal batean. Eta azpiegitura baten ordez bi baldin badituzu negoziotik hurbil, askoz hobeto; hartara, B plan bat izango duzu, eta bidalketa-metodoak dibertsifikatu, hala behar izanez gero.

  1. Nori saltzen diozun

Funtsezkoa da, beraz, negoziorako kokaleku egokia hautatzea; hori dela eta, zure bezero nor izan daitekeen ere aldez aurretik jakitea komeni zaizu. Azter ezazu haren profila, eta erantzun galdera hauei:

    • Non dago bezeroa.
    • Nor da.
    • Nola zuzendu bezeroari.
    • Zer ohitura eta behar dauzka bezeroak.

Hiriaren erdialdeko oinezkoentzako kale batean, garestia izango da errenta, baina jende ugari ibiliko da; bezeroak erdialdetik urruti dagoen toki batera erakarri nahi badituzu, berriz —aparkalekuak eta ibilgailu-trafiko handia dituen saltoki handi batera, adibidez—, autoa hartu eta zure negozioraino joan daitezen konbentzitu beharko dituzu. Kontuan izan ez dizula ezertarako balio munduko okindegirik onena irekitzeak baldin eta ez badago jendea bizi den ingurune batean; halaber, alferrik duzu luxuzko marka ezagun baten banatzailea izatea zure lokala industrialde batean baldin badago.

Beste hau ere izan behar duzu kontuan: bezeroak enpresak (B2B negozioa) ala herritar partikularrak (B2C negozioa) diren.

  • Enpresak – B2B: ez duzu behar lokalik hiriaren erdialdeko kale batean; aski duzu industrialde bat (merkeagoa da), errepidez ondo komunikatuta dagoena. Gainera, zure salgaiak azkar banatzeko aukera ematen dizu horrek. Aukera hori hautatzen baduzu, ahalegina zure ospe digitala lantzera bideratu behar duzu, sareko lanari ekin, eta azoketara joaten hasi.
  • Herritar partikularrak – B2C: kasu honetan, aukera egokiagoa dira oinezkoentzako kaleak, jarduera komertziala eta ostalaritzakoa dutenak, erraz iristeko modukoak.
  1. Hornitzaileak: nor dira eta non daude

Oso garrantzitsua da hornitzaileak hurbil izatea. Aztertu zenbat aurrezten duzun garraioan eskari bakoitzeko, eta haiengandik gertu egoteak bezerorik kendu ahal dizun. Pentsa, esate baterako, botilako ur minerala saltzeko negozio bat duzula. Zentzuzkoa litzateke iturritik ahalik eta hurbilena egotea, ezta?

  1. Lehiakideak: nor diren eta non dauden

Produktu berri bat plazaratzean, hau da marketin-arau nagusietako bat: merkatuaren premia bat ase behar du. Eta txorakeria iruditu arren, galdetu zeure buruari zer diren zuretzat lehiakideak: urruti eduki nahi dituzun etsaiak, ala zure jardueraren aberasgarri izan daitezkeen aliatuak?

Elkar elikatzen dute zenbait sektorek, eta sinergiaren kontzeptua aspaldikoa da: modaren sektorean, adibidez, lehiakideak ondoan edukitzea ona da ingurune komertzialen funtzionamendurako. Beste alor batzuetan, aldiz, sektore bereko bi denda gehitxo dira, eta elkarren ondoan dauden bi belar-dendak edo bi okindegik askoz arazo gehiago izango dituzte aurrera egiteko inguruan lehiakiderik gabe baino.

  1. Aukera egokia izan daiteke coworkinga

Seguru entzun duzula inoiz coworking guneei buruzko zer edo zer. Geroz eta gehiago erabiltzen dute baliabide hori ekintzaileek eta startupek, aukera ematen baitu leku berean jarduera profesional ugaritako jendea elkartzeko, batez ere berrikuntzarekin lotura dutenak. Normalean, eraikin adimendunak izan ohi dira gune horiek, erakunde publikoek eta ekintzailetzaren aldeko enpresek sustatuak. Oso aukera interesgarria da zure negozioa «jendaurrekoa» ez bada; gainera, merkeagoa izan ohi da.

  1. Bila ezazu eremu egoki bat

Funtsezkoa da laneko segurtasuna. Horregatik, arretaz begiratu behar duzu ondo dagoen hautatu duzun lokala, jarduera-baimen guztiak badituen eta segurtasun-legeria guztia betetzen duen.

Bestalde, aztertu zure ahalmenak, eta pentsatu zer komeni zaizun gehiago: erostea ala alokatzea. Urrats arriskutsua izan daiteke erostea, eta ez zenuke eman behar zure negozioaren bideragarritasuna egiaztatu aurretik. Alokatzea erabakitzen baduzu, ongi aztertu kontratuaren iraupena eta baldintzak, kuantifikatu berrikuntzen kostua, eta saiatu alokatzailearekin negoziatzen; azkenik, ziurtatu lokalak bere gain har dezakeela negozioak epe labur, ertain eta luzera izan dezakeen hazkundea.

  1. Ez ahaztu lokalaren irisgarritasunaz

Funtsezko arloa da hori, batez ere zure jarduera nagusia bezero partikularrei zuzendua baldin badago.  Ahal dela, aukeratu kaletik sartzeko eskailerarik ez daukan lokal bat, arazorik gabeko sarbidea duena eta erraz aurki daitekeena. Gogoratu, bestalde, erakusleiho egokia baldin badauka lehen begiratuan jakingo duela zer negozio mota den handik igarotzen denak.

Ezinezkoa baldin bazaizu erakusleihoa edukitzea eta kale-mailatik goragoko edo beheragoko solairu batean jarri behar baduzu negozioa, komeni da etxabetik ahalik eta hurbilen egotea eta igogailua hara iristea. Gogoratu, bestalde, zure jardueraren plaka bereizgarri bat jartzea atariaren ondoan.

Komeni da, halaber, aparkatzeko aukera kontuan izatea (aparkatzea erraza den ala ez, zenbat denbora aparka daitekeen, hornitzaileak lokalera sar daitezkeen…), eta garraio publikoa hurbil edukitzea, erraztu egiten baitu jendearen etorrera.

  1. Aztertu onlineko denda behar duzun

Zure sektorea eta produktua horretarako egokiak badira eta zure negozioaren arrakasta-bideak zabaldu nahi badituzu, kontuan izan aukera hori. Berdin dio jada denda fisiko baten jabe bazara; izan ere, Internetek erakusleiho birtual aparta eskaintzen dizu, milioika erosle potentzialetara irits daitekeena, eta oso merkea. Merkataritza elektronikoko plataforma merkeak eta errazak dauzkazu eskura gaur egun (Prestashop eta Shopify, adibidez), eta zure stocka kudeatzeko modu ugari (dropshippinga eta just-in-time kudeaketa, besteak beste).

Ia dena prest daukazu… Orain, martxan jarri, eta kito! Zalantzarik baldin badaukazu zure negozio-ideiari buruz, laguntza behar baduzu negozio-plana prestatzeko, edo zure jarduera hobetzeko eta sendotzeko Mentoring-zerbitzu baten bila bazabiltza, behar duzun laguntza guztia eskaintzen dizu Gaztenpresak zure ekintzaile-bideari ekin diezaiozun. Zatoz!

Post gehiago irakurri.

Abendua 11, 2024
Berrikuntza eta desberdintzea funtsezko zutabeak dira enpresa-eremuan arrakasta izateko, batez ere ingurune globalizatu eta oso lehiakor batean. Enpresa gehienak Interneten daudenez eta teknologia tresna eta erakusleiho gisa erabiltzen dutenez, are garrantzitsuagoa da behar bezala erabiltzen jakitea. Gaur egun, berrikuntza eta desberdintzea funtsezkoak dira jasangarritasuna eta epe luzerako arrakasta bermatzeko. Arlo horietan inbertitzen duten enpresek, nabarmentzea...
Azaroa 11, 2024
Besteren konturako lanaren zurruntasunik ez dagoenez, autonomo gisa bizitza pertsonala eta lan-bizitza bateratzeko erraztasun gehiago dituzula eman dezake, baina itxurazko malgutasun horrek arazoak ere sor diezazkizuke bi alderdiak bereizteko orduan: lana eta atsedena; negozioa eta aisia. Halaber, zure produktibitateari ere eragin diezaioke. Horregatik, komeni da arau batzuk ezartzea zure energia mantendu ahal izateko. Zure nagusia...
Urria 9, 2024
Maite Ibañez de Maeztu Maikalaren buru izan da, Bilboko Deustu auzoan eta Alde Zaharrean erreferente izan den gozotegia.   GAZTENPRESA: Maikala 2015ean abiatu zen proiektua da, ezta?   MAITE IBAÑEZ DE MAEZTU: 2015ean sortu zen, lantegiaren zatia martxan jarri zenean, eta urtebete geroago arte ez zen jarduera abiarazi Plaza Berrian, lehenengo dendarekin. Leioan trebatzea erabaki...
Urria 3, 2024
Normalean “babestuta” terminoa ikusten dugu, bai ekitaldietan, bai edukietan, baina zer esan nahi du zehazki? Babesletza marketin-estrategia bat da, non enpresa batek (babesleak) finantzaketa ematen dion erakunde, ekitaldi, pertsona edo kausa bati (babestuak), elementu horri lotutako marka erakustearen truke. Hau da, bi aldeek etekinak lortzen dituzten merkataritza-harreman bat ezartzen da. Sinergiak sortzeko lankidetza. Teknika horrek...
Iraila 18, 2024
Hiru hankako mahaia. Baina ez edozein. Sendoa, gogorra. Une onak pasatzeko elkartzen zaren horietako bat. Hori Emakumeook dela esan liteke. Hiru emakume ekintzailek sortutako proiektua. Almudena, Bea eta Naiarak.   GAZTENPRESA: Nola ezagutu zenuten elkar eta nola sortu zen Emakumeook? EMAKUMEOOK: Emakumeook gaur hemen ez dagoen hirugarren pertsona batengatik sortu zen, Ambrosa. Hirurak pandemian geunden...
Iraila 3, 2024
Zure negozioak bultzada bat behar du? Azkenaldian zure enpresa gelditu egin dela iruditzen zaizu? Agian, zure estrategia komertziala edo negozio-plana berriz ebaluatzeko garaia da, mailaz igotzeko, zure markaren ikusgarritasuna indartzeko eta zure produktuaren edo zerbitzuaren salmentak handitzeko. Hona hemen zure enpresaren egoera hobetzeko hainbat aholku, bai enpresa berria izan bai denbora luzea finkatuta eman.  ...