Burokrazia, izapideak… Agian, dena errazagoa izango balitz, lehenago erabakiko zenukeen autonomoa izatea edo zeure enpresa sortzea. Baina ez kezkatu: zure abentura profesionalari heltzeko unea iritsi dela erabaki baduzu, Gaztenpresan lagunduko dizugu izapideak egiten. Gaur, bisita-liburuari buruz jakin behar duzun guztia azalduko dizugu.
Zer da eta zertarako balio du?
Derrigorrezko liburua da, fisikoa, eta hartan, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek jasotzen dituzte enpresa batera edo autonomoaren laneko helbidera egindako bisitan hautematen dituzten diligentzia guztiak. Liburuko folio bakoitzak kopia du, ikuskatzaileek har dezaten, bisita egin izana eta hartan zehar aurkitu dutenaren xehetasunak egiaztatzeko.
Hala ere, 2015eko uztailetik aurrera, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Sistema Antolatzen duen Legeak berariaz ezartzen du interesdunek ez dutela libururik edo formulariorik erosteko edo bideratzeko betebeharrik izango. Hau da, harrezkero, bisita-liburu fisikoa ez da derrigorrezkoa izango.
Hori lurralde guztietan egongo da indarrean, baita Euskal Autonomia Erkidegoan ere, nahiz eta Laneko Ikuskatzailetza transferituta izan. Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuaren eta Estatuko Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren arteko batzorde bat arduratzen da.
Hona hemen zenbait ohar garrantzitsu:
- Bisita-liburu fisikoa izateko betebeharra desagertzen da. Baina ikuskatzaileek ikuskapenak egiten jarraituko dute. Izan ere, ikuskatzaileek bisita bakoitzaren diligentziak idatziz jaso behar dituzte oraindik ere.
- Zure bisita-liburu guztiak (baldin eta badituzu) bost urtez gorde behar dituzu, azken diligentzia jasotzen den egunetik aurrera.
- Diligentzia berriak lehendik dituzun liburuetako batean jasoko dira, baldin eta orrialde libreak baditu.
- Bisita-libururik ez baduzu, edo orrialde guztiak beteta badaude, ikuskapena egiten duten funtzionarioek beraiek eramango duten dokumentu batean jasoko dute idatziz ikuskapena, liburu tradizionaletan bezala. Dokumentu horien bi ale egingo dira, Ikuskatzailetzak eta ikuskatutako langileak edo enpresak beren kopia izan dezaten.
Autonomoen elkarteek aspaldi eskatzen zuten urrats bat eman da; izan ere, haien ustez, bisita-liburu fisikoa izateko betebeharra autoenpleguaren kontrako beste eragozpen bat zen. Eta teknologiaren aplikazio batek ekarri du bisita-liburu fisikoaren amaiera, aurreikusitakoaren arabera 2017an burutuko dena. Izan ere, aurten hasi dira Bisita Liburu Elektronikoa (BLE) ezartzen. Web aplikazio bat da, autonomia-erkidego bakoitzak gaitutako teknikariek edo Laneko Ikuskatzailetzak egiten dituzten jarduketa guztiak jasotzeko eta kudeatzeko. Oraingoz, tresna hori autonomia-erkidego gutxitan erabil daiteke, eta haietako bat Nafarroako Foru Komunitatea da. Besteak Galizia, Asturias, Kantabria eta Errioxa dira.
Baina adi: Aplikazioan aldez aurretik alta emanda dauden enpresek eta langile autonomoek soilik erabil dezakete Bisita Liburu Elektronikoa; haientzat soilik egongo da aktibo eta funtzionamenduan. Beste alta bat bideratu nahi badugu, Ministro Aginduaren zain egon beharko dugu, 23/2015 Legearen 21.6. artikuluaren arabera.
Beti bezala, izapide honi edo besteren bati buruz zalantzarik baduzu, gogoan izan Gaztenpresan atsegin handiz lagunduko dizugula: jarri gurekin harremanetan!