Autonomo bat langabezian geratzen denean zer egin dezakeen jakitea funtsezkoa da gaur egungo egoeran. Gaur, Gaztenpresan, autonomoa bazara eta langabezian geratzen bazara pentsio-plana nola erreskatatu azalduko dizugu.
Langile Autonomoen Elkarteen Federazio Nazionalak (ATA) Eurostaten estatistika-organismoaren datuak bildu ditu, eta datu horien arabera, Espainia da Europan autonomo gehien galdu dituen herrialdea, termino garbietan; izan ere, 75.300 autonomo gutxiago izan ditu urteko lehen hiruhilekoan. Hau da, egunero, 836 autonomok hartu dute baja Gizarte Segurantzan.
Egoera zail eta zalantzagarri horretan, gogoratu behar da, Gobernuak duela bi urte onetsitako araudi baten arabera, autonomoek beren pentsio-plana erreskata dezaketela, baldin eta jarduera bertan behera utzi behar izan badute.
1299/2009 Errege Dekretuak, uztailaren 31koak (185. zenbakiko BOEn argitaratua, 2009ko abuztuaren 1ean), Pentsio-planen eta -funtsen araudia aldatzen duenak (304/2004 Errege Dekretuak, otsailaren 20koak, onartu zuena), zenbait aldaketa sartu zituen, langabeziaren kasuan pentsio-planak erreskatatzeko aukera emateko.
Ohiz kanpoko langabezia-kasuan pentsio-planak erreskatatzeko baldintzei dagokienez, langabezia-egoera legalean 12 hilabetez egon beharra kendu da. Horri esker, egoera horretan dauden eta errenta nabarmen txikitzen zaien pertsonek berehala lor dezakete ordura arte aurreztutakoa, beren behar ekonomikoei erantzuteko, behin ordaindutakoaren araberako prestazioak amaituta edo prestazio horiek jasotzeko eskubiderik ez badute.
Araudi horrek aukera berbera ematen die autonomoei, betiere, beren jarduera bertan behar utzi eta gero enplegu-eskatzaileak badira.
Pentsio-planetan finkatutako eskubideak erreskatatzeko, jarduera bertan behera utzi duten langile autonomoek langabezia-egoera legalean egon behar dute.
Baldintza horrez gain, beharrezkoa da autonomoek ordaindutakoaren araberako prestazioak jasotzeko eskubiderik ez izatea edo prestazio horiek agortu izana.
Pentsio-planetan bildutako diru-kopurua erreskatatzeko, beharrezkoa da planaren onuradunak, lehenengo eta behin, plana erreskatatzeko arrazoien berri ematea erakunde kudeatzaileari. Bigarrenik, autonomo interesdunak enplegu-zerbitzu publikoaren (INEM edo, Euskadin, LANBIDE) ziurtagiria aurkeztu behar du, langabezian dagoela eta prestaziorik kobratzen ez duela egiaztatzeko.
Erakunde kudeatzaileek 7 egun baliodun dituzte, pentsio-planeko eskubide kontsolidatuak interesdunaren kontuan sartzeko.
Pentsio-planei buruz zerbait gehiago jakin nahi baduzu, hurbildu Laboral Kutxako edozein bulegotara