Mikrokredituak, leasinga, rentinga, laguntzak eta dirulaguntzak, crowdfundinga… Blog honetan zure negozioa finantzatzeko hainbat aukera aipatu dizkizugu dagoeneko. Gaur, beste bat azalduko dizugu: arrisku-kapitala. Ziur aski, hitz hori entzungo zenuen noizbait, baina baliteke oso argi ez izatea zer adierazten duen.
Beste behin ere, artikulu hau irakurtzen hasi aurretik, ohartarazi nahi zaitugu gure helburua ez dela azalpen zehatz eta teknikoa ematea “arrisku-kapitalaren” kontzeptuari buruz, baizik eta horren berri ematea, zure negozioa abian jartzean izan lezakeen eragina ulertzeko gai izan zaitezen.
Arrisku-kapitala (ingelesez Venturee Capital), finantzatzeko modu bat da, orain baino lehen azaldu dizkizugunei erantsi beharrekoa. Startup-ei eta ETE-ei zuzenduta dago nagusiki, enpresa mota horiek hazteko ahalmen handia baina, aldi berean, arrisku-maila nabarmena baitute. Sozietate inbertitzaileak kapitala jartzen du eratzen ari den enpresan, haren jabetzaren ehuneko baten truke. Partaidetza hori epe ertainekoa da normalean, inbertitzaileak ez baitu enpresaren kapitalean betiko irauteko asmorik.
Eta, zer irabazten du esku hartzen duen alderdi bakoitzak? Alde batetik, sozietate hartzaileek finantzaketa-iturri egonkorra lortzen dute (kontuan izan behar dugu enpresa horiek, beren izaera dela-eta, ez dutela beti erraza izaten finantzaketa lortzea), eta arrisku-kapitaleko sozietateen edo bestelako kapital-arriskuko bitartekarien harreman eta eraginen sarean sartzen dira.
Bestetik, enpresa hartzaile txikiek aurrera egiteko lehen interesatuak inbertsoreak dira. Horrek indartu egiten du lehen aipatutakoa, hau da, kapital-arriskuko sozietateen inplikazioa (gestio-aholkularitza eta harreman-sarerako sarbidea). Sozietate horiek egin beharreko inbertsioa ez da oso handia, eta merkatuak enpresa berria ondo hartzen badu, irabazi handiak lor ditzakete.
Bideragarritasun-pertzepzioa handitzea
Gainera, behin arrisku-kapitaleko sozietateak startuparen edo ETEaren kapitalean sartutakoan, enpresa horrek benetako bideragarritasuna duelako pertzepzioa zabalduko da. Ondorioz, interes handiagoa egongo da enpresa horretan inbertitzeko eta horren produktuak eta/edo zerbitzuak eskuratzeko.
Jakin beharra dago arrisku-kapitaleko finantza-bitartekarien artean inbertsore pribatuak eta instituzionalak daudela, eta horiek hainbat startup eta ETEtan banatzen dituztela beren inbertsioak, arriskuak dibertsifikatzeko eta arrakasta-aukerak handitzeko.
Horrelako finantzaketa oso hedatuta eta onartuta dago Estatu Batuetan. Han, izaera berritzaile eta teknologiko handiko proiektuekin lotuta dago batez ere, baina ez bakarrik. Europan, berriz, protagonismo mugatua du oraindik. Edonola ere, negozio bat sortzeko asmoa baduzu, dauden finantza-tresna guztien berri izan behar duzu.
Dena dela, badakizu: informazio gehiago behar baduzu finantzaketari buruz eta ekintzailetzarekin lotutako beste urrats batzuei buruz, jarri gurekin harremanetan sare sozialetako gure profilen bitartez –Facebook, Twitter eta Linkedin–.