Zergatik erabili behar duzu bideoa marketin digitaleko zure estrategian - Gaztenpresa

Zergatik erabili behar duzu bideoa marketin digitaleko zure estrategian

Bazenekien YouTubek planeta osoan 1.000 milioi erabiltzaile bakar baino gehiago dituela hilean eta 4.000 milioi bistaratze izaten dituela egunero? Munduko hirugarren orrialderik bisitatuena dela? Internetera konexioa duten bi pertsonatik batek bisitatzen duela? Eta 18 eta 34 urte arteko pertsonek telebista ikusten baino denbora gehiago pasatzen dutela online bideoak ikusten?

Arrazoi gehiago behar dituzu bideo-marketinerako aurrerapausoa emateko?

Beharbada korapilatsua eta garestiegia irudituko zitzaizun orain arte, baina mito horietako asko ahazteko eta marketin digitalak eskaintzen dizkizun abantailei erreparatzeko garaia da.

– Poltsiko guztientzat. Bideo-marketinaren abantailetako bat da poltsiko guztietarako aukerak daudela; tira, edo ia denentzat. Zuk ordaindu nahi duzuna kostatuko zaizu: ia baliabiderik gabeko oinarrizko ekoizpen bat guztiz eskuragarria da edozein enpresa txikirentzat, baina animazioa, errotulazio on bat edo efektuak gehitu nahi badituzu, musika erosi nahi baduzu… Hollywoodeko ekoizpen bat baino garestiagoa izan daiteke.

– Kanpaina eraginkorrak. Orain kanpaina bat sortu eta konfiguratu behar da, eta bideoak oso erabilgarriak dira horretarako: kanpainaren helburua aukeratu, bideo bat igo eta segmentazio-aukeren artean hautatu behar duzu, besterik ez. Sareek zure publiko potentziala hautatzeko aukera ugari eskaintzen dituzte, kokapen geografikoaren, hizkuntzaren, sexuaren, adinaren, interesen, gako-hitzen, retargeting-zerrenden eta abarren arabera. Horrenbestez, identifikatu zure bezero-mota eta doitu zure kanpaina.

– Estaldura zabala. Hasieran eman dizkizugun datuen ostean, beharbada ez da beharrezkoa izango bideo-marketinaren irismenaz hitz egitea, baina esango dizugu ehunka edo milioika pertsonarengana irits zaitezkeela , zure aurrekontuaren arabera. It´s up to you.

– Pay per view. Plataformaren arabera, ordainketa klik edo inprimatze bidez egin daiteke; YouTuberen kasuan, berriz, bistaratze bakoitzeko ere ordain daiteke. Horrela, kanpaina nola prestatu duzun egiaztatu ahal izango duzu: segmentazio egoki batek bihurketa-kostu egokia izaten lagunduko dizu.

– Interakzioa errazten dute. Bideoak ezin hobeak dira elkar eragiteko, like, share nahiz iruzkinekin. Gainera, YouTuberi esker “txartelak” gehitu ahal izango dituzu bideoetan, edozein pertsonak horien gainean klik egin eta zure web-orrira bideratu dadin. Gainera, neurgarriak dira: telebistaren kasuan ez bezala, online bideo-kanpainek metrika pila bat aztertzea ahalbidetzen digute, eta horiek kanpainak optimizatzen laguntzen digute gerora.

Beste gauza bat: zure bideoa birala izatea lortzen baduzu, zure enpresa aparra bezala haziko da.

Bideo-marketinean abiarazteko arrazoia azaldu ostean, zure bideoaren orientazioa erabakitzeko zer egin ikusiko dugu orain.

– Bideo argitzaileak. Laburrak dira, 30 segundo eta 2 minutu artekoak gehienez ere, eta zure enpresaren produktu edo zerbitzu baten erabilera azaltzeko erabil ditzakezu. Bada argi izan behar duzun zerbait: bideoa ikusten duen pertsonak ez du zalantzarik izan behar azaldu berri diozun horren inguruan. Horregatik, oso garrantzitsua da, hura enkargatu edo filmatzen hasi aurretik, behar adinako denbora hartzea, gidoi bat prestatzeko eta egiteko. Abantailak izugarriak dira, eta horren adibide asko daude: zer egin behar duzun urratsez urrats azaltzen dizuten bideo-tutorialak, animazio-bideoak eta abar. Dena den, bideo-tutorialen edo oinarrizko formatuen aldeko hautua egin ezean, gainerako aukerak puska bat kostatuko zaizkizu.

– Zuzeneko bideoak. Gaur egun, sare sozial nagusiek bideoak zuzenean egiteko aukera eskaintzen dizute, guztiz doan. Facebook, YouTube eta Instagram sareek, adibidez, aukera hori eskaintzen dizute, eta oso aukera ona izan daiteke produktu baten aurkezpen-ekitaldia edo urteurren-festa bat emateko. Alderdi pare bat bakarrik izan behar dituzu kontuan: garrantzitsuena da zuzenean gaudela eta ezin izango duzula editatu gertatutakoa, eta bestea, berriz, irudiaren kalitatea justua izango dela −pantaila txikietarako egokia− eta audioa ere txarra izango dela.

  • Enpresaren profila. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dute, eta hori egunero egiazta dezakezu. Pentsa gozotegi bat duzula… Nola uste duzu aurkeztuko zenukeela hobeto zure enpresa? Instalazioen eta erabiltzen dituzun produktuen kalitatearen deskribapen batekin, edo gozogintza artisauaren arte zoragarria zehatz-mehatz azaltzen duen bideo zaindu batekin? Bideo horien bitartez, egiten duzuna erakusteaz gain, zure instalazioak, ekipoak, produktuak… modu ordenatuan eta garbian erakutsi ahal izango dituzu.
  • Kasu arrakastatsuak. Saiatu zara inoiz zerbitzu bat bilatzen, baina ezin izan duzu aukeratu aurkitu dituzun aukera guztien artean? Pentsa ezazu, zerbitzu hori bilatzen ari zarela, zerbitzu horren hornitzaile baten bezeroa izan den enpresa bateko gerentea jasotako zerbitzua eta tratua goraipatzen agertzen den bideo batekin topo egiten duzula. Zerbitzu-hornitzaile horrengana joko zenuke beste edozeinengana baino lehen? Bada, beste guztiok ere bai. Zure bezeroekin konfiantzazko harremanak egiteko gai izan bazara, anima itzazu bideo batean zure enpresarekiko duten asebetetze-maila azal dezaten.
  • Influencer edo eragin-sortzaileak. Dagoeneko hitz egin dugu horien inguruan blog honetan bertan, eta aukera ezin hobea dira zure produktua publiko jakin bati erakusteko. Izan ezazu kontuan pertsona horiek profil jakin bateko dozenaka milaka jarraitzaile dituztela eta horiek bideo guztiak irensten dituztela. Zerbitzu horrekin, fakturaz bakarrik kezkatu beharko duzu.
  • Unboxinga. Aurrekoaren aldagai bat da, oro har, pertsona ezagun bat izaten baitute protagonista, baina ezagun egin eta hamar urtera ere arrakasta izaten jarraitzen du. Norberak nahi duen dramatismoarekin, pertsona batek produktu baten bilgarria nola kentzen duen erakusten du kameraren aurrean, baita lehen aldiz erabiltzean sortzen dituen erreakzioak ere: sorpresa, urduritasuna… Olentzero iritsi ostean haur bat grabatuko bagenu bezala da, baina heldu batekin eta zure produktuarekin, eta joko handia eman dezake.

Ikus dezakezun moduan, zure bideo-marketineko estrategiari onura ateratzeko aukera asko daude: zure aurrekontura eta helburuetara gehien egokitzen dena aukeratu behar duzu, besterik gabe. Gogoratu, Gaztenpresan  gure harri-koskorra jarri nahi dugula zure negozioak aurrera egiteko. Horregatik, zure enpresaren lehiakortasuna hobetzen laguntzeko prestatu ditugun tailerretan izena ematera gonbidatzen zaitugu. Zain izango gaituzu.

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?