Nola iragarri zeure enpresa Twitterren, urratsez urrats

Nola iragarri zeure enpresa Twitterren, urratsez urrats


Zeure enpresa Twitterren iragarri nahi duzu, baina ez dakizu nola? 
Gaztenpresan garrantzi handia aitortzen diegu sare sozialei. Ondo erabiliz gero, zure negozioa bultzatzeko balio dutelakoan gaude. Blog honetan askotan aritzen gara beraiei buruz, erabiltzen ikasi eta ahalik eta probetxu handiena atera diezaiezun. Gaurko sarreran, zeure enpresa Twitterren nola iragarri azalduko dizugu, urratsez urrats.

Ezer baino lehen:

 Zergatik erabili Twitter enpresa iragartzeko? Horixe da egin beharreko lehen galdera. Epe laburrean, behinik behin. Zeure enpresa ezagutzera ematea eta zeure webgunerako eta sare sozialetarako trafikoa handitzea lortuko duzu, hasteko. Hau da, zeure enpresa iragarriz, audientzia sor dezakezu. Twitterrek dio bere erabiltzaileen % 66k sare sozial horren bidez ezagutu dutela enpresa txiki edo ertainen bat.

Beste bide batzuk erabiliz ere lor dezakezu hori (adibidez, eduki propio erabilgarria sortuz), baina denbora gehiago eskatuko dizu horrek akaso. Jakin beharreko beste kontu bat: zeure sare sozialak aldian behin eguneratzeko eta elikatzeko astirik hartzen ez baduzu, inpaktua hutsala izango da. Edukiak eskaintzea eta elkarreragitea exijitzen du audientziak. Horrela egin ezean, heldu zen bezain azkar joango da eragina.

Horrekin hauxe ulertarazi nahi dizugu: kontua ez da Twitterri ordaintzea, zure iragarkia argitaratzea eta emaitzak nola iristen diren ikusten gelditzea. Inbertitzen duzun euro bakoitzeko ahalik eta inpakturik handiena lortzeko estrategia bat behar duzu. Txio bat edo zeure kontua sustatzeko kanpaina bat kontratatzea planifikatuta egongo da, eta aurrekontua eta helburu zehatzak izango ditu. Gaztenpresan, sare sozialetarako estrategia zehazten eta, besteak beste, Twitterren iragartzea proiektuarekin bat datorren erabakitzen laguntzen diegu ekintzaileei.

 

LEHENENGO URRATSA

Dagoeneko estrategia erabakita baduzu eta Twitterren iragarri nahi baduzu, Twitter Adsen sartu behar duzu lehenengo eta behin. Zeure erabiltzaile-izena eta pasahitza idatzi ostean, herrialdea eta ordu-zona zehazteko eskatuko dizute. Informazio horren arabera zehaztuko dute fakturazioa zer monetatan egin eta zer zerga dagokizun.

 

BIGARREN URRATSA

Erabakiak hartzeko unea iritsi da. Zer lortu nahi duzu? Zeure webgunerako bisiten kopurua handitu, jarraitzaile kopurua areagotu edo zeure mezuaren interakzioak ugaldu? Pantailaren ezkerraldeko barran, hainbat kanpaina mota dituzu aukeran.

Hona hemen garrantzitsuenak:

1.- Webguneko klik kopurua. 

Zure webgunea ahalik eta jende gehienak bisitatzea nahi baduzu, aukera honen bidez zeure orrialdeak izandako klik kopuruaren arabera ordainduko duzu. Erabiltzaileek zure txioa ikusiko dute; bertan esteka bat agertuko da eta, atsegin badute, klik egingo dute.

  1. Jarraitzaileak

Jarraitzaile kanpainari esker, zeure kontua sustatu eta follower edo jarraitzaileen oinarri sendoa lortuko duzu, zure edukia ikusi, bertxiotu eta zurekin harremanetan jartzeko. Erabiltzaileek zure kontuan «sustatua» etiketa ikusiko dute hasierako kronologian, «nori jarraitu» aukeran eta bilaketaren emaitzetan. Kanpainan eskuratzen dituzun jarraitzaile kopuruagatik ordainduko duzu soilik.

  1. Aintzatespena

Aukera honetan, zeure mezu laburrak sustatuko dituzu, zure markak aintzatespena irabaz dezan. Sare sozial horretako erabiltzaileek euren kronologian eta bilaketen emaitzan ikusiko dute zure txioa.

  1. Txioaren interakzioak

Helburua hauxe da: mezu bat sustatzea, ahalik eta jende gehienak irakurri eta parteka dezan. Halako kanpainetarako, eduki bisualak (argazkiak edo bideoak) dituzten txioak gomendatzen dira, errazagoa delako ikusleek klik egitea. Zure ustez garrantzitsua den albiste bat iragartzeko erabil ditzakezu: produktu berri bat merkaturatu dela edota zure enpresak helbidea aldatu duela jakinarazteko, adibidez. Interakzio bakoitzeko ordainduko duzu.

 

HIRUGARREN URRATSA

Zer kanpaina mota egin erabaki ondoren, gainerako urratsak antzerakoak dira. Aipaturiko lau aukeren arteko edozeinetan «sortu kanpaina» eremuan klik egin ondoren, zure kanpainaren editorean sartuko zara. Lehenengo eta behin, zeure kanpainari izena eman beharko diozu, eta berehala hastea ala data jakin batean hastea nahi duzun erabaki beharko duzu.

Ondoren, audientzia erabaki beharko duzu. Estatuaren arabera, herriaren arabera edota posta-kodearen arabera zedarritzeko aukera duzu, besteak beste. Hizkuntza jakin bat ere zehaztu ahal duzu (baina Twitterrek ez du oraindik euskara aintzat hartzen horretarako), edota interes jakin batzuk (moda, kirolak, ibilgailuak, janaria, edertasuna, musika, maskotak, teknologia…) dituzten pertsonak. Jarraitzaile jakin batzuk hautatzeko aukera ere baduzu: adibidez, jatetxe baten webgunearen jarraitzaileak eta, beraz, sukaldaritza-eskaintzarekiko interesa dutenak.

Aurrekontua erabakitzeko unea da. Egun bakoitzeko gehienezko zenbatekoa zehaztu beharko duzu eta, hala nahi baduzu ―aukerakoa baita― zein izango den aurrekontu osoa. Datu horiek eta egin duzun audientziaren segmentazioaren arabera, Twitterrek zure helburuei egokitutako zenbateko bat aholkatuko dizu.

«Aukeratu zeure sorkuntzak» laukitxoan, dagoeneko abian den txio bat sustatzea edo txio berri bat sortzea aukera dezakezu. Txio hori editore horretan bertan idatzi ahal izango duzu. Twitterrek jardunbide egokien gida eskaintzen dizu, eta komenigarria da irakurtzea ―berdin dio azkenean iragartzeko asmoa duzun ala ez―, zeure mezuak inpaktu handiagoa izateko aholkuak ikusiko dituzu eta. Txioa idatzi ondoren, ABIARAZI laukitxoan klik egin beharko duzu (nabigatzailearen goialdean, eskuinean). Beste orrialde bat agertuko zaizu pantailan; partikularra edo enpresa zaren galdetu eta ordaintzeko datuak eskatuko dizkizu. Une horretan, zure kanpaina abiatuta egongo da!

Eta ez ahaztu LABORAL Kutxako zure bulegoan nahiz Gaztenpresaren bitartez beti jasoko duzula zure proiektua aurrera ateratzeko behar duzun laguntza guztia. Sare sozialen nahiz ekintzailetzari lotutako beste edozein gairen inguruko aholkuak nahi badituzu, ez izan zalantzarik eta jarri gurekin harremanetan. Sare sozialetan ere aurkituko gaituzu: Facebooken, Twitterren eta LinkedInen.

 

 

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?