Growth Hackinga, funtsezko tresna startup edo enpresa hasiberrientzat? - Gaztenpresa

Growth Hackinga, funtsezko tresna startup edo enpresa hasiberrientzat?

Startup bat, produktu edo zerbitzu on bat eta horiek sustatzeko baliabide oso gutxi dituzula? Sormen handiko norbaiten bila zabiltza, istant batean jakingo duena zure enpresari loratzen laguntzeko zer kanal eta ekintza zehatz behar duzun? Growth hacker bat behar duzu; egia esan, nork ez?

Agian ez duzu oraindik Growth Hacking diziplinaz edo lanbideaz ezer entzun; baina, jakizu Espainian dagoeneko badaudela horren inguruko graduondokoak, eta merkatu-gosea duen startup orok izan beharreko lanpostu gisa finkatu dela Ameriketako Estatu Batuetan.

Baina, goazen urratsez urrats. Enpresa berri bati ahalik eta baliabiderik gutxien erabiliz hazten laguntzean oinarritzen da Growth Hacking delakoa. Marketinaren Rosetta harria da, beraz. Metodoa da diziplina hau salmenta-teknika digitaletatik bereizten duena. Baliabideak dituen konpainia batek ohiko marketin-teknikak (publizitatea, posta elektroniko bidezko propaganda-banaketa eta abar) erabiltzen ditu; growth hackerrak, berriz, sormena eta jakin-mina baliatzen ditu, eta aztertzeko gaitasuna. Startuparen ekintza eta jarduera guztiak aztertzen ditu, aurrena, eta horien balioa eta etekinak kalkulatzen ditu, bezero kopurua edo lortutako leadak (helburuak) aintzat hartuta.

Datu horiekin konparazioa egiten du. Alabaina, ez da ekintzarik errentagarrienak identifikatzera mugatzen (horiek sustatzeko), haratago joaten da. Growth hackerrak efektiboenak hautatu, aztertu, hobetu eta kasuan kasuko produktu edo zerbitzura egokitzen ditu, are eraginkorragoak izan daitezen. Hortxe sartzen da haren sormena jokoan: aurretik aplikatutako ekintzetan oinarrituz, berriak asmatu eta haiekin saiakerak egiten ditu, itxura batean zentzugabeak izan arren.

Eroen eta growth hackerren arteko aldea hauxe da: lehenari diru asko kostatuko zaio burutapena; bigarrenaren kasuan, berriz, haren teknikak aztergai bihurtuko dira.

Growth hackerraren dohain ugarien artean, jakin-mina dago: ez bakarrik zehatz-mehatz aztertzeko kanpaina batek arrakasta eta beste batek porrota zergatik izan duten (horretarako badaude A/B testak), baizik eta JAKITEKO onlineko gure 5.000 bezeroetatik BATEK zergatik erabaki duen gure newsletterrean baja ematea edo bere erregistro-datuak ezabatzea. Goseak ahalbidetzen dio ezer zoriaren pean ez uztea, arretatsua izatea eta guztia ulertzen saiatzea.

Hona bitartean dena ondo; metodoak ere, ordea, baditu bere ñabardurak. Izan ere, growth hackerrak badu beste ezaugarri berezi bat ere: zenbaitetan, haren metodoek gainditu egiten dute ohiko jardunbidea, eta etikotasunaren eta zintzotasunik ezaren arteko lerro estuan mugitzen dira. Halere, beti gertatu ohi denez, eragileetan dago hori, ez diziplinan; ez da hala?

Ezagutu ditzagun Growth Hackingaren adibide batzuk, errazago uler dezazun.

Ezagunenetako batek Airbnb izan zuen protagonista. Etxebizitza pribatuak alokatzeko plataforma Craiglistez, iragarki sailkatuen webguneaz, baliatu zen, haren arrakastari esker hazteko. Norbaitek Airbnb enpresan iragartzen zuenean ostatua, Craiglisten ere argitara zezakeen zuzenean, irismena handitzeko.

Arrakasta berehalakoa izan zen, eta gaur egun den erraldoia izaten lagundu zion Airbnbri. Hala eta guztiz ere, ideia hori ez zen erraz bideratzekoa izan ikuspegi teknikotik… eta legezkotik: Airbnbko ingeniariek arrakalak bilatu behar izan zituzten Craiglisten kodean, haietaz baliatu ahal izateko. Eta beste kode bat ere arakatu behar izan zuten, penala, egiten ari zirena legez kontrakoa ez zela ziurtatzeko.

Craiglistek aspaldi estali zituen arrail horiek, eta gertaera errepikatzea eragotzi zuen; baina, ordurako, Airbnbk ez zuen haren beharrik.

Zuk gauza bera egingo zenukeen, ekintzaile moduan?

Dropboxek asmatu zuena da beste adibide bat, ez hain oldarkorra, ordea. Fitxategiak hodeian biltegiratzeko plataforma birtual horrek hazteko metodo berezia asmatu zuen: erabiltzaileei biltegiratzeko espazio handiagoa eskaini zien doan, besterik gabe bost laguni aplikazioa erabiltzeko gonbita luzatzeagatik. Egundoko hazkundea izan zen emaitza, eta marketin-lana beste batzuek egin zuten beraren ordez.

Amaitzeko, denbora gutxian 2 erabiltzailetik 200 milioi erabiltzaile izatera pasatu den enpresaren kasua ezagutu behar zenuke. LinkedIn du izena. Enplegurako sare profesional horrek profil publikoak sortzean oinarritutako teknika erabili zuen. Profilok bilatzaile nagusien emaitzetan agertzen dira modu organikoan (ordaindu gabe); horrela, pertsona edo enpresa bat bilatzen duzun bakoitzean, seguru asko LinkedIneko profila agertuko zaizu lehen emaitzen artean. Gogoratzen edo imajinatzen duzu prozesu hori nolakoa zen sare sozial hori asmatu aurretik? Ez, ezta?

Post hau irakurri ondoren, erakartzen zaitu Growth Hackingak? Zure ustez zer da: buzzword edo modako hitz soil bat ala startup orok izan beharreko tresna edo diziplina bat?

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?