Zer kontratu mota egin zure langileari?

Zer kontratu mota egin zure langileari?

Langileak kontratatzea erabaki duzu. Oso urrats garrantzitsua da eta badakigu ez dela erraza. Urtero-urtero gure aholkuak jasotzen dituzten ehunka ekintzailek gaur egun dituzten beldurren berri ematen digute: bizkorregi hazten ari ote naiz? Arrisku larregi hartuko ote ditut? Hautagairik onena aurkituko ote dut? Eta gauzak areago zailtzeko, izapide burokratikoei ere egin beharko diezu aurre. Baina ez kezkatu: ekintzailetzaren alderdi guztietan adituak gara eta zuri laguntzeko gaude hemen.

Gaztenpresan doako laguntza pertsonalizatua eskainiko dizugu eta ibilbide osoan egongo gara zurekin, ideia duzunetik negozioa ireki eta sendotu arte. Aholkularitza onenarekin ekitea da helburua. Zurekin era pertsonalizatuan arituko den tutorea jarriko dizugu eskura. Zure ideia zehazten, negozio-plana taxutzen, izapide guztiak gestionatzen… lagunduko dizugu. Eta, era berean, zure egoerara hobekien egokituko den kontratua aukeratzen ere bai.

Lehenik eta behin, kontratu motak bereizten irakatsiko dizugu. Guztira, lau kontratatu-inprimaki daude.

1)Kontratu mugagabea

Zerbitzuak emateko aldian langilearekin mugarik ezarri nahi ez baduzu, kontratu hori sinatuko duzu. «Kontratu finkoa» ere esaten zaio. Lanaldi osorako, lanaldi partzialerako edota aldizkako zerbitzu finkoak emateko egin daiteke. Kasu batzuetan, kontratazio-pizgarriak eskura ditzakezu (Gaztenpresan emango dizkizugu horretarako aholkuak). Zure enpresaren, langilearen eta lanaldiaren menpe egongo dira.

Kontratu mugagabea sinatzen duzunean, hurrengo 10 egunean eman beharko duzu edukiaren berri. Era berean, kontratu mugagabea lanaldi partzialekoa bada, oso garrantzitsua da egunean, astean, hilean eta urtean kontratatutako lan-orduen kopurua zehaztea agirian, eta nola banatuko diren azaltzea.

Kontuan izan behar duzu, gainera, badirela bestelako kontratu mugagabeak, eta horietako batzuek zure egoerara egokitzeko moduko pizgarriak eta hobariak dituztela. Besteak beste:

— Desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko
— Ekintzaileei laguntzeko
— Mikroenpresek eta autonomoek gazte bat kontratatzeko
— Gazteen ekintzailetza-proiektu berriak bultzatzeko
— Prestakuntza-lotura eskaintzen duten lanaldi partzialeko kontratuetarako
— Gizartean baztertuta dauden pertsonak kontratatzeko
— Administrazio eskudunak genero-indarkeriaren, etxeko indarkeriaren, terrorismoaren edo gizakien salerosketaren biktimatzat aitortutako pertsonak kontratatzeko
— Gizarteratzen laguntzeko enpresek gizartean baztertuta dauden pertsonak kontratatzeko
— Langabezia-sorospena kobratzen duten 52 urtetik gorako langileak kontratatzeko
— ABLE batetik datozen langileei gazteen lehen enpleguko kontratua egiteko, prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratua egiteko, edota praktika-kontratua egiteko
—  Familia-etxeko zerbitzu-kontratua
— Espetxean dauden zigortuak kontratatzeko
— Talde-lanekoak
— Goi-zuzendaritzakoak

2) Aldi baterako kontratua

Aldi baterako kontratuak epe-muga bat zehazten du langilearekin duzun lan-harremanean. Kontratu mugagabearen kasuan bezala, lanaldi osokoa edo partzialekoa izan daiteke.

Hainbat egoerak justifikatzen dute aldi baterakotasuna. Hiru nabarmenduko ditugu:

— Obra edo zerbitzuko kontratua. Obra edo zerbitzu jakin bat egiteko langilea behar duzunean. Lanaldi osoko nahiz lanaldi partzialeko kontratua izan daiteke. Nahitaez epealdi jakin bat ez badu ere, ezin da hiru urte baino luzeagoa izan. Halere, lan-hitzarmen batzuek epealdi hori luzatzeko aukera ematen dute. Kontratua amaitzen denean, langileari kalte-ordaina eman beharko diozu (zenbatekoa graduala izaten da). Kontuan izan obra edo zerbitzua burutu ondoren langileak lanean jarraitzen badu, kontratua epemugarik gabe luzatu dela jotzen dela —prestazioaren denborazkotasuna egiaztatuko duen probarik aurkeztu ezean—.

— Kontratu ebentuala, ekoizpen gora-beherengatik. Zure negozioan gehiegizko lana sortzen denean sina dezakezu. Sei hilabeteko iraupena du gehienez (12 hilabeteko epealdian), gehiegizko lana sortzen denetik zenbatzen hasita —gazteen lehen enpleguaren kasuan, hiru hilabeteko iraupena izango du gehienez—. Alabaina, lan-hitzarmenaren bidez denbora-muga luzatzeko aukera dago. Kontratua amaitzen denean, langileak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du, gradualki.

— Bitarteko lan-kontratua. Langile batek bere kontratua aldi baterako eten baina lanpostu hori gordeta duenean, beste langile bat aldi baterako kontratatzeko erabil dezakezu. Kontratu hori erabil dezakezu, halaber, hautaketa- edo sustapen-prozesu baten ondorioz, lanpostu bat behin-behinean bete beharra duzunean (kasu horretan ezin izango du hiru hilabete baino gehiago izan). Ordezkatu den langilea kanpoan den artean baino ezin da erabili, eta itzuli bezain laster eten behar da. Halabeharrez lanaldi osokoa izan behar du, bi salbuespenekin:

1) Ordezkatutako langileak lanaldi partzialeko kontratua bazuen.

2) Lanaldi murriztua izateko eskubidea (lanaldi partzialeko amatasun- edo aitatasun-baimena…) duen langile baten lanaldia osatzeko egiten bada.

Kontuan izan ordezkatutako langilea lanpostura itzuli ondoren jarraitzen badu, kontratua mugagabea bihurtuko dela.

Kontratu mugagabeekin gertatzen den bezala, badira bestelako aldi baterako kontratuak ere. Besteak beste:

— Gazteen lehen enplegua

— Gizarte-bazterketa pairatzen duten langileentzat

— Administrazio eskudunak genero-indarkeriaren, etxeko indarkeriaren, terrorismoaren edo gizakien salerosketaren biktimatzat aitortutako pertsonak kontratatzeko

— Gizarteratzen laguntzeko enpresek gizartean baztertuta dauden pertsonak kontratatzeko

— Langabezia-sorospena jasotzen duten 52 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko

— Erretiro partzialeko egoeretan

— Txandakako kontratuak

— Prestakuntzari lotutako kontratuak

— Gizarte-intereseko lanetarako edo nekazaritzako enplegua sustatzeko kontratuak

— Familia-etxeko zerbitzu-kontratua

— Desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko

— Desgaitasuna duten pertsonak lan-zentro berezietan kontratatzeko

 

3) Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua

Modalitate horren bidez, gazteen laneratzea eta prestakuntza sustatu nahi dira. Langileek 25 urte baino gutxiago izan behar dute (30 urte baino gutxiago momentuz, langabezia-tasa %15etik beherakoa izan arte), eta kontratuaren iraunaldian lanbidea edo lanpostu bateko jarduna ikasi behar dute.

Ikasketak amaitu ez dituzten ikasleak nahiz titulurik ez dutenak kontrata daitezke, baina inoiz ez sei hilabetez baino laburrago edo hiru urtez baino luzaroago. Kontuan izan lehen urtean langileak lanaldiaren % 25 prestakuntzan erabili behar duela, eta enpresarekin lotura duen arteko gainerako denboran, lanaldiaren %15. Kontratatzeko pizgarriak jaso ahal izango dituzu; adibidez, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuoten % 100 murriztea. Langileak lanbide-arteko gutxieneko soldata jaso beharko du, gutxienez.

Badira prestakuntzara bideratutako beste kontratu batzuk. Besteak beste:

—Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako aldi baterako kontratua, aldi baterako lan enpresen (ABLE) eskutik

— Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako aldi baterako kontratua enplegu- eta prestakuntza-programen esparruan

— Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako aldi baterako kontratua, desgaitasuna duten pertsonei bideratua

 

4) Praktikaldiko kontratua

Zure langileak bere ikasketa-mailari lotutako jardunbide profesionala eskuratzea nahi baduzu. Horretarako, kontratudunak unibertsitate-titulua, goi mailako edo maila ertaineko lanbide-heziketa titulua edota horien pareko titulua izan behar du. Bost urte baino gutxiago igaro behar dira ikasketak amaitu eta kontratua egiten den arte. Desgaitasuna duten pertsonen kasuan, epealdi hori zazpi urtekoa izan daiteke. Langileak 30 urte baino gutxiago baditu, ez da aintzat hartuko ikasketak noiz amaitu dituen. Kasu batzuetan, badira kontratu horietarako pizgarriak.

Kontratu horrek sei hilabeteko iraupena izan behar du gutxienez  eta bi urtekoa gehienez. Garrantzitsua da kontuan hartzea langilearen soldatak baduela gutxieneko muga bat. Izan ere, ezin da horren pareko lanpostuan ari den pertsonarentzat lan-hitzarmenak finkatzen duen soldataren % 60 baino txikiagoa izan lehen urtean, eta % 75 baino txikiagoa bigarrenean. Modalitate horren bidez pertsona lanaldi osorako nahiz lanaldi partzialerako kontrata dezakezu.

Praktikaldietako ohiko kontratuaz gain, badaude beste bi mota ere: praktikaldietako aldi baterako kontratua aldi baterako laneko enpresen eskutik, eta desgaitasuna duten pertsonentzako praktikaldietako kontratua.

Zure enpresarako kontraturik egokiena aukeratzen laguntzea nahi baduzu, jar zaitez harremanetan Gaztenpresarekin telefono bidez (900 101 143), gizarte-sareen bidez –Facebook, Twitter eta Linkedin– edota gure webgunean bestela. Eta dagoeneko Laboral Kutxako bezeroa bazara, ez ahantzi zure zerbitzura dituzula Consulting Proko profesionalak.

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?