Lan autonomoa eta gizarte-ekonomia sustatzeko legea - Gaztenpresa

Lan autonomoa eta gizarte-ekonomia sustatzeko legea

Aurreko post batean genion moduan, autonomoen kolektiboak gero eta garrantzi handiagoa du, baina 2007. urtera arte ez da horien jarduera arautzeko lege espezifikorik egin: Langile Autonomoaren Estatutua. Indarrean sartu eta zortzi urtera, hari zenbait neurri txertatzeko premia ikusi da. Hori dela-eta, urriaren 10ean lan autonomoa eta gizarte-ekonomia sustatzeko legea jarri zen martxan. Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimenean inskribatuta bazaude, zugan eragina izan dezaketen berritasun nagusiak azalduko dizkizugu.

 

Langabezia-prestazioa langile autonomoekin bateragarri egitea

Lege honek txertatzen dituen berritasunen artean, langabezia eta langile autonomoak bateragarri egiteko aukera izango da, beharbada, esanguratsuenetako bat. Horrela, autonomo gisa alta emanda dauden pertsonek langabezia kobratu ahal izango dute, gehienez ere, 270 egunetan. Neurri horren onuradun izateko, eskaera egin behar zaio dagokion erakundeari, autonomo gisa alta hartu eta hurrengo 15 egunetan. 15 egun horiek igaro ostean, eskaera egin ez badugu, ezin izango gara neurri horren onuradun izan.

Era berean, ezin izango dugu horrelakorik eskatu legezko langabezia-egoera abiarazi aurreko enpresarekin edo haren enpresa-talde bereko enpresa batekin autonomo gisa zerbitzuak eskaintzeko kontratu bat sinatzen badugu.

Lege hau abian jarri aurretik, autonomo gisa alta hartu ostean 24 hilabetekoa zen langabezia-prestazioa kobratzen jarraitu ahal izateko epea; orain, epe hori 60 hilabetekoa da. Hau da, lehen, pilatutako langabezia izanez gero, hura galdu egiten genuen 24 hilabetez autonomo gisa alta emanda egon ostean, eta ezin genuen kobratu baja hartu ostean. Orain, muga hori 60 hilabetekoa da.

 

Langabeziaren % 100eko kapitalizazioa

Orain arte, 35 urtetik beherako emakumeek eta 30 urtetik beherako gizonek bakarrik eska zezaketen langabeziagatiko kapitalizazioaren % 100a. Lege berriarekin, autonomo berri guztiek izango dute aukera hori.

 

50 euroko tarifa finkoa

Tarifa finko hori 2013ko otsailean txertatu zen eta, hasieran, 30 urtetik beherako autonomo berriek bakarrik eska zezaketen. Egiaz, Gizarte Segurantzako 55,78 euroko kuota bat da. Gainerako autonomoen protestak zirela-eta, 2013ko irailean ezabatu egin zen adin-muga, baina hura ez zen galtzen langileak kontratatuz gero. Lege berriari esker, langileak kontrata daitezke tarifa finko hori galdu gabe; tarifa 50 eurokoa izango da, 6 hilabetez. Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimek ere kuota murriztu hori eskatu ahal izango dute. Kasu horietan, eta desgaitasuna duten pertsonen kasuan, 12 hilabeterako kuota-murrizketa izango dute.

Denbora-tarte hori igaro ostean, tarifa finkoaren pertsona onuradunei honako murrizketa hauek aplikatuko zaizkie, alta hartu eta gehienez ere 18 hilabeteko epean:

  1. Kuotaren ehuneko 50eko murrizketa, atal honetako lehen bi paragrafoetan aurreikusitako hasierako epea igaro eta hurrengo 6 hilabeteetan.
  2. Kuotaren ehuneko 30eko murrizketa, a) hizkian adierazitako epea igaro eta hurrengo 3 hilabeteetan.
  3. Kuotaren ehuneko 30eko murrizketa, b) hizkian adierazitako epea igaro eta hurrengo 3 hilabeteetan.

 

Mendekotasun ekonomikoa duten autonomoak

Orain arte, langile bat kontratatzean galdu egiten zen ekonomikoki mendekoa den autonomoaren baldintza. Legedia berriari esker, ekonomikoki mendekoak diren autonomoek (salmenten % 75 baino gehiago bezero bakar bati fakturatzen dioten autonomoek) langile bat kontratatu ahal izango dute, honako kontziliazio-egoera hauetan:

  1. Haurdunaldian zehar edo bederatzi hilabetetik beherako haurraren edoskitze naturalean arrisku-egoerak daudenean.
  2. Amatasunagatiko, aitatasunagatiko, adopzioagatiko edo harreragatiko –aurreadopzioa nahiz behin betikoa– atsedenaldietan.
  3. Beren kargura dituzten zazpi urtetik beherako haurrak zaintzeagatik.
  4. Beren kargura mendekotasun-egoeran dagoen senitartekoren bat dutenean; hark bigarren mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna izan beharko du, eta mendekotasun-egoera behar bezala egiaztatu beharko da.
  5. Beren kargura ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa duen senitartekoren bat dutenean; hark bigarren mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna izan beharko du, eta desgaitasuna behar bezala egiaztatu beharko da.

Besteren konturako langile bat bakarrik kontratatu ahal izango da, baita arestian aipatutako bi egoera edo gehiago ematen badira ere.

 

Senitarteko laguntzaileak

Senitarteko laguntzaileek hobari bat jaso ahal izango dute langile autonomoen araubide bereziko Gizarte Segurantzako kuotetan, gehienez ere 24 hilabetetan: hobari hori % 50ekoa izango da lehen 18 hilabeteetan eta % 25ekoa hurrengo sei hilabeteetan.

 

Lan-bazkideak sartzea

Urteko 800 euroko hobaria hiru urtetan, lan-bazkideak kooperatibetan eta lan-sozietateetan errazago sar daitezen. 30 urtetik beherako gazteen kasuan (35 desgaitasuna duten pertsonen kasuan), zenbateko hori 1.650 eurokoa izango da lehen urtean.
Gaztenpresan, ekintzaile gisa zure egunerokotasunean eragiten dizuten aldaketa edo arau guztien berri ematen jarraituko dizugu. Jar zaitez gurekin harremanetan zalantzaren bat izanez gero.

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?